Pintoreak

Caton Santaren, Jose Luis

Arkitektoa. Gasteiz, 1948.

Jose Luis Caton arkitekto arabarrak bere lan gehienak bere lurraldean altxatu ditu eta zehazki Gasteiz hiriburuan bertan. Izan ere, 1978. urtean Arabako Foru Diputazioko arkitekto nagusia bihurtu zen. Hirian eraikin askoren egilea da eta gainera tipologia desberdinetan eginak.

Euskal Herriko lurralde guztietan pasa den mendeko hirurogeitamargarren hamarkadatik aurrera, arkitekto interesgarriak aurkitzeko aukera badago ere, bitxia da Araban bereziki zenbat arkitekto interesgarri sortu edo bertan lan egiten duten. Hauen artean Fernando Ruiz de Ocenda, Iñaki Usandizaga, Miguel Angel Campo, Javier Botella edota Roberto Ercilla izan ziren aitzindari, ondoren beste asko gehitu zitzaizkielarik, Luis Maria Uriarte, Iñaki Aspiazu edo Jose Luis Caton bera. Ezin ahaztu Javier Mozasek belaunaldi hauen eraikinak ezagutzera emateko egin zuen lana. Arkitekto arabarrak hainbat aldizkari argitaratu zituen, bertan arkitekto horien lanak erakutsiz.

Jose Luis Catón Santarenek arkitekturaren esparruan egindako lanak, oso ongi laburbiltzen du bere belaunaldietako arkitektoek izan dituzten kezkak eta garatu duten ibilbidea. Horrela, Madrilgo Arkitektura Eskolan 1971n titulua lortu ondoren, bere ibilbidearen hasiera posmodernidadearen eraginpean eta zahaberritze lanetan bereziki murgilduta egin zuen, hauetako asko hirigintzarekin lotura zuzena izanik. Hala ere, larogeigarren hamarkadaren amaieratik aurrera, aurrena klasizismoaren eragin zuzena gainetik kenduko du -hala ere funtsean geratuko zaio, bere eraikinak beti eskema sendoak eta konposizio lan egituratuak eta gehienetan simetrikoak izan baitira, Aldo Rossi arkitektoak Italian garatutako Tendeza estiloaren eraginez-, eta gero arrazionalismoa berreskuratuko du, bereziki material eta teknologi berriak garatuz eta bere arkitektura minimalista deitu izan den fase edo estilo batean sartuz.

Egia esan, posmodernidadeak gure artean ez zuen arrakasta handirik jaso, eta ondorioz, belaunaldi honetako arkitekto euskaldun gehienak hasierako lanak klasizismoan murgildurik egin bazituzten ere, gutxira, eta bereziki larogeitamargarren hamarkadatik aurrera, arrazionalismora pasatu ziren. Bilakaera hau neurri batean guztiz logikoa izan zen. Izan ere, posmodernidadeak arrazionalismoa eta funtzionalismoaren akats potolei egin zien kritika zentzuzkoa eta beharrezkoa izan bazen ere, posmodernidadearen ordezko proposamena ezin zuen etorkizun handirik izan, iraganeko formetan, eskemetan eta materialetan oinarritutako eraikuntzak ezin zutelako garai berri eta behar garaikidei erantzun. Horregatik, eta modu zentzudun batean, gure lurraldeko arkitekto gehienak posmodernitatetik arrazionalismorako bidea egin zuten, baina jatorrian zegoen izpiritu kritikoa ahaztu gabe eta ondorioz arrazionalismo berri bat proposatu eta birsortu nahian.

Jose Luis Catonen ibilaldiaren lehen fasean kokatutako lanen artean eta larogeigarren hamarkadan eraikiak, honako bi hauek nabarmendu behar dira: Suhiltzaile Parkea (1980) eta Jesus Guridi Musika Eskola (1983) Julio Herrero arkitektoarekin batera. Bi eraikin hauetan Catonek klasizismoaren berrirakurketa bitxia egingo du, egitura finkoak eta simetrikoak erabiliz eta horretarako material nagusia gisa adreilua erabiliz. Lehen fase honetan ere eta kontutan hartuta Arabako Foru Diputazioan izango duen kargua -1978an Foru Aldundiko arkitekto nagusia izendatuko dute-, Gasteiz hiriko hainbat zaharberritze prozesuetan parte hartuko du, demokraziaren itzulerarekin funtzio publiko desberdinak jaso behar zituzten eraikin asko behar baitziren. Nahiz eta kasu batzuetan eraikin berriak altxatubestetan hirian erabilpen gaberik zeuden eraikin zaharrak zaharberrituko dira. Hauen artean nabarmendu Gobeo Jauregia -bertan Arkeologia Museoa kokatuko da-, Arabako Foru Batzar Orokorren egoitza, Sofia Jauregia -bertan Gasteizeko Arte Ederretako Museoaren bulegoak kokatuz- edota Bendaña Jauregia, Fournier Museoaren egoitza.

Baina larogeitamargarren hamarkadatik aurrera Catonen arkitekturan aldaketa esanguratsu bat gertatuko da: klasizismoa baztertuko du eta, ondorioz, bere arkitektura arrazionalismoan murgilduko da, hori bai, funtzionalismo errepikorra eta monotonorik egi gabe. Horrela, gehienetan fatxadaren egitura konposizio zorrotz batean sartuz, Cantonek gero barruan arrazionalismora itzultzen da eta argia bereziki erabiltzen du, egunerokotasunera zuzendutako espazio praktikoak sortuz. Fase berri hau Catonek bere lan ospetsuenetakoarekin hasiko du, Aldundiaren Ogasun Bulego nagusiekin (1992) hain zuzen ere. Lan hau Roberto Ercilla eta Miguel Angel Camporekin batera burutu zuen. Bide honetatik abiatuz altxatuko dituen beste eraikinen artean -gehienak Gasteizen- nabarmendu, Araba Lurraldeko Artxibategia, EHUko Liburutegi Nagusia eta Gizarte Lana Eskola Unibertsitarioa Arabako kanpusan, Geografia, Arqueologia eta Prehistoriako Departamentuko eraikina baita Arabako kanpusan ere, Fernando Buesa Arena erabilera anitzeko eraikuntza eta Amurrioko Zaharetxea.

Bada Catonen ibilbidean nabarmena izan den beste lan bat Artium Museoa (2001). Eraikin honetan Jose Luis Caton zaila zen lan bat aurrera eramaten saiatuko da. Ez da erraza museo bat diseinatzea eta, kasu honetan gainera kokalekua ez da ere aproposena izango. Izan ere, hiriaren erdigunean kokatuta egoteaz gain, eraikuntzaren azpian kotxeetarako aparkaleku bat eraiki behar zen. Ondorioz eraikin honetan bere ibilbidea nolabait laburbiltzea lortuko du Catonek. Alde batetik funtzioarekiko eraikin nagusia irizpide arrazionalistekin altxatzen du, aldi berean posmodernidadea ere berreskuratuz. Horren ezaugarri da museoaren sarrera nagusia, bertan hasieran aipatu den Aldo Rossi arkitekto italiarraren Tendenza estiloari omenaldi bat eskaintzen baitio.