Arkitektoak

Arizmendi Amiel, Luis Jesus

Arkitekto gipuzkoarra. Donostian jaio zen 1912ko apirilaren 4ean. 1981ean hil zen.

Madrileko Arkitekturako Eskola Nagusian lizentziatu zen 1936an eta doktoretza 1961ean erdietsi zuen. 1936an Heziketa Publikoko Ministerioko eskola arkitektoa izendatu zuten eta 1937tik 1943ra bitartean Aireko Ministeriorako aerodromoak diseinatu eta burutu zituen.

1941ean Donostiako udal arkitektoa izendatu zuten eta lau urteren buruan, Aurrezki Kutxa Munizipaleko arkitektoa. 1948tik 1968ra bitartean Donostiako Arkitektura Zerbitzu Teknikoetako zuzendaria izan zen. Hainbat eraikin gauzatu zituen, eraikin publikoak, kiroletakoak eta batez ere hezkuntzara bideratutakoak. Hirigile bezala Donostiako Egitasmo Zuzentzailearen sustatzailea izan zen 1959an eta hainbat ikerlan burutu zituen oso arlo ezberdinak landuz, esaterako, hiriguneen babesa, ibilgailuen zirkulazioa, parke eta lorategiak, aparkalekuak eta hirien hazkundearen mugak.

Era berean Arkitektoen Nazioarteko Elkarteko Ekimen Profesionalerako Batzordeko Espainiako ordezkaria izan zen (1962), elkarte bereko Batzorde Eragileko kidea (1967) eta bigarren presidenteordea (1969); Washingtoneko Arkitekto Amerikarren Institutuko ohorezko kidea (1972).