Biologoak

Elosegui Aldasoro, Jesus

1940ko ekainaren 19an Tolosan (Gipuzkoa) jaiotako biologoa.

1976an Biologia Zientzietan Lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Mendizalea, ikertzailea eta argazkilari profesionala. 18.000 argazki atera zituen eta Lazkaoko beneditarrek gorde zituzten. Profesional liberal modura zoologiarekin, naturaren zaintzarekin eta lurralde-antolakuntzarekin lotutako ikerketetan murgildu zen, batez ere Nafarroako Foru Administrazioarentzat. 1958az geroztik Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide da eta 1966, 1971, 1972 eta 1975 urteetan bertako zuzendaritzan aritu zen. Gainera, 1960az geroztik Ornitologiako Espainiako Elkarteko bazkide da. 1958-1974 bitartean animaliei eraztunak ipintzen ibili zen eta 1961-1969 bitartean Doñanan eraztunak jartzeko bost kanpainatan parte hartu zuen. Lehenengo putre sailen zentsuak koordinatzen aritu zen Nafarroan eta orduz geroztik egindako zentsu guztietan kolaboratu du. 1978-1982 bitartean Eusko Ikaskuntzako Natura Zientzien ataleko presidente izan zen. Nafarroan miru gorriaren neguko lehen zentsu nazionalak koordinatu zituen eta Espainian basoiloen zentsuak koordinatzen ibili zen 1981 eta 1982 urteetan. 1982-1984 bitartean Nafarroako hegazti habiagileen Atlasaren zuzendaritza eta koordinazioa bere eskutan izan zen. Atlas hura 1985ean argitaratu zen Nafarroako Aurrezki Kutxaren babesari esker. Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Zerbitzu Publikoen Zerbitzuarentzat ikerketa ugari egin ditu, horien artean: Estepako hegaztiak, mirotz zuriaren eta mirotz urdinaren zentsuak, basoiloaren jarraipena 1988-1996 bitartean, basoiloa, ganga azpibeltza, hegatxabala, txoriandre pispoleta, mirotz zuria, mirotz urdina eta uhalde-enara berreskuratu eta mantentzeko planak (bakarka edo lagunduta).

Bere obrak Nafarroako Erkidegoaren etengabeko ikerketak dira gehienbat. Horietako batzuk beste naturalista batzuen lankidetzarekin idatzi ditu. Horien artean azpimarragarriak dira:

  • Navarra: guía ecológica y paisajística (Iruñea, 1980), Nafarroako naturalista ororen liburutegian egon behar duen oinarrizko obra mardula.
  • Navarra, naturaleza y paisaje (1982).
  • Atlas de las aves nidificantes (1982-1984) (1985, Iruñea).
  • Navarra desde el aire (1988, Iruñea).
  • Estudio de Aves esteparias del sur de Navarra, (1989).
  • Parque natural pirenaico en Navarra El, I (Larra-Belagoa) y El, II (Irati-Ibañeta) (1991-1994), Isaac Santesteban Sanchez eta Jaime Sole Sedorekin batera sortua.
  • Plan de recuperación de la avutarda, (1993).
  • Navarra, paseos naturalísticos, Fernando Perez Ollorekin batera egindakoa.
  • Las bardenas reales (1995).
  • 1995ean Carlos Astrain Massa eta Amaia Echeverria Delgadorekin batera Inventario y categorización de áreas de interés para la conservación de avifauna esteparia en Navarra kaleratu zuen.
  • Fotografías de Navarra.

Horrez gain, Jesus Elosegui Aldasorok hainbat hegaztiren migrazioak, habiagintzak, eraztun-jartzeak eta bestelako behaketak ikertu ditu eta "Munibe" aldizkarian ornitologiari buruzko artikuluak argitaratu ditu. Azkenik, hainbat hitzaldi eman ditu ingurumenarekin eta ekologiarekin lotutako gaiak ardatz hartuta.