Zinekoak

El Mayorazgo de Basterretxe

Metraje luzeko film hau Mauro Azkona barakaldotarrak egin zuen 1928an.

Pierre Lhanderen ideia batean oinarrituta, Mauro eta Victor Azkona anaiek idatzi zuten gidoia, produkzio lanak ere egin zituzten, eta Victorrek, horrez gain, argazkia.

Zintan Basterretxe familia agertzen da, irudizko Aizgorri herriko baserrian pozik bizi dena. Alaba Maritxu da (Margarita Arregi), eta Txominekin (Orlando Villafranca/Francisco Veintemillas) dago maiteminduta. Semea Josetxu da (Eduardo Morata) eta itsasoa maite du. Timoteo jauna (Victor Barguillo) filmeko lukurra da, eta Josetxuren grinaz baliatuko da Basterretxeko baserriaz jabetzeko. Egun batean Tasio, Basterretxeko jabea hilda agertu da eta Txomini leporatu dioten arren, Mirentxuk ez du inola ere egia dela sinistuko, ezta baserriko morroiek ere -Patxinek (Josetxu Frias) eta Ramonak (Elvira Castro)-. Josetxuk ezin dizkio Timoteo jaunari zorrak ordaindu, eta horrek aukera ikusten du baserria bahitu eta horretaz jabetzeko. Baina bitarte horretan, Txomin aldatu egingo da bere osaba baten etxean, eta herrian lortu ezin izan zituen kulturaren nahiz gizarte mailaren jabe dela agertzen da. Bere osabak emandako diruaz bere Basterretxe maitearen bahitura ordaindu egingo du. Bahiturako ekitaldian herriko alkatea ere agertzen da, eta Timoteo jauna bera atxilotzeko agindua ematen du, Tasioren hilketa leporatuta... Orduan Lagarto agertuko da (J. Salamanca), eta egia aitortuko du hilzorian dagoela. Horrela, dena geratzen da konponduta pertsonaia guztien artean: ama-semeak, Mirentxu eta Txominen eta ... Patxin eta Ramona ere bai.

Film aitzindari honetaz gordetzen diren kartel, publizitate edo esku programek ederto islatzen dute Azcona anaiek zuten helburua, zinema abentura honetan sartu zirenean. Esate baterako, Donostiako Principe Antzokian proiekzioa iragartzen zuen publizitateak honela zioen: "Eskualdeko gertaera zinematografikorik handiena da. Bertako film honetan euskal giroa, euskal artistak, euskal paisaiak eta euskal ekoizpena daude. Dena da euskal jatorrikoa film honetan, pasa den mendeko ohiturak erakusten baititu, eta errealismo handiz agertzen dira pantailan, inolako gasturik baztertu gabe". Esku programak azalpen hau ematen zuen filmari buruz: "Film honetan ederto ikus daitezke nolakoak ziren pasa den mendeko euskal ohitura xume eta patriarkalak. Baserria maitatzea, itsasoaren grina sentitzea, amodio xamurrak izatea. Zekenkeriaren eta lukurreriaren aurka egotea. "Euskal Herriko antzina-antzinako ohiturak eta bizimodua goraipatzea (lurra landu eta itsasoa bizitu) melodrama honen ezaugarri nagusia da. Horren irudiak hurbilago daude garai hartan goraka zihoan euskal abertzaletasunetik Edurne, modista bilbaína (1924) "proletario" film aurrekaria baino. Dena dela, Mauro Azkonak parte hartu zuen Edurne, modista bilbaínaren filmazioko zuzendaritza-laguntzaile lanean, eta Telesforo Gil del Espinarren gogo biziak bultzatuta hasi zen bere kabuz zinean. Gainera, Gil del Espinarrek bezala, eragozpenak izan zituen bere proiektua burutzeko. Filmazioan zehar izan zituen diru arazoak. Prostitutarena egiteko benetako profesionalengana jo behar izan zuen, benetako aktoreek ez baitzeuden horrelakorik antzezteko prest. Eta ez hori bakarrik, oztopo horietaz gain, Gobernadore Zibilaren jazarpen politikoa jasan behar izan zuen, izan ere, hasiera batean, gidoia irakurritakoan, dantza folkloriko batean ikurrina agertzea debekatu zuen. Beste egun batean, filmeko aktoreek eta estrek garaiko arropak jantzita joan behar izan zuten Bilbon zehar filmatzeko lekuraino, eta Azcona anaiek Gobernadorearen ohar bat topatu zuten hurrengo egunean egunkarian, baimenik gabeko agerraldi folklorikoak debekatzen zituena.

El mayorazgo de Basterretxe 1928ko abenduaren 19an eman zuten lehen aldiz Donostiako Principe Antzokian. Jendaurrean eta kritikarien artean arrakasta izan zuen, egindako ditu gastua amortizatu ez zuten arren. Zoritxarrez, estreinaldia film soinudunak agertzearekin batera egin zen, eta horrek alde batean baztertu zuen Azcona anaien filma Madrilen edo Bartzelonan erakusteko aukera, eta horrekin batera, Euskal Herrian sormen zinematografikoaren oinarriak egitekoa. El mayorazgo de Basterretxek Edurne, modista bilbaínak baino zori hobea izan zuen eta gaur egun arte iraun du. Izan ere, Bilboko Zine Dokumentalaren eta Laburmetraien Nazioarteko Lehiaketan merezi zuen omenaldia egin zioten film aitzindari honi eta egileei 1978an. Gaur egun Euskadiko Filmategiak gordetzen duen harribitxietako bat da, dudarik gabe.