Eskultoreak

Aguirre Lazcano, Marcial

1841eko azaroaren 22an Bergaran jaiotako eskultore gipuzkoar ezaguna. Donostian hil zen 1900eko maiatzaren 10ean.

Bere aitak, Joaquin Aguirrek barneratu zuen eskulturgintzan. 1858an Erromara mugitu zen eta bi eskultore italiar ospetsurekin hasi zituen ikasketak, hots, Obici eta Toglettirekin. Fortuny eta Rosales izan zituen lagun, azken horren modelo ere izan zelarik sarritan. Ezaguna da, batez ere, Gipuzkoako historiako pertsonaia ugari zizelkatu zituelako; esate baterako, Urdaneta, Legazpi, Elcano, Urbieta, Churruca edota San Ignazio. Italian eskultura anitz egin zituen, horien artean aipagarri dira hauek: Bergarako Epaitegiko eraikinean dagoen Justicia, tabertina-harria erabiliz zizelkatua; Jugador de Morra (Donostiako museoan); Bandidos calabreses (Foru Aldundian); eta Pio IX Aita santua.

Azken horrekin hirugarren domina eskuratu zuen Erromako erakusketan. 1868an Donostiara itzuli zen Erroman bizi zen Austriako pintore baten alabarekin, Lavinia Wittmerrekin, ezkondu ostean. Donostiako hiriburuan industria-jardueran hasi zen, eskulturgintza alde batera utzi gabe. Garai horretakoak dira: El Cazador, Idiaquez y Señora (Donostiako hilerria); Elcano estatua (1894); Churrucari monumentua Mutrikun; San Ignaziori Loiolako eskaileretan (Madrilen Bigarren Domina Nazionala jaso zuena); Okendori egindako monumentua (1894); gerora Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko frontisean kokatu ziren hainbat irudi; eta Espartero jeneralari zaldizko monumentua egiteko proiektua.