Monarkia eta noblezia

Nafarroako Enrike II.a Albretekoa

Nafarroako Erregea (1517-1555).

Juan Albretekoa (edo Labritekoa) eta Catalina I.a zituen gurasoak, azken hori Nafarroako lehen erregina titularra. Zangozan jaio zen 1503ko apirilaren 25ean, Gorteak herri horretan batzarturik zeudela.

Ama, Nafarroako erregina izateaz gain, Nemours, Gandia, Mont Blanc eta Peñafieleko dukesa, Foix, Bigorra eta Ribagorzako kondesa eta Biarno eta Balaguerreko Andrea izan zen.

Ana, Magdalena, Catalina, Juan, Quiteria, Andres Febo, Bonaventura, Martin Febo, Francisco, Carlos eta Isabel izan zituen anai-arrebak eta, horiez gain, Juan Albretekoaren legezko beste bi seme-alaba, hain zuzen, Pedro eta Ana.

Enrike II.a jaio zenean monarkiak une latzak bizi zituen, eta Nafarroako Erreinuarentzat. Catalina erreginari Juan Foixekoa osabak egiten zion aurka gobernuan, izan ere, tronua kendu nahi zion. Bestalde, Isabel eta Fernando Errege Katolikoen mehatxua ere hor zegoen. Gaztela eta Aragoiko erregeek Nafarroa euren lurretara baitaratu nahi zuten eta haien politikak babes handi samarra zuen erreinuaren barnean, Leringo kondearena, alegia.

1504. urtean Gaztelako korora gerturatzeko ekimen diplomatikoan, Medinako Tratatua sinatu zen. Tratatu horretan, besteak beste, oraindik urtebete bete gabea zen Enrike Albret Isabel artxidukesarekin ezkonduko zela erabaki zen. Artxidukesa Joana "Eroaren" eta Felipe "Ederraren" bigarren alaba zen eta bi urte baino ez zeuzkan orduan. Tratatu hori 1506ko abuztuaren 27an berretsi zen. Dena den, 1506ko irailaren 25ean egoera aldatu egin zen erabat, izan ere, Felipe "Ederra" hil egin zen 28 urte zituelarik. Ondoren, Fernando "Katolikoak" konpromisoari muzin egin zion eta 1512an, monarka horren tropak Nafarroan sartuko zirela zirudienean, Enrike bahitzen saiatu zen. Fernandok gerra deklaratua zion Frantziako Luis XII.ari eta Nafarroako monarkekin negoziazioak ireki zituen Frantziako monarkaren alde egin ez zezaten. Fernandok Nafarroako erregeei hainbat eskaera egin zizkien, besteak beste, Nafarroako printzea berekin hartu nahi izan zuen zenbait urtez bere Gortean hezteko (zenbait urte lehenago, Enrikeren arreba zen Magdalena Errege Katolikoen eskuetara pasa zen bahitu modura arrazoi berdina zela medio, eta Nafarroako infanta monarka horien gorteetan hil zen). Bestalde, Fernandok Isabel infanta eskaini zuen Enrikerekin ezkontzeko, eta hori ezinezkoa bazen, Catalina infanta eskainiko zuen. Halaber, Frantziako erregeak Enrike bere gortera urreratzen saiatu zen, Renata printzesa eskaini zuelarik harekin ezkontzeko.

Fernando erregeak abiatu zituen ekintza diplomatiko horiek arreta galarazteko eragiketak ziren, modu horretan, erreinuaren konkistari ekiteko. 1512ko uztailean hasi zen inbasioa eta Gurutzada zantzuak izan zituen. Hala, Fernando Auki Santuaren babesle gisa aurkeztu zen Frantziako monarkaren aurkako borrokan. Fernando erregeak bi bulda ere eskatu zizkion Aita Santuari; horietako batean Nafarroaren aurkako gerran parte hartzen zuten guztientzako induljentzia eskatzen zuen. Bestean Frantziako errearen alde egiten zutenentzako edota Espainiako eta Ingalaterrako tropak Guyenan sartzea ekiditen zuten haientzako eskumikua eskatzen zuen. Azken bulda horrekin erreinuko biztanleak tropetan sartzea eragotzi nahi zuen eta, bestalde, ezkontzaz Nafarroako errege bihurtu zenak (izatez frantziarra zena) Frantziaren alde ez egitea nahi zuen. Azkenik, Aita Santuak Nafarroako erregeak eskumikatu zituen.

Gaztelako tropak sartu zirenean erreginak Biarnora ihes egin behar izan zuen Enrikerekin eta zenbait anai-arrebekin batera. Biarnoko Salvatierran eta Orthezen finkatu ziren. Beranduago, Enrike Pauen ere bizi izan zen. 1515ean Enrike eta bere aita Frantziako Gorteetan ziren. Garai hartan Francisco I Angulemakoa zen bertako erregea. Enrikek harreman estua izan zuen Frantziako monarkarekin eta 1527an haren arreba batekin ezkondu zen, hain zuzen, Margaritarekin.