Legelariak

Álvarez Rubio, Juan José

Legelaria eta Zuzenbideko katedraduna. Zumaian jaio zen 1964ko maiatzaren 11n.

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) lizentziatura lortu zuen, aparteko sariarekin eta gradu-azterketa bikain/ohorezko matrikula kalifikazioarekin. Aparteko saria jaso zuen baita itsas gaien nazioarteko eskumenei buruzko 1993ko doktorego-tesiak ere: Los foros de competencia judicial internacional en materia marítima (Estudio de las relaciones entre los diversos bloques normativos).

UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna 2001az geroztik, UHUNen Bergarako Zentro Elkartuko zuzendari akademikoa izan zen 1996 eta 2011 bitartean. Jarduera zabala egin du ikastaro-zuzendari eta hizlari Espainiako eta nazioarteko hitzaldietan, eta irakasle bisitari gisa Espainiako eta Europako hainbat unibertsitate eta ikerketa-zentrotan.

Hamar monografia eta ehun lankidetza baino gehiago egin ditu talde-lanetan, eta doktrina-artikuluak argitaratu ditu zientzia-aldizkarietan, arlo hauetan: eskualdeen arteko zuzenbidea, nazioarteko zuzenbide prozesal zibila, itsas zuzenbidea, nazioarteko merkataritzaren zuzenbidea, nazioarteko merkataritza-arbitrajea, nazioarteko familia-zuzenbidea eta jurisprudentziako iruzkinak. Besteak beste:

  • Los foros de competencia judicial en materia marítima (Estudio de las relaciones entre los diversos bloques normativos), 1994.
  • Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legearen Eskualdeen arteko Zuzenbideko arauak, 1995.
  • Paramount klausulak: borondatearen autonomia eta nazioarteko itsas garraioan aplikatzekoa den zuzenbidea aukeratzea, 1997.
  • Itsas Zuzenbidea eta Nazioarteko Zuzenbide Pribatua: oinarrizko zenbait arazo, 2000.
  • Akziodun minoritarioen babesa nazioarteko sozietate-taldeetan, 2002.
  • Difamazioa eta Nortasunaren Eskubideen babesa: Europan aplikatzekoa den legea, 2009.
  • Prestige kasuaren ikasgai juridikoak. Itsas kalteen eskubide berri baterantz: egungo joerak, 2011.

Argitalpen espezializatuen erredakzio-kontseiluetan parte hartzen du, hala nola, Anuario de Derecho MarítimoAnuario Español de Derecho internacional PrivadoEurobaskRevista de Derecho del Transporte terrestre, marítimo, aéreo y multimodal eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren Aldizkaria.

Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluko idazkari nagusia (2003-2010); 2007an, Europako Batzordeak aditu izendatu zuen justizia zibilaren, mugen eta datu pertsonalen eta segurtasun-esparruen arloetan.

Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkaria eta sortzailea 2010ean — Globernance.

Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Irakasleen Espainiako Elkarteko lehendakariordea.

Baionako eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek eta Euskal Herriko Unibertsitateak osatzen duten Espainiaren eta Frantziaren arteko Mugaz Gaindiko Behatoki Juridikoaren zuzendari zientifikoa. Era berean, Eusko Ikaskuntzaren jarduera juridikoak koordinatu ditu arlo horretan bertan.

Instituto Hispano-Luso-Americano-Filipino de Derecho Internacional (I.H.L.A.D.I.) erakundeko kide elkartua.

2004. eta 2010. urteen artean, Asmoz Fundazioaren patroia izan zen, eta, horren barruan, Nazioarteko Merkataritzari buruzko Master Interaktiboa zuzendu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntzak 1998az geroztik antolatzen dutena.

Aldi berean, Juan José Álvarez abokatua eta enpresa-aholkularia da Compliance eta nazioarteko kontratazioko arloetan.

Giza, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako Eusko Ikaskuntza — Laboral Kutxa saria jaso zuen 2015ean.

Jakiundeko, IKERBASQUE fundazioaren patronatuko, UNED Bergara fundazioko, Eguia-Careaga fundazioko (SIIS) eta MATIA fundazioko kide da.

Infomazio gehiago [+]