Antropologoak

Aranzadi Unamuno, Telesforo

Euskal antropologo garaikidea, Bergaran 1860an jaioa eta 1945ean hila.

Bere lehen ikasketak farmazeutikoak izan ziren, Madrilen 1882an doktoretza lortuz. Doktoretza lortzearekin batera eta batez ere 1887tik aurrera -urte horretan Madrileko Natur Historiaren museoan antropologia atal bat sortu baitzen-, Antropologiaz arduratzen hasi zen, eta zientzia horrek bere bizitza guztia hartu zuen, nahiz eta botanika, marrazkia, musika, etnologia, paleontologia, etab. bezalako beste hainbat jakintza alorrek bere interesa piztu izan zuten.1889an Natur Zientzietan doktoretza lortu zuen. Miguel de Unamuno ospetsuaren lehengusua zen eta, halabearrez, biak ikaskide izan ziren Madrilen oposaketa desberdinak prestatzen zeudelarik -Aranzadik Natura Historiaz eta Unamunok Psikologiaz, hain zuzen ere-..

Bere ikertzaile zeregina laster ezagutzera eman zen, ikaslea zeneko ikasketa garaian ere, hastapeneko urte goiztiar horietan Estudio sobre los insectos vesicantes aplicados a la farmacia izenburudun lanarekin ohiz kanpoko saria ere lortuz. Urteak geroago, bere antropologia ikasketetan erabat zentratuta, bere izena jada atzerrian ezaguna zen. 1891an, 31 urte zituela, Pariseko Antropologia Elkartearen saria lortu zuen "El pueblo euskalduna" bere lanarekin. Lan hori, antropologia ikuspegitik euskal leinuaren zientzia ikerketari eskainitako lehen lanetariko bat izan zen.

1895ean Granadako Unibertsitateko farmazia fakultateko Mineralogia eta Zoologia katedra lortu zuen. Hiri horretan bizi izan zen urte batzuk gehiago, eta geroago Botanika deskriptiboaren katedra lortzen du Bartzelonan. 1907ra arte bertako dekanoa izan zen, ikasle istiluengatik bere kargua urte horretan utzarazi egin zioten arte.

1897. urtean Zientzien Errege Akademiako saria eman zitzaion bere Setas y hongos en el Pais Vasco lan zehatzagatik. Moscuko Antropologia, Etnografia eta Natura Historiaren Adiskideen Elkarte Inperialak 1910ean kide titular izendatzen du. Bi urte beranduago, 1912an, Argentinako Daktiloskopia Elkarteko ohorezko kide izendatzen dute ere.

Altuera txikiko gizona, errena eta itxura ahulekoa zen baina, hori gorabehera, Aranzadik ez zion indusketa prehistorikoen jardun zuzenari utzi. 1917.eko abuztuaren 15ean Barandiarán ezagutzen du, beronek baino 30 urte gehiago eta urte askotako esperientziaren jabe zela; data horretan hasiko da bien arteko elkarlana eta biok batera egindako Aralarreko trikuharrien lehen indusketa ere, Eguren Dre. Jaunarekin batera. Barandiaranek bere lankidearen ezaugarri interesgarrienetariko bat ezagutaraztera ematen digu:

"Ez zen teoriak errealitatean oinarrituz hartzearen aldekoa. Ikerketaren bitartez, gauzekin harremanetan jartzen ahalegintzen zen, hipotesietatik larregi fidatu gabe".

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Monumentuen Batzordeak diruz lagundutako indusketa hori, 20 urtetik gora iraun zuen lan ikaragarri eta etengabeko indusketa baten lehen urratsa izan zen, Aranzadiri antropologia eta paleontologia alorrean datu erabat interesgarriak eskaini zizkionak. Indusketaren lehendabiziko emaitzak Anuario de Eusko-Folklore, 1921, aldizkariaren lehen liburukian bildutakoak izan ziren, garai hartako europar etnologorik garrantzitsuenen goraipamenak jasoz. Ondorengo urteetan Aitzgorri, Ataun-Borunda, Alzania, Elosua-Placencia, Urbasa, Enzia, Belabieta, Auritz, Aurizberri, Kalamua, Basagana, eta Santimamiñe, Lumentxa, Ermittia, Polvorín, Bolinkoba, Silibranka, Atxurra eta Urtiagako aztarnategiez gain Arabako kobazulo artifizialak induskatu ziren, gehiago ez aipatzearren.

Aranzadiren akats fisikoak ez zion toki horiek guztiak eta Cataluña, Sierra Nevada, etab. bezalako penintsulako beste geografia-toki batzuk ere etengabe ibiltzea eragotzi. Bere ibilaldiak bakarrik edota Ansoleaga, Eguren, Barandiaran, etab.-ekin egiten zituen, Luis de Hoyos Sainz irakaslearekin biak batera gauzatutako lana oso aipagarria izanik.

1919an Antropologia eta Etnografiaren Portugaldar Elkarteko kide urgazle izendatua izan zen; 1920an Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia Fakultateko antropologia katedraduna izan zen, bere erretiro eguna 1931an iritsi zitzaionera arte, eta 1921. urtean Antropologiako Erromatar Elkarteko kide urgazle ere izendatu zuten.

1922an Frantziara eta Alemaniara (Köln) joan zen Barandiaranekin batera eta, 1922an, Suiza eta Austriara kide berberarekin. Aipatutako urte horien artean munduko zientzia elkarteetatik izendapen berriak jasotzen ditu: Geografia Ikerketen Argentinar Elkarteko kide urgazlea eta Natura-Historiaren Felipe Poey Kubatarrekoa (1923); Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea (1924); Berlingo Arkeologia Institutuko kidea (1926); Bartzelonako Zientzien Errege Akademiaren kide numerarioa (1927), etab. Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kidea da, Natur Zientzietan eta Antropologia jakintza gaietan Espasa Entziklopediko lankidea da; Municheko Antropologia Elkarteko kide urgazlea da eta G. Humboldt, Frizzi eta Haberlandt, bezalakoen lanen -europar hizkuntzarik garrantzitsuenak ezagutzen baititu- itzultzailea ere bada.

1936an bere aurkikuntzarik garrantzitsuenetariko bat izango da: Itziarren ordura arte aurkitutako euskal burezur guztietatik zaharrena aurkitu zuen. Aurkikuntza horrek euskal biotipoaren antzinatasuna historia aurrera (magdaleniensera) atzeratzea ekarri zuen, Jose Luis de los Hoyosek adieraztera ematen digun bezala. Aurkikuntza hori bere argitalpen eta azken lan guztien xede izan zen.

Gudak eztanda egitean Bartzelonara tokialdatzen da, eta bertan hil zen 1945eko otsailaren 12an, 85 urte zituela.

Aranzadiren produkzioa ikaragarria izan zen. 300 argitalpenetik gora zenbatu daitezke, berezitasunez Euskal Herriko antropologia, etnografia eta historiaurreaz. Idazlanetariko batzuk hauek dira: RIEV, Euskal Erria, Euskalerriaren Alde, Yakintza, Munibe... besteak beste. Gainera hainbat liburu ere argitaratu zituen, esate baterako honako hauek:

  1. Estudio de los insectos vesicantes con sus aplicaciones a la farmacia, Madril, 1882;
  2. El pueblo euskalduna. Estudio de antropología, Donostia, 1889;
  3. Fauna Americana, Madril, 1892;
  4. Setas y hongos del País Vasco, 1897;
  5. Etnología, Madril, 1899;
  6. Etnografía: Razas negras, amarillas y blancas, Madril, 1900;
  7. Antropometría, Bartzelona, 1903;
  8. La flora forestal en la toponimia euskera, Donostia, 1905;
  9. ¿Existe una raza euskara? Sus caracteres antropológicos, Donostia, 1905;
  10. El yugo vasco comparado con los demás, Donostia, 1905;
  11. Memorandum de botánica descriptiva, Barcelona, 1905;
  12. "Antropología y etnología", en Geografía del País Vasco-Navarro, Lib. I, Bartzelona, 1911;
  13. De antropología de España, Bartzelona, 1915;
  14. Etnografía: sus bases, sus métodos y aplicaciones en España (en colaboracióncon Hoyos Sainz), Madril, 1917;
  15. El tipo y la raza de los vascos, Madril, 1919;
  16. Cráneos deVizcaya, Bilbo, 1919;
  17. Los gentiles de Aralar, Bilbo, 1919;
  18. Atlas de hongos comestibles y venenosos, Bartzelona, 1923;
  19. Etnografía Vasca, Iruña, 1923;
  20. Exploraciones prehistóricas de las provincias vascas, Donostia, 1928;
  21. Aperos de labranza, Bartzelona, 1930.