Pintoreak

Arbide Laborde, Maria Luisa

1958an Donostian jaiotako artista.

Bilbon bizi da eta bertan garatzen du bere lan artistikoa, Bizkaian antolatzen diren ekitaldietan kolaboratu eta parte hartuz. Hala, 1991., 1992. edo 1999. urteetan hainbat lehiaketara aurkeztu da, esate baterako, Ertibil Bizkaia izenekora. Gainera, 1993/94 bitartean Bilbao Bizkaia Kutxak emandako Sormen Artistikoaren Beka jaso zuen. 1976an Filosofia eta Letrak ikasten hasi zen, baina bi urte beranduago ikasketa horiek alde batera utzi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasteko. Hala, 1983an lizentziatu zen pintura espezialitatean. Hainbat sari eta beka jaso ditu, Gipuzkoako, Nafarroako edo Bizkaiko Foru Aldundiaren, Arabako Arte Ederren Museoaren edo Bilboko Udalaren eskutik.

1991n zenbait erakusketa kolektibo egin zituen eta Nafarroako Jaialdietan ere parte hartu zuen. Horrela, bere piezak hainbat lekutan eskatu zizkioten, esate baterako, Nafarroako Gobernuak, Bizkaiko Artea 91 erakusketak, Madrilen egindako erakusketek, L'Oreal Pintura Sariak edo Ejército de Tierra 91 izeneko Sariak, eta Bizkaiko Artea erakusketan ere bere lana hautatu zuten pinturako modalitatean. Urtebete beranduago Yokohamako (Japonia) Well Aoyama Galerian egin zuen erakusketa; bertan Espainiako emakumezko zenbait pintore garaikide agertu ziren ordezkaturik. Urte berean Almeriako Biurtekoan parte hartu zuen eta 1993an bakarkako erakusketa bat egin zuen Basauriko Kultur Etxe enblematikoan. Zenbait erakusketa kolektibo egin ondoren (besteak beste, Donostiako Altxerri Galerian, Bilboko Vanguardia Galerian edo Gasteizko Amárica Aretoan), 1995ean bakarkako bi erakusketa egin zituen, bat Bilboko BBK kutxaren Aretoan eta bestea Donostiako Altxerri Galerian. Haren ostean iritsi ziren Gasteizko Trayecto Galerian egin zuen Acepciones izeneko erakusketa edo Madrileko Afinsa Almirante Galerian egin zuen Con papel izenekoa (1995). Hiru urte beranduago, berriro bakarkako erakusketa bat egin zuen Bilbon Representaciones Artísticas J.A. Lastraren eskutik eta 1999an Tolosako Jauregian ipini zen Okupgraph erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Urte hartan Ertibil Bizkaia 1999 erakusketan parte hartu zuen beste artista batzuekin batera. Erakusketa ibiltari hark, besteak beste, Basauri, Portugalete, Bilbo, Gorliz edo Sestao zeharkatu zituen. 2001ean Madrilen egin zuen erakusketa, Arco azokako Arabako Arte Ederren Museoaren standean, eta baita Abanto-Zierbenako Kultur Etxean ere, Pornografía conceptual izeneko erakusketan. 2006an Beca Juan de Otaola y Pérez de Saracho: 1990-2005: obra actual erakusketan parte hartu zuen, Basauriko Kultur Etxean. 2007an Iruñeko Zitadelan Dentro, fuera, extraño izeneko bakarkako erakusketa paratu zuen.

Bere lana hainbat bildumatan aurki daiteke, esate baterako, Nafarroako eta Bizkaiko Foru Aldundietan, Poteseko Año Jubilar Lebaniego Fundazioan (Kantabria), Arabako Arte Ederren Museoan eta Bilboko Udalean. Hainbat urtez diseinu-eskolak ematen aritu zen Bilboko zenbait ikastetxetan eta, aldi berean, diziplina horretan lorpen zenbait pilatu zituen. Adibide batera, 1998an Bilboko Inauteriak iragartzeko kartel irabazlea egin zuen.

Malus Arbide inolako trabarik gabe murgildu da artearen eremura objektuak eraiki edo irudiak sortzerakoan,eta bere obraren barnean diziplina anitz ikus ditzakegu. Pintura, eskultura edo grabatua kontsumo-gizarte garaikideak eskatzen dituen materialekin gainjarri eta nahasten ditu. Etengabeko bilaketa da berea, batez ere, erabiltzeko euskarriari dagokionez. Gehienetan kamuflajerako oihalak eta material plastiko ezberdinak erabiltzen ditu estanpatu edo gainean pintatzeko baliabide gisa. Berariaz bilatzen duen modulu baten edo ugariren errepika gauzatzeko baliatzen ditu, arte zinetikotik edo pop art mugimendutik (eta ehunaren diseinutik) oso hurbil dauden efektu optikoak sortuz.