Pintoreak

Arnoriaga Nagore, Vicente

1931ko apirilaren 14an, errepublika aldarrikatu zen egun berean Iruñean jaio zen Vicente Arnoriaga Nagore eskultore eta pintorea. 2010eko urtarrilaren 2an Palman hil zen.

Oso gaztea zela ezagutu zuen erbestea, gurasoek 1937. urtean Kubara ihes egin behar izan baitzuten. Urtebete beranduago, Arnoriega Nagore familia behin betiko finkatu zen Caracasen, aitak Lopez Contreras jeneralaren Venezuelako gobernutik gormutuen zentroa sortzeko jasotako eskaintzaren ostean.

Gazte zela ezagutu zuen marrazkiarekiko eta pinturarekiko zaletasuna. Iruñean peritutza industriala ikasten hiru urte eman ondoren, familiarekin itzuli zen, 1951tik 1957ra Caracaseko Arte Plastikoen Eskolan pinturako oinarrizko ikasketak egiteko. 1959an Italiara bidaiatu eta trebakuntza jaso zuen Arte Ederren Akademian eta Erromako Arte Institutuan eta bertan iritsiko da heldutasunera pintore gisa. Amerikara itzuli zenean, Caracaseko Mendoza Galerian berrogei olio-pintura, marrazki eta mosaikoz osatutako lanaren erakusketa egin zuen. Une hartan, El Nacional egunkarirako elkarrizketatu zuen Ratto Ciarlo kritikariak, sentsibilitate humanistaren zerbitzura jarritako egiteko modu espresionista egotzi zion. Une hartatik aurrera, erakusketa ugari egin zituen eta sari esanguratsuak irabazi zituen: D'Empaire Aretoko lehen saria (Maracaibo, 1961), Arturo Michelena Aretoko Marrazketa Saria (Valentzia, 1961), Emilio Bogenio saria (Valentzia, 1962) eta Edmundo Monsanto saria (Barquisimato, 1963).

Kritikari askok joera espresionista izaera sozial markatuarekin igartzen dute lehen obretan, baina pinturaren balio plastiko puruetatik urrundu gabe. Juan Plazaolak honela dio:

"Oso ondo jabetzen da gizakiaren interesak eta inguratzen duten gizakiaren arazoek ez dutela kezka eraikitzaile eta estetikotik aldatzera behartu behar. Berdin izango litzaioke abstraktuan adieraztea, funtsezkoa -orduan dagoeneko esaten du- norberaren bilaketan tematzea baita, norberaren izatean. Koloreekin, enpasteekin eta horiek duten ehundura materialarekin errealizatzen da. Erromatik macchiaioli italiarrak ikastetik itzulitako artista ikusten da berarengan"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

1965ean, Madrilgo El Bosco Galerian erakusketa egin zuen eta horri buruzko artikulua argitaratu zen ABC egunkarian, A. M. Campoy-k sinatuta. Honela zioen artikuluak:

"Arnoriagaren materia aberatsa da, batzuetan mineralizatuta dagoela dirudi, tipikoki abstraktuak diren ehunduretan ebatzia eta horien gainean ia haserretutako amerikanismozko motiboak diseinatzen dira: oraindik zer izango diren ez dakigun izakien proiektuak, baina Xochipinilli-aren -maitasun alaiaren eta dantzaren jainkoa- morfologiaren inguruan dabiltzanak edo agian eguzkia irentsi nahi duen jaguarraren inguruan dabiltzanak"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

1968an Donostian azaldu eta Udal Arte Aretoetan egin zuen erakusketa. Une hartan, kolorea albo batera utzi zuen une batez, marrazkian oinarritzeko. Urtebete geroago, Txistulariaren omenezko monumentua egiteko proposatu zioten, burdinez egindako eta Itziarren (Gipuzkoa) kokatutako eskultura-lana. Une hartatik aurrera, bai Venezuelan -Industria Diseinuko Eskolan klaseak emango ditu-, bai Euskadin, Arnoriagak eskultore-lana pintore-lanarekin txandakatuko du.

1973. urtean, Caracaseko eliza moderno baterako San Miguel goiaingeruari buruzko eskultura egiteko eskaera jaso zuen. Artistak forma abstraktuetako obra egingo du, goiaingeruaren izaera ikusezina gogoan izanda eta jainkotasuna indartzen saiatuz.

Terrakotaz edo brontzez egin ohi dituen eskulturak txikiagoak dira ia beti. Artistaren eskulturen artean hauek dira esanguratsuenak: Mujer acostada (1978), El hombre y la angustia (1979), Mujer sentada (1979) eta Cabeza (1979). Horietan gizakiaren ahultasunari buruzko ikuspegi triste, errukitsu eta ironikoa antzeman daiteke, samurtasunik falta ez zaiona.

1984an Iruñea eta Donostiara itzuli zen, Mis gordas y las amigas de mis gordas lanarekin. Honela azaltzen du Luxio Ugaldek:

"dimentsio berria bere pinturaren pinturan zentzu humanistaren bi alderdiak erabiltzeko halabeharrezko behar horren emaitza eta gizakiaren marjinazioak ezinbestean mintzearen noranzkoan"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Artistak berak honela dio:

"ohikoaren pertsonak dira, marjinatuak, pobreak, ez dute estresik sufritzen eta psikiatrarengana joatea ezin dute pentsatu ere egin. Seme-alabak izango dituzte eta erretratua egiteko eskatu didate, baina ezin dut, haurrek pena handiegia ematen didate"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Irudi horiek bakarka azaltzen dira batzuetan edo bikoteka, beste batzuetan talde txikietan, baina garaituta beti. Iruñera eramandako erakusketan gizartea ere erantzule den marjinazio eta abandonu horiez hitz egiten duten terrakotak eta brontze urtuak aurkezten ditu.