Pintoreak

Agarraberes Echeverría, Koldo

1967an Iruñean jaiotako artista nafarra, 2015eko martxoaren 24an zendu zena.

Diziplina anitzeko sortzailea. 80eko hamarkadan garatu zuen bere prestakuntza, Patxi Buldainen eskultura- eta pintura-lantegian. Halaber, Don Herberten litografia-lantegian eta Jose Luis Raimonden eszenografia-lantegian parte hartu zuen.

Bere obraren barnean pintura, lan grafikoa, collagea, murala, bideo-artea eta perfomancea landu zituen. 1986. urtetik erakusketa ugaritan parte hartu zuen, bakarkakoak nahiz kolektiboak, Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian, Coyoacanen (Mexiko) eta Mexiko Hirian. Halaber, Cutlog-Paris arte-azoka entzutetsuan parte hartzeko hautatu zuten 2013an.

2009an Emari 09 antolatu zuen Ultzaman, Egungo Artearen Nazioarteko Lehen Errituala, Antonio Griton artista mexikarrarekin batera. 1997an "El mayor surrealismo es la realidad cotidiana",izeneko perfomancea jarri zuen ikusgai Iruñean; ondoren etorri ziren Uharteko "Otoño, encuentro con las artes" (1998); "Noche de fuego", hau ere Uharten (1999) eta 2011n "danza&pintura" Carmen Larraz dantzariarekin.

Artearen dinamizatzaile trebea izan zen Nafarroan eta hainbat elkartetan kide izan zen, esate baterako, Irurimen, Naparte (Euskal Herriko Artista Bisualen Elkartea), El Pasillo edo Arte Garaikidearen Plataforman.