Abeslariak

Gabarain Urteaga, Marina de

Donostian 1917an jaiotako mezzosoprano gipuzkoarra. 1972an hil zen.

Ikasketak Londresko Royal School of Music zentroan burutu zituen eta 1946an bertan ARCM titulua eskuratu zuen (Musika Eskolako Kidea). Era berean Alemaniako lieder ikasi zuen Helena Gerhardtekin, Frantziako musika Pierre Bernacekin eta Italiako kantua Paisekin.

Laureate Diplomatua Saria jaso zuen 1946ko Genevako Nazioarteko Musika Joaldi lehiaketan.

Profesional bezala Ingalaterran egin zuen debuta berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran BBCk emandako saioarekin. Espainiako eta iberoamerikako abestiak eskaini zituen. 1952an Glyndebourne Jaialdian Rossiniren La cenerentola pieza kantatzeko gonbidapena luzatu zioten, Vittorio Guiren zuzendaritzapean alegia. Emanaldia 1955ean Edinburgoko jaialdian eta 1956an Hanburgokoan ere eskaini zuten. Gerora Glyndebourne Jaialdian berriro eman zuten.

Covent Garden aretoan ere aritu zen Carmen, Rosina eta Azucena pertsonaiak antzezten. 1954an Bartzelonako Lizeoan eta Berlinen debuta egin zuen La cenerentola-ko Angelinaren papera hartuz. Montecarlon ere debuta egin zuen pertsonai bera antzeztuz.

1956an Buenos Airesko Colon Antzokian kantatzeko gonbidapena jaso zuen Juan Jose Castroren Bodas de Sangre opera lanaren estreinaldian.

Bere karreran zehar oso zuzendari ospetsuekin egin zuen lan: Leopold Stokowski, Ernest Ansermet, John Barbirolli, Lorin Maazel eta Ataulfo Argenta.

G. Villa italiar enpresa gizonarekin ezkondu eta gero bere karrera bertan behera utzi bazuen ere, 1964an Pretorian berriro itzuli zen eszenatokietara.

Bere karreran zehar burutu zituen grabaketen artean honako hauek azpimarratzekoak dira: Rossiniren La cenerentola Emi disketxearekin, Amor brujo Decca etxearekin, Fallaren Siete Canciones Populares Españolas Sir John Barbirolliren zuzendaritzapean eta Alonso de Mudarra eta Obradorsen Abestiak Julian Breamekin.