Kontzeptua

Inauteriak

Abendua eta martxoa bitartean egiten diren ospakizun guztiak neguko urtaroan agertzen dira nabarmenen.

Epealdi horretan data finkoko nahiz data mugikorreko festak egiten dira. Lehenengoak, finkoak, beti santu, ama birjin edo egutegi kristauari dagozkion ospakizunekin lotzen dira. Bigarrenak, mugikorrak, Pazko-igandearekin (edo Ostiral Santuarekin) lotzen dira argi eta garbi. Data horretatik aurrera berrogei egun kalkulatzen dira (Garizumakoak) eta ondoren zazpi egun atzera eginez, astearte-inauteria lortzen da.

Arestian esan bezala, guztiak neguaren barruan. Garai horretan azienda ukuiluratu egiten da, fruitu mota batzuk bildu edo lehortu egiten dira (sagarrak, udareak, intxaurrak, urrak, pikoak, mahatsak, etab.) eta bestelako etxeko lanak egiten dira, Gabonetako zikloari dagozkion festekin zerikusia dutenak. Festa horiek ilusio handiz bizi ohi dituzte familiako gaztetxoenek. Hainbat egunetan Jesusen jaiotza, erdainkuntza eta bataioa oroitzen dira. Amaitzeko Erregeak Belenera iritsi zirenekoa ekartzen da gogora.

Kaskarotak

Jarraian, urtarrilean, besteak beste, San Antonio Abad, San Sebastian edo San Vicente egunak ospatzen dira. Horien ondotik, otsailean, Kandelario, (garai erromatarrean: garbitzapena), San Blas eta Santa Ageda ospatzen dira. Hirukote hori arras garrantzitsua da, izan ere, urte batzuetan inauterietako jaiekin batera gerta daitezke. Gauza bera gertatzen da Bizkaiko Enkarterrietan Marza direlakoekin, Kantabrian, Burgosen eta Palentzian hedatu direnak. Jaialdi horietan elementu oso bereizgarriak aurki daitezke, esate baterako, marcero direlakoek eraman ohi dituzten zintzarri edo joareak.

Epealdiaren data garrantzitsuenak begi kolpe batean errepasatuz, komunitatean oso garrantzitsua den bizipen-aro bati dagokion ikuspegi zabala dakusagu. Inauteria, ordea, zuzenean edo zeharka, neguko data ezberdinetan barneratzen da. Inauteriaren jatorriari buruz hainbat hipotesi dauden bezalaxe, jai-aro horri dagokion urteko epealdiari buruz ere hainbat iritzi daude. Dena den, bereizi egin behar dira herri-jakituriak ahozko tradizio gisa ezartzen duena eta, akademikoki, epealdi horri buruz ezartzen dena, urteko egutegiko gorabeherak alde batera utziz.

Horrela, Euskal Herrian, iturri ezberdinen arabera, honakoa da jai-aro edo epealdia:

  1. Urtarrilaren 1a
  2. Urtarrileko lehen larunbata
  3. Urtarrilaren 5a (Epifaniaren bezpera) edo Errege Magoak (urtarrilaren 6a)
  4. Urtarrileko bigarren larunbata
  5. San Antonio Abad eguna (urtarrilak 17) edo aurreko eguna
  6. San Sebastian eguna (urtarrilak 20)
  7. San Vicente eguna (urtarrilak 22)
  8. Urtarrileko azkenaurreko larunbata
  9. Urtarrileko azken larunbata
  10. Urtarrileko azken igandea
  11. San Blas eguna (otsailak 2)
  12. Santa Ageda bezpera edo eguna (otsailak 4)
  13. Otsaileko lehen larunbata
  14. Otsaileko lehen igandea
  15. Santa Ageda egunetik gertuen dagoen larunbata, aurretik edo ondoren
  16. Inauteri-igandearen (Septuagesima-igandea) aurreko hirugarren osteguna (Amakideen edo Aitakideen osteguna, herriaren arabera)
  17. Inauteri-igandearen (Sexagesima-igande) aurreko bigarren osteguna (Amakideen edo Aitakideen osteguna, herriaren arabera).
  18. Inauteri-igandearen (Sexagesima-igande) aurreko igandea
  19. Inauteri-igandearen aurreko osteguna, Ostegun Gizen izenez ezagutzen dena (Orakunde, Egun ttun ttun edo Eguen zuri): hori izan da haurren jaiegun nagusia
  20. Inauterietako ostirala, "Ostiral Mehe" gisa ezagutzen dena.
  21. Inauterietako larunbata, "Larunbat Erregular" gisa ezagutzen dena
  22. Inauteri-igandea (Kinkuagesima-igande)
  23. Beste garai batzuetan egun nagusia zena, astearte-inauteria
  24. Marza delakoekin bat egiten duen eguna (otsailak 28 edo martxoak 1)
  25. Urtarrilaren 1etik martxoaren 3ra bitarteko jaiegunetatik gertu dauden bestelako datak

Jai-aroaren iraupena aldatu egiten da herriz herri. Zenbait herritan egun bakarrean ospatzen da festa (Ostegun Gizena, inauteri-igandea, astearte-inauteria, etab.). Beste herri batzuetan, aldiz, egun ugari izaten dira eta programa ofizial edo ez-ofizialean txertaturiko ekitaldi eta elementuen arabera luzatzen da jai-aroa.

Amaierari dagokionez, lotura zuzena egon ohi da egun kopuruaren eta egutegian lehenetsitako ospakizunaren artean: astearte-inauteria da azken eguna eta, hurrengoa, Hausterre-eguna, Garizuma aldiko lehen eguna da. Horrez gain, nolabaiteko garrantzia duten zenbait herritan "Eltze-itsu Igande" delakoa (inauteri-igande ondorengo lehen igandea) mantendu zen. Egun horretan beste garai batzuetan Garizumako zikloan (berrogeialdiaren 40 egunak) debekatuta zeuden dantzaldiak egiten ziren.