Kontzeptua

Euskaldunak Amerikaren konkista eta kolonizazioan

1492an Cristóbal Colón-en agindupean lehendabiziko espedizio gaztelarra Ameriketako lurraldeetara heldu zenetik, kontinente honen konkistari eta kolonizazioari ekin zioten hainbat potentzia europarrek, horien artean inportanteenak Gaztela (gerora Espainia), Portugal, Ingalaterra, Frantzia, Erbeherak eta (beranduago) Errusia izan zirelarik. Nahiz eta Amerikaren konkista ezin da bukatutzat eman XX. mendera arte, estatu amerikar independienteek indigenoen eskuetan zeuden azkenengo eskualdeak konkistatu zituztenean, normalean konkistaren etapa izenarekin europarren presentziaren hasierako mende t'erdia ezagutu ohi da historiografian. Izan ere, hurrengo mendeetan potentzia desberdinen inperioetako hedapen geografikoaren mugak eta, geroago, egungo Ameriketako esparru sozio-kultural eta linguistiko nagusiak hein handi batean etapa honetan finkatu ziren.

XVI. mendean zehar Amerikaren konkista batez ere Gaztela eta Portugalen eskuetan egon zen. Tordesillaseko itunaren ondorioz (1494), Portugalek Brasileko kolonia eskuratzen zuen eta, ordainez, Gaztelak esku libreak izango zituen Antillak eta Ameriketako bi inperio nagusiak konkistatzeko: Aztekena egungo Mexikoren lurraldeetan, eta Inkena Hegoamerikako Andeetako mendikatean. Horrez gain, gaztelarrek egun Latinoamerika izenarekin ezagutzen zen esparru geografikoaren beste lurralde gehienak ere konkistatu eta kolonizatu zituzten. 1580an Felipe II.ak konkistaren etenaldia agindu zuenean Amerika espainiarreko mugak kontsolidatuta geratu ziren. Frantzia, Ingalaterra eta gainontzeko potentzia europearren presentzia beranduago hasi zen, XVII. mendeko lehenengo hamarkadatik aurrera. Horien hedakuntza batik-bat gaztelarrek eta portugaldarrek kolonizatu gabeko lurretan garatu zen: hots, Karibe itsasoko hainbat irletan, eta bereziki Iparramerikako lurraldeetan.