Olerkariak

Arana Ezpeleta, Juan

Loramedi

Bedoña 1907-01-27; Donostia 1933-03-23

Urtarrilaren 27an munduratu zen, garai hartan atxabaltarra zen Bedoña auzoan urte batzuk geroago Loramendi izenordearekin euskal literaturaren eszenategira azalduko zena. Bedoñako auzotarrek Aretxabaletara baino Arrasaterako joera handiagoa -eta errazagoa- izan dutenez gero Juan haurra Arrasateko herri eskolan ikasi zuen lehenik. Gelakideen artean Jokin Zaitegi Plazaola izan zuen, hura baino zenbait hilabete zaharragoa. Juan txikia Bedoñako giro baketsuan hazi zen, landare, zuhaitz, txori eta abere artean.

Hamabi urte zituela, 1919ko udan, Bedoñatik Joxe Mari Oiartzun Aita kaputxinoa igaro zen eta hark konbentzitu zuen fraide sartzeko. Hurrengo urteko udan, beraz, Altsasuko Kaputxinoen komentura joan zen eta erlijioso bizitzan eman zituen harez geroztik Juan gazteak hil arterainoko urteak. Izen zibila egokitu behar izan zuen eta aurrerantzean Fray Joaquin de Bedoña gisa agertu zen komentu barnean. Literatura kontuetarako, berriz, Loramendi hautatu zuen.

Altsasutik Zangotzara aldatu zen ikasketekin jarraitzeko, eta prozesu horretan -hain barneratua zeukan fraide izateko ikasketei buru belarri lotu behar zitzaiela- euskara ia-ia galtzeraino heldu zen. Ahaztu egin zitzaion, behintzat neurri handi batean, eta elkar komunikatzeko zituzten zailtasunak zirela eta, gorriak eta bost pairatu zituen etxekoren bat komentura bisita egitera hurbiltzen zitzaionean. Horretaz jabeturik, damutu egin zen -batez ere gurasoei zien begirune eta maitasunarengatik- eta euskara berreskuratzeari ekin zion. Bedoñara Hondarribiatik 1926ko abenduaren 31an igorritako eskutitzean1 irakurtzen da:

"... Y ahora, para que vean que sigo su ejemplo y consejo que me dieron de aprender el euzkera, les voy a demostrar que no se me ha olvidado, sino muy al contrario voy aprendiendo mucho"

Badirudi Zangotzan zegoenean, 1925ean, burutu zuela Stabat Mater (Ama Neketsua) testuaren itzulera. Horixe bide da Loramendiren lehen lan literarioa. Esan behar da maisuki ikasi zituela latina eta grekoa eta horren testigantza utzi zuen bere obran. Aitzol zenak bere Eusko Olerkiak. 1932-ean dioenez, 1924an hasi zen Loramendi bere lehen olerkiak konposatzen eta "Zeruko Argia" aldizkarira bidaltzen. Aita Damaso Intza euskaltzaina omen zeukan gidari.

Egia aitortzera, nik ez daukat hain garbi horrela izango zenik. Eta urte haietan euskararekin zituen zailtasunetan oinarritzen naiz zalantza horri eusteko. Dena den, ez litzateke harritzekoa isilpean literatura ariketak burutu izana, gurasoei agindu bezala, ama hizkuntzan aurrerapenak egiteko. Baina, edozein modutan, izatekotan ez ziren olerkiak goi mailakoak izango. Artean Loramendik bide estua zuen euskal literaturan nabarmentzeko. Goian aipatutako eskutitzean, idazten zien gurasoei:

"Oraindik zazpi urte pasatu arren, gausa gueienak acordatzen ditut; nola astoaz Mondragora joaten nintzan; nola etortzean aitajaunak galdetzen ziran Mundrauko berriagatik; nola biorrakin ibiltzen nintzan; nola olloari jarraika chikia nintzenean, eta ala beste gauza azko ere"

Kaputxinoren jantzia 1925ean bereganatu zuen eta hurrengo urtean Hondarribiara bidali zuten Filosofia ikastera. Gipuzkoar hiri hartan eman zuen azken Gabon gauean honela idatzi zien gurasoei:

"Son las dos de la mañana; acabo de acostarme, mientras que en mi imaginación calenturienta bullen a manera de ligeras mariposas todas las impresiones y recuerdos de la simpática Noche Buena. Pero, por fin, mis ojos se cierran vencidos por el cansancio y se apodera de mi espíritu un suave y plácido sueño, en el que fui maravillosamente trasladado a mi casa paterna, a Mendibitzu, donde contemplé maravillado un cuadro encantador: primeramente vi a mi madre que sostenía entre sus brazos un Niño de extraordinaria hermosura; al lado de la madre el padre haciendo caricias al Infante y en derredor todos mis hermanitos cantándole mil coplas graciosas; allí eran de ver a Félix con su chistu, a Lucio con su tambor, a María con sus sonrisas. ¡Qué escena tan encantadora! Hasta el perro negro y el gato pardo miraban con envidia desde el sitio de mis "veinte duros"..."

"Veinte duros"-en gaineko aipamen bitxi horren nondik norakoa ulertzeko, Juan haurrak neguko gauetan lo etxeko supazterrean atsegin zuela egitea azaldu behar da. Eta amak ohera bidali nahi izaten zuen arren, hark "Ezta ehun ogerlekorengatik ere!" erantzuten bide zion, lasai-lasai.

Filosofiako azken urtea eta teologiako lehena Lizarrako komentuan egin zituen, 1928 eta 1929an. Eta 1930ean Iruñean hasi zen, teologiako beste hiru ikasturteak emateko. Errepublikako garaia zen eta urak ez zetozen bare erlijiosoentzat.

"¿Y qué les diré de la dichosa República? Que nos da harto que pensar y que si Dios N.S no se lo remedia y no nos ayuda, nos va a reventar y nos va a partir de por medio... ¡Infames y canallas! Bien pueden averiguar el odio satánico que nos tienen. Por lo mismo que tienen a la Iglesia y a Jesucristo y a Vds. también y a todos los euskaldunes..."2.

Eskutitz bera, "Arana'tar Leokadio Jaunari eta Ezpeleta'r Eulalia Andreari" bere gurasoak agurtu ondoren "Gora Jaungoikoa! Gora Euskal Herria! Gora euskaldunak! (Izen oyek sukartu bitzate gure biotzak!)" batekin hasten zen. Adierazgarria, zeharo, Fray Joaquin de Bedoñarengan ematen ari zen bilakaera kualitatiboa zela eta. Ikasketetan barrena ari zela, bere burua gero eta jantziagoa ikusten zuen Loramendik:

"...Al finado curso le dimos el remate a mediados de junio con los exámenes y tengo que decir, porque nada les debo ocultar: los hice muy brillantes, más de lo que yo mismo esperaba... Y ahora a comenzar de nuevo con frío el nuevo curso; ¡el penúltimo! El día 1 principiaremos (D.m) si no vienen a interrumpir los malditos revolucionarios..."

Eskutitz horretan ere gurasoak lasaitu nahi bide ditu, bere osasun egoera dela eta: "De salud bien... como siempre... Quizás un tanto alto de carnes..." Eta lau orrialdeko eskutitza amaitzeko albiste bat ematen die:

"Onezkero jakiñean egongo zerate Azkoitia'r Jose Luis Aita Altsasun hil zala; neroni atsekabe aundia eman zidan, lagun zintzoa baitzan. Oraingo "Zeruko Argia"n arkituko dezute neronek berari eskeñitako olerki bat (poesia). Begira zazute azkenean izen au: "Loramendi" O.M.C".

Ofizialki, beraz, egiten die gurasoei Juan semeak olerkigintzan aurrerantzean erabiliko duen izenaren aurkezpena.

1"Loramendi"-k 1926-1932 bitartean gurasoei bidalitako eskutitz batzuen kopiak eskuetaratu berri zaizkit.

2Iruñetik etxera 1931ko abuztuaren 29an bidalitako eskutitza

31933an, Urretxun, Patxi Etxeberriaren "Bost Lore" suertatu zen irabazlea; 1934an, Zarautzen, Iokin Zaitegiren "Tori nire edontzia!"; Loramendiren omenez 1935ean Bedoñan antolatu zen eta Luis Jauregi Jautarkolen "Maite Opari" titulatuak eraman zuen lehen saria.