Monarkia eta noblezia

Iñigo Iñiguez Arista

Enneko Enekez; Eneko Aritza.

Iruñako lehen erregea eta Erresumaren eta leinuaren sortzailea.

IbnHaiyan historialariaren testu berrien agerpenera arte ezer gutxi genekien Ennekori buruz. Testu berrien arabera Eneko Enekez edota, gauza bera dena, Iñigo Iñiguez deitzen zena dakigu. Egia esan, 812an alaba ezkondu bat izanak 780 edo beharbada arinagoko urteren baten jaio zena uste izatera garamatza. Enekez patronimikoak aurreko beste Eneko baten semea zela adierazten digu. Dena delakoa dela, Rada, Ibn Haiyan eta Meyako Kodexak edo Rodakoak, iruñarren lehen erregea izan zenari buruz bat datoz.

Meyako Kodexa:

"Ordu numerum Regum Pampilonensium, ...nneco cognomento Aresta".

Kodexaren beste toki batean, errege berari buruzko aipamen bat irakur daiteke, bere errege titulua aipatu gabe baina: "...et accepti alia uxor filia de Enneco Aresta." Levi-Provencal eta Garzia Gomezek argitaratutako Ibn Haiyanen testuetan "El Vasco" izengoitiz izendatzen da Eneko, edo nahi baldin bada "El Vascón": "Garsiva ibn Wannako al-Bascunisi". Bere izen eta patronimikoz egile berarengan honako hauxe irakur daiteke: "Amana Wannako ibn Wanniko [Eneko Enekez] Muzaren amaren nebarekin bildu zen...". Aurkikuntza horiek egin zirenera arte Iñigo Jimenez, inolako frogarik gabe, esaten zen. Iñigo Jimenez, bai izan zitekeen Ennecoren aita, bere patronimikoa zein izan zen ez dakigun arren. Baina, gainera, bigarren zerrenda baten buru den Garzia Jimenezen anaia den beste Iñigo Jimenez bat ere badago, biak errege titulurik gabe baina. Edozelan ere, egitateen testuinguruak genealogia hori litekeentzat ematea dakar: Sendia horren jatorriari buruz, Ximenez de Radaren (itzulp.) lekukotza besterik ez dugu:

"....gaztetatik gudetara eta erasoaldietara ohitutako Bigorciako Konterritik gizonezko bat iritsi zen, eta borrokaldietan zuen gogortasunagatik, Arista izena eman zioten."

Arista, egungo grafian Aritzaren pareko da, "Haritza", "Sendoa". Eneko Arista, beraz, jatorriz Bigorriakotzat jo dezakegu.