Literatoak

Duny-Pétré, Pierre Adrien

Hegitoa, Piarres.

Donibane Garazin jaio zen (Nafarroa Beherea), 1914ko apirilaren 3an, eta 2005eko martxoaren 24an hil.

Nafarroa Behereko pertsonaia polifazetikoa dugu. Aduanazainez eta artisauez osatutako familia batean hazi zen. Filosofia ikasi zuen, eta pentsamendu estoikoaren jarraitzaile sutsu bilakatu zen. Argelesko kontzentrazio-eremua kontrolatzen zuen Frantziako ehiztari alpinoen errejimenduko kide izan zen. Espainiar errepublikanoak pilatzen zituzten bertan, egoera tamalgarrian, eta senitartekoen hitzetan, orduan erabaki zuen zeintzuk izango zituen bizitzan konpromiso.

Gerra-presoa izan zen, Somme-ko batailaren ondorioz, eta 1942an, Alemaniara ihes egitea lortu zuen, bost saialditan porrot egin ostean. Erresistentziaren Armada Sekretuan sartu zen, haren osaba Jean Pétré koronelaren agindupean. Gero, Gestapoak atxilotu, eta Büchenwald-era erbesteratu zuten. Pierre Duny-Pétrék Marseillako askapenean parte hartu zuen, eta intsignia ugari jaso zituen. Quelques basques dans la tourmente (1939-1945) izeneko autobiografia laburrean, bizitzako pasarte horri buruz idatzi zuen. Haren gurasoak Kongo Frantseseko funtzionarioak ziren. II. Mundu Gerra pil-pilean zegoela, Vichy-ren erregimen kolaborazionistak kargutik kendu zituen, eta Donibane Garazin eraiki berria zuten Hegitoa etxea Wehrmart aleman indarrek hartu zuten.

Clermont-Ferrand-en polizia-komisario izan zen, eta kontraespioitza zerbitzuetako komisarioa, Marseillan eta Frantziako beste hiri batzuetan. Faxismoaren kontrakoa zen guztiz, eta Frantziako gobernu konstituzionalarekin leial izan zen, Arjelgo Putsh-ean. De Gaulle jeneralak pertsonalki zorionak eman zizkion harengatik.

Euskaltzalea zen: 1963an Enbata mugimendua sortzerakoan sartu zitzaion abertzaletasuna. Lehenago ere, idazle gisa aritua zen, euskaraz bereziki, eta hainbat argitalpenetan lan egin zuen, besteak beste: Gure Herria, Elgar, Herria, Gure Almanaka, Eusko Gogoa, Enbata, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Aldizkaria, eta Principe de Viana. Haren idazlanen artean, nabarmena da Basa Jaunaren mitoari buruzko ikerketa, Société de Sciences, Lettres et Arts de Bayonne elkarteak 1960an argitaratu zuena. René Lafon hizkuntzalariaren eta Norbert Tauer txekiar euskalariaren lagun mina zen, eta 1963an Euskaltzaindiko akademiko urgazle izendatu zuten.

1972an, erretiratzeko 48 ordu baino gutxiago falta zitzaizkiola, Mauleko Aberri Egunean desfilatu zuen. Lankide batek salatu zuen, eta Polizia Nazionalaren zuzendariak Frantziako Herrizaingo Saileko Ministeriora bertaratzeko deitu zion. Bertan, ohartarazpen gogorra egin zioten manifestazio "separatista" batera joateagatik, eta erretiroko kalte-ordainak kentzearekin mehatxu egin zioten. Pierre Dunny-Pétrék lanak bidaltzen jarraitu zuen Enbata astekarira, Jon Donipetry ageriko ezizenarekin, eta Euskal Batasuneko eta Abertzaleen Batasuneko kide egin zen.

80. hamarkadaren amaieran, Eusko Folklore urtekarian (1987ko 34. zk. eta 1988-1989ko 35 zk.) Nafarroa Behereko haurren ohiturei buruzko Xirula mirula obra argitaratu zuen, publiko zabalarentzat berriz editatuta.

Horrez gain, ipuin-bilduma bat eta kondaira herrikoiak argitaratu zituen: Ipuinak. Ahozko euskal literatura Garazin eta Jean Pétré koronelaren biografia bat. Dunny-Pétrék alde poetikoa ere bazuen, eta Euskal Herriko aldizkari ezberdinetan euskarazko olerki ugariak dira horren isla.