Pintoreak

Aldama Tejada, Antonio

1934an Laudion (Araba) jaiotako pintorea.

Erakusketei dagokienez, bere jarduna Bizkaian eta jaio zen eskualdean lekutzen da. Maiz egiten ditu erakusketak Bilboko Bay-Sala Galerian. Halaber, hainbat urtez Ramon Campo Cortazarrek Gasteizen duen Artelarre galerian antolatzen zituen udako erakusketa kolektiboetan parte hartu izan du. 1984ko irailean San Prudentzio Aretoa ofizialki bataiatzeko Aranako pintura-erakusketa handian (Arabako Probintziako Kutxarena) parte hartu zuen. Egilearen bi olio-pintura hautatu ziren harako.

Madrileko zenbait galeriatan ere izan zen ikusgai bere lana, esate baterako, Zuccaro Galerian (1999) edo Caledonia Galerian (2006 eta 2008). Bilboko Akros Galerian artista honen erakusketa ugari antolatu dira (2007, 2009 eta 2011). 2012ko abuztuan Orozkoko Museoak Orozko en el punto de mira izeneko erakusketa inauguratu zuen eta bertan Aldamak 40 pintura-pieza jarri zituen, herriko paisaia ezberdinak betikotuz.

Bere lanean paisaia nabarmentzen da. Haatik, ez ditu alboratzen bestelako genero zenbait, esate baterako, natura hila. Bere pintura koordenatu inpresionista batzuetan kokatzen da, eta formak nahiz eguneko argi-une ezberdinak aztertzen ditu. Pintore figuratibo irmoa da eta ohar ugari egin ditu Euskal lurraldearen inguruan. Nahas-mahas handiegirik gabeko eraikuntzak, non errealitateari buruzko ikuspegi atsegin bat eskaintzen duen.

  • MARRODÁN, Mario Ángel. Diccionario de pintores vascos, I libk., Bilbao, 1989, 44 or.