Konposatzaileak

Baquedano, Jose de

Garesen (Nafarroa) jaiotako eta 1642ko martxoaren 20an bataiaturiko konpositore nafarra. 1711ko otsailaren 17an Santiagon hil zen.

Musika alorrean lehen pausuak bere jaioterrian eman zituen Simon Huarte Arrizabalagaren eskutik, hau Bilboko kaperako maisu izendatu zuten arte. Ondoren konposizioa ikasi zuen Madrilen Matias Ruizekin. 1680an apaiz ordenatu zen eta urte berean Santiagoko katedraleko kaperako, Espainiako garrantzitsuenetakoa zena, maisu izendatu zuten bertan bere lana garatu zuelarik.

Zalantzarik gabe, Baquedano musika Barrokoko Espainiako ordezkari garrantzitsuenetakoa da. Hizkuntza belkantistiko, oso melismatikoa eta pasarte geldo nahiz azkarretan bertutezko baliabide teknikoen erakusketa zabala erabili zuen lehen konpositore hispaniartzat jo dezakegu, ahotsaren erakusketa testuaren ulergarritasuna baino nahiago zuelarik. Hau agerikoa da bere Lamentaciones de Semana Santa lanean. Polikoralitatea era zabal batean landu zuen, bost koru ezberdinetan banaturiko hamasei ahotsetara iristen delarik. Lan askotan, ohikoa den etengabeko baxuaz gain, ahotsak bikoizten dituen instrumentuak erabiltzen zituen. Gorderik dagoen Baquedanoren musika osoa erlijiosoa da, hirukoterako sonata interesgarri baten salbuespenarekin. Azken hau da XVIII. mendean Espainian ezagutzen den bakarra, nahiz eta Europan ain ohikoak izan.

Gorderiko bere lana, Jose Lopez-Calok argitaratua, bost meza, sei antifona, zazpi lamentazio, hamalau salmio, latinezko hamasei lan sakratu, berrogeita bederatzi gabon-kanta eta aipaturiko hirukoterako sonataz osatua dago.

  • LÓPEZ-CALO, José: 'Fray José de Vaquedano: nuevas aportaciones a su biografía y al estudio de su obra', Cuadernos de sección, música, Sociedad de estudios vascos, II (1985), 103-15 orr.
  • LÓPEZ-CALO, José: 'Fray José de Vaquedano, maestro de capilla de la catedral de Santiago (1681-1711)', Anuario Musical, X (1955), 191-216 orr.
  • LÓPEZ-CALO, José: "Vaquedano [Baquedano], José de". Non: Oxford music online.