Kontzeptua

Inauteriak

Carnaval

Historian zehar aldekoak eta aurkakoak, etengabeko debekuak eta onespen klandestinoak izan dira inauterietako festen inguruan. Eta, horrez gain, elementu koloreanitzak eta bereziak barneratzen ditu, beste ospakizun batzuetako elementuekin batera.

Kleroak eta botere zibilak bekatuzko giro gaizto bat sortu dute komeni zitzaizkien arauak ezartzeko irrikan. Horrek, ordea, garai jakin batzuetan eta egun zehatz batzuetan, neurrigabe ibiltzeko nahia ekarri du gizarteko zenbait geruzen artean.

Hainbat garai eta lekutan neguko festa nagusitzat edo udaberrian sartzeko errituzko ospakizuntzat jo izan zen. Denboraren poderioz kontzeptua aldatu egin da, baina oinarri berak mantentzen dira: mozorroa, egunerokotasunaren haustura eta gozamena.

Europako zati handi batean neguari dagozkion zenbait tradizio mantentzen dira. Hego Euskal Herrian, debekualdi luze bat izan zen arren, Inauteriak berreskuratu egin dira apurka, zenbaitetan iraganeko elementuak ekarriz. Bestalde, herrialdearen iparraldeko zenbait herritan, bereziki Lapurdin, festa ospatzen jarraitzen dute, garaian garaiko hainbat gorabehera tarteko (esate baterako, bigarren mundu-gerran). Horietan festa eguneratzeko joera nabarmentzen bada ere, iraganaren eredua ez galtzeko asmoa nabari da.

Urtez urte berezko ekitaldi eta ekintzak egiten dira, bakarka edo taldean, edo programa ofizialetan txertatuz, herritar zein kanpotarrak erakartzeko ahaleginean. Hirien eta landa-zonaldeen arteko ezberdintasunak nabariak dira: erosteko ahalmen handiena duten guneak erakartzeko grina da nagusi. Horren ondorioz, kontsumoa ezaugarri nagusi duen egunerokotasuna sortzen da.