Literaturakoak

Peru Abarka

Balio literarioen artean aipagarriak dira Peru eta Maisu Juanen arteko jokoa eta kontrakotasuna, hitz lauaren eta hitz neurtuaren eta halaber estiloen, generoen eta gaien barietatea, bai eta elkarrizketa, deskripzio eta erretrato batzuen bizitasuna eta atsegina.

Ideia eta errealitate elkarren kontrakoak mamitzen dituzte Peru baserritar, euskaldun eta kristau onak eta Maisu Juan kaletar, unibertsitate tituludun eta euskaldun txarrak. Pertsonaia errealista eta begikoena, baina, Maisu Juan bera da, bere hantuste, maltzurkeria, hots handiko hitzezko jakintza eta euskara traketsarekin. Kontakizunean edo elkarrizketetan txertaturiko kantu edo bertso eta neurtitz ugariren eta molde aberatsekoen bidez Mogelek erakutsi nahi du euskara gai dela poesia eta musikarako. Ugariak dira esaerak ere, hizkuntzaren aberastasunaren erakusburu gisa nahiz erretorika asmoz erabiliak.

Aipagarriak dira ere elkarrizketa batzuen bizitasuna (bentako andre eta neskamearekiko eszenan, I. eta II. solasaldian), deskripzioak (ola, lino-lanak), erretratoak (koplaria, bentako andrea, aguazila, ola-gizonak), umorea eta ironia.

Peru Abarka euskal hitz lau literarioaren hasieratzat jo izan da, zentzu estuan. Gainera, Mogelek estilo eta erregistro barietatea bilatzen du. Hori erakusten dute Peruren mintzaira oparoak eta erretorikoak, baita latinezko klasikoen itzulpenek. Hortaz, Peru Abarka euskararen balioari buruzko diskurtso pertsuasibo atsegina da, Maisu Juanek ordezkatzen duen euskal elite kultoari zuzendua. Peruren eta elizgizonen ahoko euskara garbi, aberats, jator eta eredugarria tresneria erretoriko joriz adierazia da, batez ere ideien azaltze eta hedatzearen aldetik (parafrasi eta deskripzioen bidez), argitzearen aldetik (definizio etimologiko, esaera eta pertsonifikazioaren bidez) eta adieraztearen aldetik (sinonimia, enumerazio, anafora eta paralelismoaren bidez).

Bestalde, Peru Abarka balio etnografiko handikoa da. Liburu aberatsa da langintza mota, hitz tekniko, ohitura, pentsabide eta, oro har, zerzelada eta jakingarri asko daukalako, garaiko euskal gizartearen dokumentu eta argazki oso interesgarria izanik.