Mendiak

EVEREST

UIAA Eskalada eta Mendiko Nazioarteko Federazioaren bilera batean hartu zen bigarren espedizio bat antolatzeko erabakia; han jakin baitzen 1980. urterako baimena zuen Errusiako espedizioak bertaratzeko arazo larriak zituela. Hori horrela, hainbat gestioren ondoren, euskaldunek baimenaren transferentzia lortu zuten eta prestaketari ekin zioten. Horretarako aldundien, udalen eta Bilboko Aurrezki Kutxaren babesa jaso zuten. Aurrekontua txikiagoa izanik, partaide kopurua ere murriztu egin zen: 12 kide besterik ez.

Prestaketa fisikoa 1979ko udan amaitu zuten Peruko Andeetara egindako espedizioarekin. Taldekideen artean bost baino ez ziren 1974ko espedizioan egondakoak; gainerakoak mendizale onak izan ziren, eta horien artean Javier Garayoa medikua zegoen, 8.172 metroko Dhaulagiri mendiaren garailea. Juan Ignacio Llorente espedizioko buruak dioenez, elikadura, oxigenoa eta kanpalekuen kokapena hobetu egin zituzten eta azken erasoa Hego Lepotik antolatu zuten, 8.500 metroko  altueran zegoen azken kanpalekua kenduta. Horren ondorioz, erasoa gogorragoa zen; baina, egun bat gutxiago izanik, murriztu egiten zen eguraldi txarraren arriskua.