Pintoreak

Txopitea, Daniel

Pintorea. 1950eko otsailaren 24an Ermuan (Bizkaia) jaio eta 1997ko urtarrilaren 27an zendu zena.

Goiz zendu bazen ere, artista erabakigarritzat jotzen da euskal panorama artistikoa eraberritzeari dagokionez.

Prestakuntzaz autodidakta izan zen eta oso gazte zela hasi zen mundu artistikoan sariak pilatzen, esate baterako, 1969an Mutrikuko Hiria I Lehiaketa edo 1970ean Zarautzeko Hiria III. Lehiaketa irabaziz.

Lehen etapa kubismo analitikoan kokatzen da. Ondoren, kubismo orfikora egin zuen eta, azkenik, Jorge Oteizaren mundu estetikoaren zuzeneko eraginpean alderdi neo-konstruktibista jorratu zuen.

Bereak dira honako serieak: "Gauzak", "Apuntes y Ficciones", "Figuración Fantástica", "Serie Erótica", "Figuras en movimiento", "Belarrak", "Colosos y Titanes" eta "Personajes Blanco y Negro".

Jardun artistikoan emandako hogeita hamar urteetan erakusketa bakarkako nahiz kolektiboak metatu zituen herrialde barruan eta kanpoan.

Bilboko Arte Ederretako museoan eta Gasteizko ARTIUM museoan Daniel Txopitearen lanak ikus daitezke. Gainera, bilduma nazional edo nazioarteko askotan ere ikus daitezke bere lanak.

Pertsona artega zen eta Euskal Herriko esparru artistiko eta kulturalarekin inplikatua. Hala, "Enkoari", "Lekarok" eta "Gorutz" talde artistikoetan parte hartu zuen eta Altxerri Galeriaren zuzendaritza hartu zuen 1997-2000 bitartean. Horrez gain, literatura esparrua ere landu zuen kritikari, poeta eta eleberrigile modura.