Sendagileak

Ajuriaguerra Ochandiano, Julián de

Psikiatra eta tratatu-idazle ospetsua, nazioartean ere arras ezaguna. 1912ko urtarrilaren 7an Bilbon (Bizkaia); 1993ko martxoaren 23an hil zen.

Jatorriz Otxandiokoa zen familia batean sortu zen eta bera izan zen Juan jaunak eta Marcelina andreak izan zituzten bost seme-alabetan laugarrena. Bi emakume eta hiru gizon, hurrenez hurren: Juan, Flavio, Marina, Julian eta Rosario.

1916an familia Montianora joan zen bizitzera (Deustu). Bertan, aita Unibertsitate Komertzialeko obretako arduraduna zen, eraikitzaile gisa. Deustuko Hermanos de la Doctrina Cristiana ikastetxean egin zituen lehen ikasketak eta batxillergoa Bilboko plaza berrian egin zuen, Hermanos Maristas delakoan.

1927an, bere osaba Jesus Arrese jaunaren aholkuari jarraituz, Parisera joan zen medikuntza ikastera, gerora psikiatria ikasteko asmoz, berak esan zuenez "bekatuaren anatomia eta fisiologia ezagutzeko, zoriontasunaren iragazkia topatzeko xedez...".

Parisen Le Foyer pour Etudiants Catholiques egoitzan finkatu zen. Han, artearen munduari atxikitako pertsonak ezagutu zituen, esate baterako, Nicanor Zabaleta, Joaquin Rodrigo, Aita Donostia, Enrique Jorda Gallastegui edo Jose Maria Ucelay. Zientzi Fakultatean PCN amaitu ostean, hurrengo ikasturtean Medikuntza Fakultatean sartu zen. 1930ean eguneko moduan aritu zen Pariseko Hopitaux delakoan eta 1933an, 22 urte zituela, Senako babes-etxe psikiatrikoan barneko modura lan egitea lortu zuen. 1936an La douleur dans les affections du Système Nerveux Central tesiari esker Medikuntzako doktoregoa erdietsi zuen (Unibertsitateko doktoregoa). Aldi berean, ikasketekin jarraitu zuen eta Salamancan ikasketa horretako azterketa egin zuen, iraileko deialdian, Espainiako titulua lortu eta Euskal Herrian lan egiteko asmoa egia bihurtzeko.

Urte hartako uztailaren 18an Espainiako gerra zibila lehertu zen eta Julianek ezin izan zuen Slamancara joan azterketa egiteko. Dena den, 1936ko abuztuan Bartzelonara jo zuen, France Alberti neskalagunarekin batera borrokan parte hartzeko. Bayo kapitainaren tropan zelarik Mallorca hartzeko lehorreratzean parte hartu zuen Porto Criston. Gerora Aragoako frontean ibili zen, mediku militar gisa. 1938an Parisera dei egin zuten Les Polynèvrites expérimentales lanari esker eskuratu zuen Déjèrine saria jasotzeko. Hala, berriz ere medikuntzan murgildu zen, Lhermitte irakaslearen laguntzaile modura, Medikuntza Fakultateko nerbio-sistemaren anatomiako laborategian; garai horretan "Médecin Consultant" izendatu zuten Henri Rousselle ospitalean.

Gari hartan Parisen Jean Lhermitteren zuzendaritzapean lan egin zuen neuropsikiatriaren eremuan eta André-Thomasekin ere lan egin zuen (muskulu-tonuaren semiologian aditua). Bien eraginak kutsatuta Piaget (adimenaren ontogenesia haurrarengan) eta J. Wallon (garapen sozial eta afektiboaren ontogenesia, hau ere haurrarengan) ezagutu nahi izan zituen. Bi horiek eta H. Guiraud eta G. Clérambault izan zituen benetako maisuak berak aitortu zuenez; azken biak, hurrenez hurren, psikiatria klinikoaren eta psikopatologiaren eremuan.

Pariseko okupazioan zehar erresistentziaren alde borrokatu zen eta Ste. Anne ospitaleko sotoak erabili zituen erresistentziaren aldeko laguntza logistikoa emateko, horrek bizi-arriskua zuela jakinik ere. Soto horietatik hiriburuko katakonbetara jo zitekeen. Gerra amaitu zenean, XIV. Barrutiko Frantziako barnealdeko indarren buruzagi zen Brechart koronelak eskerrak eman zizkion egindako lanagatik.

Gerra amaitu zenean, beste psikiatra gazte batzuekin batera (tartean Tosquelles valentziarra), "Batia" izen euskaldunarekin bataiatu zuen taldea antolatu zuen. Talde horrek ospitalez gaindiko laguntza-eredu bat bultzatu zuen, psikiatrikoak irekitzea eta gerra amaitu zenean Osasun arloko ardura hartu zuen Frantziako Alderdi Komunistaren laguntzarekin, kanpoaldeko dispositiboekin elkarlana aurreikusten zituena.

1945ean bere lagun France Albertirekin ezkondu zen. Bi seme-alaba izan zituzten: Mikel eta Isabelle.

1948an psikoanalisia hasi zuen Nachtekin. 1952an bukatu eta ikasketak berrestea lortu zuen Frantzian lan egin ahal izateko. Han Frantziako nazionalitatea eskuratu zuen (Bilbora itzuli ezin zuelako), eta Estatuko doktoregoa lortu zuen Aspects des troubles mentaux aux cours des tumeurs meso-diencephaliques tesiari esker. Tesi hura Jean Delay baionarrak zuzendu zuen, orduan Pariseko psikiatriako katedraduna zenak.

Psikoanalisian pilatutako esperientziari eta André-Thomasekin landutako muskulu-tonuari buruzko ikerketei esker, eta Wallonek haurraren garapen sozialean afektibitatearen eta muskulu-tonuaren arteko lotura desestali zuela ikusirik, berezko erlaxazio-metodoa garatu zuen; horretarako, Schultz-en teknika aldatu zuen; hala, bezeroari dituen gatazkei buruz hitz eginarazten dio, ikuspegi analitikoa duen psikoterapia bat egiteko. Bide horretatik, 1953an J. Garcia Badaracco argentinarrarekin batera Les thérapeutiques de relaxation en médicine psychosomatique argitaratu zuen. Gai hori bera hartu zuten bi egileek M. Cahenekin batera, Tonus corporel et relation avec autrui lana argitaratu zutenean (1964).

Parisen eman zituen urteetan garaiko artista surrealistak ezagutu zituen: Breton, Artaud eta, batez ere, Henri Michaux. Azken horrekin esperimentu bat egin zuen; hark droga haluzinogenoak hartu eta bilbotarrak haren eraginak ikuskatu zituen. Modu horretan, zentzumenen pertzepzioan izandako aldaerak eta droga horien eraginpean garatzen diren sinesteak ikusi eta islatu zituen.

1959an Ginebrako kantoi suitzarrak Unibertsitate horretako psikiatriako katedradun izatea eta Bel-Air Unibertsitateko Klinika psikiatrikoko zuzendari izatea eskaini zion. Han, "Batia" taldean, gerraosteko Parisen taxutu zituen ideiak garatu zituen eta ospitalez gaindiko eta ospitale barneko laguntza-sare bat sortu zuen, gerora Europan baliatu dena komunitateko asistentzia psikiatriko eredu gisa, alderdi eta adin guztietara hedatuta (haurrentzako asistentzia, helduentzako asistentzia eta gerontopsikiatria). Ginebran J. Piaget maisuarekin batera lan egiteko aukera izan zuen eta haurraren ontogenesiari buruzko bere ezagutza baliatu ahal izan zuen, agureen funtzio sinboliko eta adimenezkoen desintegrazioari (retrogenesia) buruzko hainbat ikerketatan, orokorki.

1974an Ginebrako katedradun gisa erretiroa hartu zuenean, Hiriko Kontseiluak hiriko saria eman zion.

1975ean Collège de France ezagunetik deitu eta garapenaren neuropsikologiako irakasle izendatu zuten. 5 ikasturtez aritu zen bertan, ikertzaile talde paregabea ondoan zuela (M. Auzias, J. Casati, D. Candilis eta H. Kheroua).

1975ean Franco diktadorea hil zenean, Ajuriaguerrak oraindik ere Euskal Herrian lan egin ahal izan zuen irakasle eta antolatzaile gisa psikiatriako hainbat eremutan. 1980an Medikuntzako Espainiako Akademiak harrera egin zion atzerrian jarduten zuen urgazle modura. 1982an Euskal Herriko Unibertsitateko aparteko irakasle izateko proposatu zuten eta psikiatriako departamentuan aritu zen eskolak ematen. Horren aurretik, herrialdean asistentzia psikiatrikoko plan bat abiarazi zen eta Ajuriaguerra hautatu zuten hartako zuzendari. Modu horretan, ordura arte Foru Aldundien menpe zegoen eroetxe-sare zaharkitua atzean utzi zen.

Erretiroa hartu aurretik luxuzko etxe bat bereganatu zuen (Hegoa) Milafrangan (Lapurdi). Han eman zituen azken urteak 1993ko martxoaren 23an azken hatsa eman zuen arte. Hiletara herrialdeko pertsona ospetsu ugari hurreratu zen, horien artean Garaikoetxea lehendakaria.