Literatoak

Arribehaude, Jacques

Lapurtar idazle, kazetari, margolari eta zinegilea. Hasparrenen jaio zen, 1925eko ekainaren 6an, eta Nizan hil, 2009ko martxoaren 27an.

1943an, Frantziar Indar Askeekin harremanetan jarri zen, Espainiatik. Badajozen preso hartu zute, baina Gurutze Gorriak askatu zuen, eta Frantzia Askearen I. dibisioan sartu zen, Libian. Armadako Zerbitzu Geografikoaren Zuzendaritzako kartografoa izan zen, Aljerren. Italiako, Greziako eta Jugoslaviako misioetan parte hartu zuen, "Eagle" estatubatuar petrolio-ontzian.

Hasieran, Parisen egon zen bizitzen, literatur munduan murgilduta. Aitzitik, Badajozeko kartzelan igarotako denborak osasuna kaltetu zion, eta, horregatik, Baionara lekualdatu zen. Bertan, 1948an marrazketa- eta pintura-ikasketak hasi zituen, Arte Ederren eskolan. 1950ean, Biarritzen, Roland eta Denise Tual zinemagileak ezagutu zituen, eta haien laguntzaile bihurtu zen. Halaber, Cocteau eta Rene Clair zinemagileak ere ezagutu zituen. 1951n, kazetaritza-erreportaje bat egin zuen Indotxinan.

1951eko uztailetik 1954ko maiatzera arte, Txadeko errepublikan bizitzen egon zen, eta kotoi-salerosketan aritu zen bertan. 1954ko urtearen gainerako partea Laosen eman zuen. 1959 eta 1963 artean, teknika zinematografikoak ikasi zituen Saint-Cloud eskolako Ikus-entzunezko Zentroan, eta Literatura Orokorrean eta Etnografian lizentziatu zen Sorbonako Unibertsitatean. Zenbait elkarrizketa egin zizkion Ferdinand Céline idazleari, eta dokumental etnografikoak egin zituen Togon, Boli Kostan, Madagaskarren eta Kamerunen. 1963 eta 1965 artean, bidaiak egin zituen Portugalera, Espainiara eta Holandara. Gero, 1965-1968 urteen bitartean, Tanit Films film laburren ekoizpen-elkartean parte hartu zuen, Jean Desvilles zinemagilearekin. 1968an, ORTF frantses telebista-kate publiko sartu zen, errealizadore moduan.

Obra hauek idatzi zituen: La grande Vadrouille (1956), Semelles de vent (1959), Adieu Neri (1978) eta Les Etrangères (1981) eleberriak; Le cinema de Céline (1987) entsegua eta Une saison à Cadix (1997), L'encre du salut (1998), Complainte Mandingue (1999), Un Français libre (2000), Cher Picaro (2003) eta S'en fout la vie memoria-liburuak. Horrez gain, hainbat argitalpenetan parte hartu zuen, hala nola Le Bulletin célinien aldizkaria.