Eskultoreak

Elguezua Lasuen, Carlos

Eskultorea, Eibarren jaio zen (Gipuzkoa) 1898ko azaroaren 4an eta 1987. urtean hil zen.

Umetatik erakutsi zuen marrazketarako zaletasun handia, Eibarren bere garaian zeuden oinarrizko eskoletan marrazkigintza zereginean hasteko izan zituen aukera txiki guztiak aprobetxatuz. Zuloaga eta Olabe pintoreek ere antzerako jarduera izan zuten.

Carlosek eskultorea izan nahi zuen, eta bere ingurukoei horrela jakinarazi zien. Baina aitak, ebanisteria txiki baten jabea, semeak zituen asmoen aurka gogor ekin zuen, eta are gehiago aitatasunaren eraginez semeak berak negozioari jarraipena emango ziola uste zuen heinean. Arrazoi profesional horiengatik, eskultorearen ibilbide artistikoa ia bertan ebhera geratu zen. Halere, aitarekin lanean hasi zen, baina 16 urterekin Gasteizera bidali zuten. Bertan zeuden oso altzari zizelkatzaile onak eta horiengana bidali zuten egurra lantzen ikasi zezan. Bere maisua zen Felipe Larrinoari, eguneko txakur txiki bi ordaintzen zizkion eta horren ordez Elgezuak ikastaldian zehar egindako lanak bere eskutan geratzen ziren.

Soldadutza garaia Bilbon eman zuen eta kuotazko soldadua izan zen. Denbora nahiko zuela ikusita, eskultura lantzeko ikasle bezala Arte eta Ofizioetarako Eskolan izena eman zuen, irakasle gisa Basterra izanik. Hauek izan ziren eskultura lantzen eman zituen lehendabiziko urratsak.

Aitaren bustoa irudikatzen zuen lanari esker, 1923an Gipuzkoako Aldundiak antolatzen zuen Gipuzkoako artista gazteen saria irabazi zuen. Garai hartan hasi ziren kritikak eta hain onak izan zirenez, artistari bere ibilbidearen unerik gorenean zegoela sentiarazi zioten. Parisera eta Erromara museoak ikustera eta bere artea hobetzeko asmoz hainbat eskola ezagutzera joan zen. Eibarren, Donostian eta Bilbon erakusketa ugari egin zuen, berak bakarrik. Gipuzkoako hiriburuan egin zuen bere azken erakusketa zela eta, Carlos Ribera kritikoak artikulu interesgarria eskaini zion, eta beste gauza batzuen artean, hauxe zioen:

"Elgezua erabat hezitako artista dugu, bere lanaren kontziente dena, eta nortasun benetako eta jatorra duena.....Carlos Elgezuak ia bere lan guztietan erraztasun benetako berezia agerrarazten du, eta nolakotasun hori da bere nortasunaren oinarririk garrantzitsuena".

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Artista, bere aldetik, arte grekoaren, Miguel Angelen eta Donatelloren mireslea da, baita Julio Antonio eta Victorio Macho artista garaikideena ere. Elgezuaren lanen artean honako hauek ditugu: Jacinto Orbea, Diego Iñarra, Serapio Mugika, Enbeita eta Urretxindorra bertsolarien erretratuak, San Telmo Museoren fondooetan ageri diren Mendigoizale eta Atano III lanak. Erlijio gaiei helduz, lanik garrantzitsuena Getariako parrokia-elizan dagoen Kristoren irudia nabarmentzekoa da.

Hainbat etxe partikularretan dauden bustoak alde batera utzita, Eibarren beste lan hauek aurki ditzakegu: Zuloagaren oroigarria San Andres parrokiko lorategian, eta Armategiko Eskolan dagoena Julian Etxebarriari eskainia. Berea da Niceto Muguruza Doktoreari egindako omenaldirako dominaren eskultura (jatorriz Barrenetxea eskultore ospetsuaren lana izanik).

  • ELGEZUA, Carlos; COBREROS MORALES, Jose Luis. Carlos Elguezua. Escultor. Donostia: Donostiako Udal Aurrezki Kutxa, 1987.
  • FLORES KAPEROTXIPI, Mauricio. Arte Vasco Pintura-Escultura-Dibujo-Grabado. Buenos Aires: Ekin Euskal Argitaletxea, 1954.
  • PLAZAOLA, Juan. Historia del Arte Vasco, Siglo XX. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2003.
  • SAENZ DE GORBEA, Xabier.Escultura y escultores vascos (1875-1939)". Revisión del Arte Vasco entre 1875-1939 = 1875-1939 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa = Revision de l'Art Basque entre 1875 et 1939. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004.