Arkitektoak

Alday Lasarte, Lucas

1879an Donostian jaiotako arkitekto gipuzkoarra. 1955ean hil zen hiri berean.

1902an graduatu zen eta Donostiako Udalean lan egiten hasi zen.

Donostiaren hiri garapenean parte hartu zuen eta bere obra ugari ikus daitezke hirian barna. Kontxako pasealekuaren birmoldaketaren arduraduna izan zen eta orain horren nortasuna zehazten duten ezaugarriak diseinatu zituen: obeliskoak (orain "erlojuak" esaten diegu), kale argiak eta baranda.

1906an San Martin kaleko 53. zenbakia hartzen duen eraikina burutu zuen. Ertz modura kokatutako eraiki hori erdi-sotoz proiektatu zuen berak. Urte berean, Zorroaga babes-etxea eraikitzen hasi zen Domingo Aguirrebengoarekin batera. Sei urte beranduago, Prim kaleko 32. zenbakia hartzen duen eraikina inauguratu zen. 1913-1915 bitartean, berriz, Autonomia kaleko 8, 9, 10, 11, 12 eta 13 atariei dagozkien etxeak diseinatzeari ekin zion.

Halaber, hari zor diogu San Bartolome kalea ukituz Easo kalean 1920an altxatu zen etxe neoplatereskoa, hain zuzen, Donostian estilo horri jarraiki eraikitako etxe urrietako bat. 1935ean beste proiektu bat gauzatu zuen, Kolon Pasealekuko 3 eta 3 bis zenbakiak hartzen dituena. Hogeigarren hamarkadaren amaieraz geroztik azaleratu zen arkitektura arrazionalista berriaren adibide bat da hori.