Politikariak eta Kargu publikoak

Irujo Ollo, Manuel de

Politikari nafar nazionalista. 1891ko irailaren 25ean jaio zen Lizarran eta 1981eko urtarrilaren 1ean zendu zen.

Daniel Irujo y Urra abokatuaren semea zen. Aita Deustuko irakasle ere izan zen eta Aranaren nazionalismoa Nafarroan bultzatu zuena. Urduñako jesuiten ikastetxean egin zituen batxilergo ikasketak. Ondoren, Filosofia eta Zuzenbidea ikasi zuen Deustun, Salamancan doktoratu zelarik.

EAJ alderdiko afiliatu egin zen 1908an. Hiru urte beranduago (1911) Lizarrara itzuli zen bere aitaren heriotza zela-eta. Bere anaia txikiak baino dezente zaharragoa zenez, aita modura jardun zuen haiekin. Lizarrako Euskal Etxea sortu zuen. Hain zuzen, herri horretan hasi zuen bere ibilbide luzea. 1919an foru-diputatu izateko hautatu zuten (akta bertan behera geratu zen) eta baita 1921-1923 bitartean ere. Aurrez, 1918an, alargun geratu zen.

Karguan izan zen denboran Nafarroako lugorrien eta latifundioen arazoaren gaineko kezka azaldu zuen eta nekazaritza arloko erreforma bat ere proposatu zuen, lurrak errentariei ematea eskatuz. Dena den, ezin izan zuen asmoa gauzatu, izan ere, lur-jabeak aurka azaldu ziren.

Bere ekimenez eta Eusko Ikaskuntzaren babesarekin sortu zen 1921ean Nafarroako Aurrezki Kutxa. 1923an Nafarroako foru-diputatu izateko hautatu zuten berriz ere, baina akta bertan behera geratu zen Primo de Riveraren diktadura iritsi zelako. Gainera Irujo espetxeratu egin zuten.

1930ean Primo de Riverak dimisioa eman zuen eta Irujo Nafarroako Probintziako Korporazioan sartu zen berriz ere. Beste urtebete egon zen bertan.



Eusko Ikaskuntzako kidea izan zen eta 1932az geroztik Batzorde Iraunkorraren Administrazio Orokorreko batzordekide izendatu zuten. Bere esku-hartzea garrantzitsua izan zen, batez ere, Nafarroari dagokionez, non Historia Kongresua baitzen ospatzekoa (Lizarra, 1936). 1933ko Aberri Egunean euskal kulturaren astea antolatu zen Donostian. Bertan Irujok Nacionalismo e Internacionalismo gaia plazaratu zuen.

1933ko azaroaren 19ko parlamentu-hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun izateko hautatu zuten. 1934an euskal udalerrien auzian, abokatu gisa, auzipetutako alkate euskaldunek behe auzitegien sententzien aurka ezarritako errekurtsoak defendatu zituen Auzitegi Gorenean. Berak ere aktiboki parte hartu zuen asaldura zibil hartan. 1936ko urtarrilean, Gorteetako diputatuak hautatzeko hurrengo hauteskundeei begira, Vatikanoko Estatuaren Idazkaritzak egindako gonbitari erantzunez, Erromara joan zen EAJko beste pertsona batzuekin batera, baina ez zuen inolako adostasunik erdietsi Auki Santuarekin. Akta eskuratu zuen berriro.

Donostian 1936ko uztailean jazotako altxamendu militarraren berri izan zuenean, Lasarte diputatu nazionalistarekin batera, Irujo Gobernu Zibilera bertaratu zen ohar bat entregatzeko. Ohar hartan, ordezkatzen zuten gutxiengo parlamentarioaren izenean, dei egiten zitzaien indar armatuei eta herritarrei "legezko botere legala babesteko, mugimendu militar matxinatuari aurka eginez". Oharra irrati bidez zabaldu zen han-hemen eta EAJ eta Euzkadi Buru Batzarreko goi-agintariek gaitzetsi egin zuten erabat. Hala, Donostian batzarturik, EBBak "oharra baliogabetuko zuen testu bat" argitaratzea adostu zuen. Dena den, Gipuzkoako hiriburuan izan ziren liskarren ondorioz, azkenik, ez zen kaleratu. Laster EAJk beste ohar bat argitaratu zuen Bilboko Euzkadi egunkarian, Irujo eta Lasarteren iritziarekin bat eginez. Irujok hastapenetik izan zuen altxamenduaren aurkako iritzia. Horrek eragin handia izan zuen Fronte Popularrak euskal nazionalismoari zion errespetuan. Gipuzkoako indar leialetako burutako bat izan zen eta Loiolako goarnizioko buruzagiekin errendizioa eman zezaten garatutako negoziazioetan esku-hartze adierazgarria izan zuen. Halaber, Azpeitiko Komandantzian (Gipuzkoa) gogotik aritu zen jardunean. Hala, Euzko-Gudarostea delakoa kudeatzeko batzordeko kide izan zen eta, horrez gain, probintziaren erdialdeko zonaldeko jurisdikzioan barneratzen zen herri hartako Defentsarako Batzordeko presidente. Defentsako Batzordeak ugaldu zirelarik anabasa sortu zen. Horregatik, Irujok Gipuzkoakoari Eusko Jaurlaritza berehala eratzea proposatu zion, Estatutuaren onarpenaren zain egon gabe, izan ere, jadanik 5 urte igaroak ziren, Madriletik ebazpena noiz helduko zain. Gipuzkoako Defentsa Batzordeak proposamena onartu zuen baina ez horrela Bizkaikoak, izan ere, bigarren probintziako batzordearen ustez, aldez aurretik, ezinbestekoa zen Estatutua onartua izatea. Egoera horretan, Alvarez del Vayo kargu bat eskaini zion Irujori Largo Caballerok gobernatzen zuen Errepublikako Gobernu berrian. Kargu hori Jose Antonio Agirreri eskaini zitzaion aurrez. Irujok eta EAJk Estatutua berehala onar zedila ezarri zuten baldintza modura. Puntu hori bermatuta, irailaren 25ean Gaceta de Madrid argitalpenean Irujo sailik gabeko ministro izendatua izan zela iragarri zen.

Euskal Estatutua urriaren 1ean onartu zen legez, Gorteetan bozketa egin ostean. Ordura arte gerra leuntzearen alde gogor borrokatu zuen eta ministro gisa ere hori izan zen bere helburu nagusietako bat. Horrela, izendapena jaso eta gutxira mugimendu militarrarekin kolaboratzeaz salatuak izan ziren lau pertsonei ezarritako heriotza-zigorra bertan behera uztea lortu zuen. Ondoren, Espainiako Gobernuaren bigarren berrantolaketan (maiatza) Justizia saila esleitu zitzaion. 1937ko ekainean, Euzkadi Buru Batzarrak hala agindu ostean, dimisioa eman zuen ministro modura "Errepublikako Gobernuak Euzkadi babesik gabeko egoeran utzi zuelako".

Erbestean Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Ligako funtsezko kidetako bat izan zen. Europako Gerra lehertzean, Agirre jadanik desagertuta, Euskal Kontseilu Nazionaleko buruzagitza hartu zuen Londresen (1941) eta akordio bat sinatu zuen De Gaullerekin etorkizuneko Europari so (Muga, 13. zenbakia). Hurrengo urtean, Mendebaldeko Europako Herrialdeen Batasun Kulturalaren (Herrien Europa, Etniena) sortzailetako bat izan zen. Euskal multzoa sortu zuen Portugal eta Kataluniarekin Batasun Federala gauzatuta eta ondotik Federalisten Europar Batasunean sartzea erdietsi zuen. 1944an Nazioen Komunitate Iberikoen Aldeko Komiteko kide izatera pasa zen (Londres). 1945ean Ekin argitaletxeak Comunidad Ibérica de Naciones argitaratu zuen, lau hizlariren lankidetzaren ondorioz: Armando Cortesao portugaldarra, Luis Araquistain espainiarra, Carlos Pi Suñer kataluniarra eta Manuel de Irujo euskalduna izan ziren, hurrenez hurren, egileak. Hitzaldiak 1944an eman zituzten Londreseko Euzko-Etxean. 1945ean Espainiako Errepublikako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Nabigazioko ministro izendatu zuten erbestean eta baita Justizia sailekoa ere 1946-1947 bitartean. Urte horietan Hagako Europako mugimendua sortu zen. 1948an Pariseko Euskal Delegazioaren lokaletan, aipatu mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federala sortu zen. Irujok Kontseilu Federal horretan joera guztiak batu zituen: kristau-demokratak, sozialistak, liberalak, kataluniarrak eta euskaldunak. Nazioarteko Ekipo Berriak gehitu zitzaizkien aipatu joerei, Europaren eraketan zeregin garrantzitsua izan zutenak. Salvador de Madariaga izan zen lehen presidentea eta Irujo presidenteorde. Ondoren, Salvador de Madariaga irten ostean, presidentetza eskuratu zuen.



50eko hamarkadan Kontseilu Federal horrek ikerketa-jardunaldi batzuk antolatu zituen Irujok diruz lagunduta, betiere, Pariseko Euskal Delegazioan. Eta 1951ko otsailaren 1ean, azkenik, Euskal Kontseilua eratu zen Europako Federazioarekin, aipatu joera eta ordezkariekin. Horrez gain, Langile Kristauen Gazte Federalak batu ziren Batutako Europa baten xerka eta baita Nazioarteko Ekipo Berriko Gazteak ere. 1972an Europako Mugimendu Federalistako Kongresua egin zen eta Irujo Europako Mugimenduaren Penintsulako Kontseilu Federaleko ohorezko presidente izendatu zuten. 1974ko urriaren 20an Asisen Kristau-demokrata gazteen Europar Batasuneko Kontseiluaren Batzorde Exekutiboaren bilera egin zen. Irujok Europako Kristau-demokrata gazteen saria jaso zuen "giza eskubideen eta Komunitate Etniko eta Kulturalen Europa baten alde egindako lanagatik". Europaren Lagun izendatu zuten eta Urrezko domina jaso zuen.

1977ko martxoaren 25ean erbestetik itzuli zen eta Nafarroako senatari izendatu zuten, EAJ, PSOE eta ESEI alderdien Itun Autonomikoari esker. Beranduago, 1979an, Nafarroako foru-legebiltzarkide ere izendatu zuten Iruñetik (hiriburua).

Bere izaeraren ondorioz, arrasto sakona utzi zuen bere alderdiaren politikan eta Nafarroan irujismo gisa ezagutzen dena sortu zen, hots, lurralde horretan euskal nazionalista izateko modu jakin bat adierazten duen adierazpidea. Giza zintzotasunaren adibide garbia izan zen, politika arloan garatutako militantziak eta egoera zailenek eskastu ez zutena. Monrealen hitzetan:"Bateragarri egin zituen, alde batetik, ortodoxiarekiko eta alderdi batek eskatzen duen diziplinarekiko leialtasun zorrotzena eta, beste alde batetik, bere ustetan euskaldunon herriak zituen interes orokorrarekin lotu zituen"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bere idatzizko ekoizpena ugaria da eta haren balioa gorabeheratsua da. Honatx bere izenburu adierazgarrienak: Instituciones jurídicas vascas eta Inglaterra y los vascos, biak 1945ean Ekin argitaletxeak editatuak, Buenos Airesen, 144 eta 444 or. hurrenez hurren; Un vasco en el ministerio de Justicia, Ekin, Buenos Aires, 1976, 273 or.; La guerra civil antes del Estatuto, E.D., Madril, 1978, 115 or. Alderdi argitalpenean egindako kolaborazioak Escritos en Alderdi bilduman gordetzen dira, Bilbo, I. liburukia (1949-1960) eta II. liburukia (1960-74). Halaber, Escritos desde el Partido Nacionalista Vasco (Bilbo, 1982) lanean bere ekoizpena jasotzen da. Eman zituen eta argitaratu ziren elkarrizketen artean Eugenio Ibarzabalek egindakoa nabarmentzen da. Bertan Irujori zegozkion bizitasun eta sinpletasuna uztartzen dira (Erein, 1977, 167 or.).