Konposatzaileak

Escudero García, Francisco

Konpositorea. 1912ko abuztuaren 13 jaio zen Donostian.

Gipuzkoako hiriburuan bertan Kontserbatorioan eta Musika Akademian ikasi zuen; Beltran Pagola izan zen bere maisuetako bat. Hamasei urte zituenean bere trebetasuna agerian utzi zuen pianorako eta arkuzko laukoteentzako hainbat lan konposatuz, horietako batzuk argitara eman zirelarik. 1931an Madrileko Kontserbatorioan Conrado del Camporekin ikasi zuen eta bertan hainbat tresna landu zituen -biolina, flauta, oboea, tronpa, .... Bertan jasotako ezagutza teknikoa eta praktikoa baliagarria izan zitzaion jarraian orkestatzaile garaikide ospetsua bilakatzeko. Lehiaketa baten bitartez, 1932an, Escuderok Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka eta San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiaren beka eskuratu zituen. Horiei esker armonia, konposizioa eta orkestra zuzendaritza ikasketak hobetzeko aukera izan zuen Frantzia eta Alemanian. Paul Dukas, Le Flem eta Wolf izan zituen irakasle bezala.

Donostiako musikari honen lanen artean bereziki azpimarratu beharko genuke zine munduan izan duen ekarpena, Jose Luis Saenz de Herediaren Diez fusiles esperan filmeari musika jarriz. Gerra karlistei buruzko pelikula honetako zati bat Gipuzkoan filmatu zuten. 1934tik 1937ra bitartean honako hauek konposatu zituen: Sinfonía en Si bemol, lau aldirako, Trío bucólico, oboe, tronpa eta fagoterako, eta Cuarteto en Sol, Musika Sari Nazionala, lehen emanaldia Madrilen eman zutelarik 1945eko urtarrilaren 17an Aretoko Musikako Elkarte Nazionalaren eskutik. Gerora ere interpretatu izan ohi dute, esaterako, 1964ko urriaren 26an ospatutako Espainia eta Amerikako I. Musika Jaialdian, Espainiako Irrati Nazionalaren Laukote Klasikoaren eskutik (diskotan grabatuta dagoelarik).

1944an, Luis de Castresanaren "literatur fantasia" oinarritzat hartuta, Escuderok Sueño de un bailarín balleta konposatu zuen. Orkestrarako Suite bat da eta Enrique Jordak eman zuen ezagutzera Madrileko Orkestra Sinfonikoaren bitartez. 1944ko otsailaren 20an, aipatutako zuzendari horrek elkarte berarekin Nocturno eta Vals noble (Scherzo) estreinatu zituen, gerora Zigor opera idatziko zuen gizasemearen lan originalak. Donostiako konpositorea 1945ean Bilboko Miserikordia Etxe Santuko musika maisua izendatu zuten, eta Bilboko Koru Elkarteko zuzendaria. Urte horretan bertan honako hauek konposatu zituen: Misa en Re, Himno a San Mamés eta Chimberianas, Bilboko herri kutsuko irudi lirikoak. Egileak berak 1948an Bilboko Udal Orkestrarekin batera interpretatu zituen. Horren ostean Pinceladas vascas pieza konposatu zuen. Manuel de Fallaren omenez antolatu zen lehiaketan, Escuderok 1947an lehen saria erdietsi zuen Concierto Vasco piezari esker, pianoa eta orkestrarako hiru aldiko lana; horretan egileak betiko euskal artea islatzen du armonia, erritmoa eta orkestraren kolorearen bidez, inolako doinu folklorikorik hartu gabe, baina euskal musikaren arimaren ezaugarriak biltzen dituzten piezak sortuz.

Donostian bizitzen jarri eta gero, urte horretan bertan Udal Musika Kontserbatorioan armonia eta konposizioko katedra eskuratzen du, eta 1961ean zuzendari izendatzen dute. Postu horretan aritu zen lana gogoz burutuz eta musika heziketarako bide berriak topatu nahian. "Donostiako Hiria" Bandaren zuzendaria izan zen, baita Gipuzkoako Aretoko Orkestraren zuzendaria eta Kontserbatorioko Orkestrakoa ere. Illeta Oratorioa eta Aranzazu poema sinfonikoari esker, Escuderok beste bi sari jaso zituen: lehendabiziko horri esker, "Iparraguirre" saria lortu zuen, koblakari ospetsua hil zenaren urteurrena ospatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako lehiaketan alegia; bigarrenagatik aldiz, Musika Sari Nazional berria. Illeta 1953koa da; bi urte geroago estreinatu zuten Bilbon Udal Orkestra eta Koru Elkartearen eskutik (berez Modesto Aranak zuzentzen zuen), Jose Ives Limantourren zuzendaritzapean.



Ekoizpen hori kantu goibel lazgarria da, Xabier Lizardiren olerkari finaren hitz sentikorrekin bat eginez. Udaberriko egun ilun batean amona maitea nola hil zitzaion kontatzen digu, enarak etortzearekin batera. Escuderok "liturgian" buru belarri murgiltzen gaituen musikaz jantzi du, euskal herriak heriotza nola sentitzen duen islatuz. Lizardiren olerkia baritono bakarlariaren eskuetan geratzen da. Koru mistoak ahotsa jartzen dio eta negar egiten du. Orkestrak emozioak aditzera ematen ditu, ez heriotza baten aurren sentitzen duguna, aitzitik "Heriotzaren" aurrean bizi duguna. Aranzazu Bartzelonako Musika jauregian aretoan estreinatu zen 1959ko urriaren 30ean; azaroaren 1ean berriro eskaini zuten eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian urte bereko abenduaren 20an eman zuten, emanaldi guztietan arrakasta handia erdietsiz. Garrantzizko lan honetan Escuderok Aranzazuko Ama Birjiñaren agerraldia deskribatzen digu, Aloñako mendi magaletan. Hainbat doinu erabiltzen ditu, esterako, Benedicta delakoa, San Inazioaren martxa, ... Euskal Herriko musika doinu oparoak gogoko zituenez, gure maisu handi honek, Arriagaren Los esclavos felices opera lan xumearen baliabide urriak hartuz, Suite berria konposatu zuen. Bilbon estreinatu zen 1956ko urtarrilaren 26an, Arriaga Zikloaren barruan, bilbotar konposatzaile ospetsuaren 150. urteurrena ospatzekorakoan alegia. Antzezlanetan Conchita Balparda eta Crlos Munguia izan ziren; horrez gain, Koru Elkarteak eta Udal Orkestra sinfonikoak ere esku hartu zuten, Limantouren agindupean. Lan horren ostean Evocación de Iciar poema sinfonikoa dator eta jarraian Loiolako Basilikan eta Donostiako San Telmo museoan egindako erakustaldietarako konposizioak burutu zituen. Aipatutako lan horiek jorratzen ari zen bitartean, Zigor opera bera sortzen aritu zen, lau ekitaldiko lana, On Manuel Lekuonarekin batera osatua. 1957an hasi zen partitura idazten eta 1963ko apirilean bukatu zuen. Antzezlan honetan IX. Mendean barrena gertatutako hainbat gertaera dramatiko deskribatzen dira eta horien bukaeran Urko, Sancho Garces alegia, Nafarroako errege izendatzen dute. Kontzerturako bertsioan, Bilboko "Pro Arte" Patronatuaren laguntza ereduzkoari esker, hiri horretako Albia Coliseumean estreinatu zen 1967ko urriaren 4an. Jarraian Madrileko Errege Antzokian, Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere eman zuten. Toki guztietan arrakasta handia lortu zuen, Romanza de Urdaspal dotorea, lehen ekitaldiko sehaska kanta eta bigarren ekitaldiko sopranoaren eta tenorearen bikotea bereziki azpimarratuz. Opera bezala Madrileko Zarzuela Antzokiko V. Opera jaialdian estreinatu zen 1968ko ekainaren 6an, osteguna, eta 8an, larunbata, Enrique Garcia Asensio zuzendari gaztearen eskutik. Izugarrizko arrakasta izan zuen partituraren balio handiari esker, doinu modernoak eta euskal folkloretik hartutako erritmo, melodia eta aldaera harmonikoak batzen zituelako, beti ere doinu ezagunak erabili gabe. Egileak berak sortuak dira. Antzezlanaren abiapuntu bilakatzen dira, jarraian koruaren nortasunak indarra hartzen duelarik, orkestrak berak maisutasun osoz ñabardurak eta koloreak eskainiz. Bakarlariekin batera, doinu guztiek bizirik dagoen osotasuna eratzen dute, beti olerkigintzaren kutsuari eutsiz. Escuderok sortzaile bezala ageri duen aparteko trebetasunari esker, musika lerro bakar batean idatzirik dagoela dirudi, paregabeko segurtasun eta maisutasunez.

Escuderok beste lan neketsua hartu zuen bere eskuetan, hots, Lope de Vegaren Fuenteovejuna drama oinarritzat hartuz opera idaztea, Juan Antonio Zunzunegui eta Luis de Castresana euskal idazleen bertsioari so eginez. 1971ko erdialdera Orkestra Nazionalak Escudero maisuari lan handia bat idazteko enkargoa luzatu zion, 1971-1972 denboraldian estreinatzeko asmoz. Escuderok, berezkoa zuen lanerako gaitasunaz baliatuz, biolontxelo eta orkestrarako kontzertua konposatzeari ekin zion. Operaren ezaugarriak zirela eta, Pedro Corostola bakarlari gipuzkoarrarentzat egokia zen. 1971ko uda partean Escuderok kontzertua bukatu egin zuen eta Madrilen estreinatu zen aipatutako Orkestrarekin 1972ko apirilaren 21, 22 eta 23an. Arrakasta handia izan zuten, egileak berak, interpretatzaileak -Pedro Corostola- eta Orkestra Nazionalak, Lawrence Fosteren zuzendaritzapean. 1972an Cuencako XI. Astean Sinfonía Sacralanarekin arrakasta izan zuen. TVEko orkestrak jo zuen, Garcia Asensio zuzendari zuela Aita Pauldarren elizan. Lan honen bukaeran La Crucifixión dugu, doinu hunkigarriez beteta. Donostian hil zen 2002ko ekainaren 7an.

CIS
AS