Musikakoak

Esku-dantza

Esku-dantza izenarekin dantza mota ezberdinak aurki ditzakegu: batetik dantzariek haien eskuen bidez soka bat osatzen dutena (bere garaian Juan Antonio Iztuetak Gipuzkoako dantza gogoangarriak (1832) liburuan jasotakoak) eta bestetik dantzariek haien eskuak elkarren kontra jotzen erritmikoki jotzen dituzteneko dantzak. Eskuak soinu-tresna bezala erabiltzen dira txalo jotzean; zenbait kantu eta dantzetan erabiltzen dira erritmoa markatzeko. Esku-dantza izeneko dantzan dantzariak eskuak jotzen ditu, bere eskuak bata bestearen kontra eta beste dantzarien eskuen kontra. Orokorrean dantza-joku edota irri-dantzen taldekoak dira, bikoteka dantzatzen dira eta koordinazioa lantzen dute.

Mugimenduak Euskal Herrian ezagutzen diren makil-dantza batzuen antzekoak dira, adibidez, Berakoak bezalatsu kolpatzen dira, baina honakoetan ez dago makilarik eta dantzarien eskuak jotzeko libre daude.

Beraien ezaugarrietako bat bere izaera soziala eta dibertitzeko gaitasuna da. Horregatik, hain zuzen, edozein tokitan egin izan dira: plazan, tabernan, etxean... Antzina ere lanarekin lotutako egoeratan ere dantzatzen ziren; gaur, aldiz, ume eta haurrek dantzatzen dituzte gehienetan eta oso ohikoak dira Dantzari txiki taldeetan.

Nahiko zabalduta izan da dantza (ez beste batzuk bezain beste, baina) eta adibidez Baztan, Oskotz, Olague, Luzaide, Imotz eta abarretan aurki genezake.

Musika eta koreografia aldetik nagusiena ariñ-ariñ edo porrusaldaren 2/4ko erritmoa da nagusi (Olague), baina badaude erritmiko puruak direnak (Baztan) edo polkaren tankera hartzen dutenak. Normalean, musika txistu eta danbolinarekin jotzen da.

Baztango esku-dantza ezagunenetarikoa da eta joku-dantzak edo irri-dantzen multzoan sailkatzen da beste dantzekin batera: katadera-dantza, itses-dantza, eskalapoin-dantza, paxa-dantza, zurrume-dantza, ipurdi-dantza, bizker-dantza, saskito-dantza edo almute-dantza eta abar dozena bete arte.

Doinua Lizarrako Hilario Olazaran Aitak Bertizaranan jaso zuen, Antonio Elizalde txistulariaren eskutik.

Dantzariak aurrez aurre bi lerrotan paratzen dira eta dantzatzen dute tokitik mugitu gabe. Dantzari bakoitzak bere eskuak eta aurrekoaren esku ahurrak kolpatzen ditu bere eskuekin konpas bitarrean. Bi eskuak aurreko dantzariarenen kontra; eskuin eskua eskuin eskuaren kontra, ezkerra ezkerraren kontra; txalo bularraren aurrean; txalo eskuin hankaren azpian; berdin ezker hankaren azpian; berriz ere bularraren aurrean; orain txalo bizkar aldean; bularraren aurrean eta bukatzeko lagunaren eskuen kontra. Eta dena errepikatzen da.



Bigarren aldean dena berdintsu egiten da, baina orain hanken azpiko txaloak egiten direnean, dantzaria jiratu behar du eskuin aldera buelta bat osatuz.

Melodia gero eta azkarrago doa. Eta hortik datorkio zailtasuna dantzari. Hortik eta egin beharreko mugimendu eta txalo guztiak oroitzetik. Errepikapen bakoitzak dakarren erritmo azkartzeak zailago bihurtzen du dantza bere onean egitea. Norbaitek huts egin behar du.

Zortzi konpasetako esaldi musikalak erabiltzen ez dituen dantza bakarrenetarikoa da esku-dantza.

Luzaiden esku-dantzaren adibide bat ezagutzen da, hainbat kantutegietan bildu izan dena (Aita Donostiarenean 1217 zenbakiduna). Dantza honek, lehendabiziko zatian eskuekin egiten diren zirrimarrengatik darama izen hau. Bigarren zatia bikoteka dantzatzen da, kontra-dantzetan bezalatsu. Polka des bebés edo Polka bebé izenarekin ere ezaguna da.

Miguel Angel Sagasetak (Sagaseta, 2011) idatzitako azalpenean honela irakur daiteke:

"Dantza honelatsu egiten da.

Lehenbiziko konpasaren lehen partean buruz buru dauden dantzariek elkarren eskuak jotzen dituzte eskuzabalekin buruaren parean edo. Lehenbiziko konpasaren bigarren partean: esku-zarta bat jotzen du nork bere eskuekin bularraren altueran.

Bigarren konpasean: hiru kolpetxo ematen ditu eskuzabalekin nork bere bi belaun gainetan lehenengo hiru kortxeekin batera. Mugida hau egiteko dantzariak uzkurtu egiten dira apur bat, kokoriko jartzera balihoaz bezala, baina gehiegi jaitsi gabe.

Hirugarren konpasean eta laugarrenean aurreko higidura berberak errepikatzen dira. Bosgarren konpasean eskuineko esku buruaren pareraino jaso eta behatz erakuslearekin aurreraka hiru kolpetxo erritmiko ematen ditu bakoitzak.

Seigarren konpasean gauza bera egiten du ezkerreko eskuarekin eta zazpigarren eta zortzigarren konpasak bitartean Inguru eta Jauzi txiki bat egiten."

Antzeko dantzekin gertatu den moduan, azken urte hauetan, dantzari-txiki taldeek eta haurrek egiten dute batipat.

Txaloak dira ere, Olagueko esku-dantzaren oinarria, artikulu honetan aipatzen den bezala.