Monarkia eta noblezia

Bonaparte, Napoleon

Napoleonen armadak Europan zehar zituen gatazken artean, enperadoreak bere estrategia politiko-militarra etsai nagusia isolatzeko helburuarekin prestatu zuen, hau da, Ingalaterra isolatzera.

Horretarako, herrialde horrek Portugalekin zuen komunikazioa moztu behar zuen, hori baitzen haren aliatu nagusietako bat. Napoleonek, lehendik ere Godoyrekin akordioak hitzartuta zituenez, lortu zuen balidoak baimena ematea frantziar tropek Espainia gurutza zezaten Portugal inbaditzeko. Baimen horren truke, Napoleonek Algarben erresuma bat emango ziola agindu zion (Fontainebleauko Ituna, 1807).

Tropa frantsesak penintsulan sartzen hasi ziren 1808. urtearen hasieran, baina urte horretako martxoan, enperadorearen planak kili-kolo jarri ziren, balidoa erori egin baitzen politikoki Aranjuezko matxinadaren ondorioz; tronurako ondorengoak berak, Fernandok, zuzendu zuen matxinada. Gertakari horien ondoren, enperadoreak planak aldatu behar izan zituen, eta Espainian dinastiaz aldatzea erabaki zuen.

Napoleon Baionara heldu zen 1808ko apirilaren 14an, eta egun gutxira Marracq gazteluan jarri zen bizitzen.

Apirila horretako hurrengo egunetan Karlos IV.a erregea eta haren emazte Maria Luisa eta Fernando VII.a, aita tronutik kendu zuena, heldu ziren Baionara. Napoleonek hara joateko deialdia egin zien, haien arteko gatazkan bitartekotza-lanak egingo zituen aitzakian; alabaina, haren benetako xedea zen biek tronua uztea. Artean, Espainian herri-altxamenduak egon ziren; herria frantziar armadak herrialdea okupatzeko asmoa zuela ohartu zen, eta maiatzaren 2an tropa inbaditzaileen kontra altxatu zen Madrilen. Enperadoreak egun batzuk geroago izan zuen gertakari horien berri.

Maiatzaren hasiera aldera, Napoleonek Fernandok koroari uko egitea lortu zuen, haren aitaren mesedetan, baina ez zekien aitak ordurako enperadoreari berari eskubideak utzi zizkiola. Hilabete horretako 10aren eta 12aren artean, Fernando VII.a eta infanteak Baionatik irten ziren Valencay aldera, eta Karlos IV.a eta Maria Luisa Fontainebleaura abiatu ziren.

Napoleonen asmoa zen haren anaia Jose, Napoliko erregea, izendatzea Espainiako errege, eta, erabaki hori berresteko, handikien bilera bai deitu zuen ekainaren 15erako Baionan. Bilera horri Baionako Batzar deitu zitzaion gerora, eta deialdia 1808ko maiatzaren 24an argitaratu zen Gaceta de Madrid egunkarian. 150 bat pertsonari egin zien deialdia, baina horietako asko ez ziren bertaratu, ez baitzeuden gobernu frantsestuaren alde. Bileran, aurrez Napoleonek eta Maretek idatzitako konstituzio bat onartu zuten, bertaratuen testuari egindako iradokizun batzuk ere jasotzen zituena. Konstituzioak, Baionako Konstituzioa izenez ezagutzen denak, sistema politiko berri bat ezartzen zuen Espainian, askatasun jakin batzuk onartzen zituena, hala nola, inprenta-askatasuna, norbanakoen askatasuna, berdintasuna, etab. Askatasun horiek onartzeak pribilegio, foru eta zerga-desberdintasun batzuk kentzea zekarren.

Uztailaren 7an amaitu zen bilera-prozesua, eta egun horretan bertan zin egin zion Jose Bonapartek konstituzioari; uztailaren 9an errege berria Baionatik irten zen Espainiara bidean. Egun batzuk beranduago, Napoleonek hiri utzi eta Paurako bidea hartu zuen.