Argitaletxeak

Ekin argitaletxe

Isaac Lopez Mendizabalek eta Andres Maria de Irujok Buenos Airesen sortu zuten argitaletxea. Argitalpena "Biblioteca de Cultura Vasca" edo "Colección Ekin"en sorrera eta argitalpenarekin hasi zen. Lehenengo zenbakia Arturo Campionen El Genio de Navarra (Buenos Aires, 1942) lanaren berrargitalpena izan zen. Bilduma honetaz gain, jatorrizko kalitatezko bertsioek osatzen zuten bilduma. Ekin argitaletxeak euskarazko zenbait liburu argitaratu zituen, azpimarragarriena Juan A. Irazustaren Joanixio eleberria izan zelarik. Argitaletxearen gainontzeko bilduma berrogeita hamar bat lanek osatzen dute. Azpimarratzekoa da meritu handiko lan honen data hasiera, 1942. urtea, Espainian zegoen errepresioaren ondorioz euskal kulturak behea jo zueneko garaia. Liburuen artean aipatzekoak dira J.A. de Aguirreren De Guernica a Nueva York pasando por Berlín; Jesus de Galindezen Los Vascos en el Madrid sitiado; A. de Lizarraren Los Vascos y la República española; eta Isidoro de Fagoagaren Pedro Garat, orfeo de Francia. "Boletín Americano de los Estudios Vascos" argitaratu zuten, argitaletxea bera bezala Andres Maria de Irujok zuzentzen zuena. Esan behar da Ekin argitaletxeak buenosairestar Sebastian Amorrortu e Hijos inprimatzailearen laguntza garrantzitsua jaso zuela, Arana Goiriren garaiko erbesteratua eta haren lagun mina izana.

BEL

Erregimen frankista totalitarioak euskara eta euskal kulturaren gaineko politika errepresiboa eta 1939an hasiera eman zitzaion Europako gerra mundialak euskal gaiak Europan argitaratu eta zabaltzea eragozten zuen momentuan, Ekin Euskal Argitaletxearen ko-sortzaileek Euskal Kulturaren zutoihaldunetan bihurtzea erabaki zuten.

Hasieran, Lopez Mendizabalen etxean bertan lan egiten zuten, ondoren Peru kaleko 175. zenbakiko lehen solairura eraman zituzten bulegoak, bertan 1970ra arte egon zirelarik. Orduan LAURAK BATeko bulegoetara pasa ziren (hasieran bigarren solairuan "Euzko Deya" egunkariko erredakziotik hurbil eta ondoren Eusko Kultur Etxearen ondoan).

Ekin argitaletxearen lanak ez ziren Argentinan soilik agertzen, baita Amerika osoko herrialdeetan ere eta 1945etik aurrera, Gerra Mundiala amaitutakoan, baita Iparraldean, Frantzian eta Europako zenbait herrialdeetan ere.

MIZ

  • Ezkerro, Mikel: Historia del Laurak Bat. Urazandi bilduma, Gasteiz, Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua, 2003ko martxoa.

MIZ