Legelariak

Bengoetxea Caballero, Joxerramon

Zuzenbideko irakaslea eta ikertzailea. Irun, 1963ko ekainaren 15a.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbideko lizentziaduna (UPV/EHU) eta Edinburgoko Unibertsitatean doktorea (Eskozia). Teoria Juridikoko, Soziologiako eta Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna UPV/EHUn. International Master in Sociology of Law-ko (EHUko Soziologia Juridikoko doktoretza-programa) koordinatzailea eta irakaslea, eta Europako Zuzenbideko eta Integrazioko irakasle izan da hainbat ikastaro, diploma eta masterretan. Irakasle bisitari gisa aritu da Oxford, Standford, Helsinki, Bordele, Kansai unibertsitateetan (Japonia) eta Florentziako Unibertsitate Institutu Europarrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Arbitraje Batzordeko kidea (2015etik), Oñatiko Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Erakundearen (IISJ) patronatuko patrono, Research Committee for the Sociology of Law (RCSL) ordezkatuz, eta Europagune Oinarrizko Eskubideak eta Europar Batasuna Ikerketa Taldeko kidea.

Bi alditan (1993-1998 eta 2001-2004), Luxenburgon, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko legelaria izan zen. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetza ere hartu zuen bere gain (1998-2001).

Joxerramon Bengoetxea Oñatiko Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuko zientzia-zuzendaria izan zen (2005-2007), Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko kidea (2005-2009), Justiziaren Euskal Behatokiko  kidea(2006-2008), Baketik-eko Kontseilu Errektoreko kidea (2006-2008) eta Steering Committee for the World Conslaw delakokoa. Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluko idazkari nagusia, Eurobasque (2015-2020).

Bere ikerketa-lana bereziki Zuzenbidearen teoria eta filosofian oinarritzen da, baita Zuzenbidean eta Europan integratzean ere. Estatuko nahiz nazioarteko ikerketa proiektu eta taldeetan parte hartzen du.

Besteak beste, hauek idatzi ditu: The Legal Reasoning of the European Court of Justice (1993), Zuzenbideaz. Teoria Kritiko Trinkoa (1993), La Europa Peter Pan. El Constitucionalismo Europeo en la encrucijada (2005), Neil MacCormick eta La Razón Práctica Institucional (2015).

Hizlari gisa parte hartzen du jardunaldietan, mintegietan eta nazioarteko hainbat biltzarretan, eta horietako batzuk zuzendu eta koordinatu ditu.

Hainbat argitalpenen erredakzio kontseiluetan parte hartu du: Eleria, Sortuz eta Dykinson Derecho y Sociedad bilduma.

Eusko Ikaskuntza — Euskadiko Kutxa, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen 2010ean, bere ibilbide akademiko eta zientifikoagatik eta, bereziki, Europako gaiak eta erronkak euskal gizarteari hurbiltzeko egindako ahalegin handiagatik.

Informazio gehiago [+]