Olerkariak

Arregi Diaz de Heredia, Rikardo

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia Gasteizen sortu zen 1958ko urriaren 4an. Salamancan Psikologia eta Magisterio ikasi zituen, eta Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Gasteizen. Ogibidez irakaslea, alorreko irakaskuntza publikoko hainbat lanpostutan lan egin du, eta baita sindikalgintzan ere.

Zenbait poema liburu argitaratu du. Hala nola, Hari hauskorrak (Erein, 1993) eta Kartografia (Alberdania, 1998), biek Espainiako Kritikaren Saria jaso zutelarik. Kartografia obrak gaztelaniazko bertsioa du: Cartografía (Bassarai, 2000), Gerardo Markuletak itzulia. Gainera, Arregiren poemen antologia bat Koldo Izagirrek zuzendutako "XX. mendeko poesia kaierak" bilduman aurki daiteke: Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Susa, 2000) eta 1999an Esperoan izeneko poema bilduma txikia argitaratu zuen Taiala aldizkarian (4. zenbakia, 1999ko maiatza). 2005ean Erein argitaletxeko Poetikak & Poemak liburuan parte hartu zuen, beste poeta batzuekin batera, poesiari buruzko testu teoriko batekin eta ordua arte argitaratu gabeko poema batzuekin.

Arregi Diaz de Herediaren poemak gaztelaniaz, galegoz, portugesez, eslovenieraz, ingelesez eta alemanez argitaratutako euskal poesiaren antologietan; gaztelaniaz argitaratutako berrienak dira Montañas en la niebla-Poesía vasca de los años 90, DVD argitaletxean eta Orfeo XXI-Poesía española contemporánea y tradición clásica, Llibros del Pexe argitaletxean.Ingelesez, berriz, Six Basque Poets, Arc Publications delakoan, 2007an. Hainbat poema solte ere argitaratu dizkiote aldizkari espainiar, italiar, galestar, letoniar, aleman, austriar, paraguaitar, portuges, belgikar eta holandarretan, baita online aldizkari europarretan ere, Transcript kasurako.

Letra-lagun batzuekin lankidetzan "Volgako Batelariak" izeneko literatura bloga sortu zuen 2005ean, eta geroztik artikulu batzuk argitaratu ditu bertan. Gainera, iritzi artikulu ugari idatzi ditu hainbat hedabidetan, batez ere Euskaldunon Egunkarian, Hegatsen, El Periódico de Álava-n eta Mugalari gehigarrian.

Itzulpengintza ere landu du: Wyslawa Szymborska idazlearen lanen itzulpena egin du beste itzultzaile batzuekin lankidetzan, portuges poetak (Sophia de Melo, Eugénio de Andrade, Jorge de Sena) eta beste poeta eta idazleak, hala nola, Dennis Cooper edo Roberto Arlt. Literature Across Frontiers erakundeak gonbidatuta, itzulpen lantegietan parte hartu du Eslovenian, honako poeta hauek itzultzen: Brane Mozetic (Eslovenia), Karlis Verdins (Letonia), Jacek Dehnel (Polonia) eta Cathal Ó Searcaigh (Irlanda). Ernestina de Champourcin-en poemen antologia bat ere euskaratu du: Poesia Antologia-Antología poética (Arabako Foru Aldundia, 2005).

Arregi Diaz de Herediak Bitan esan beharra (Kritikaren Saria 2012) bere azken poesia liburua aurkeztu zuen Alberdania argitaletxearen eskutik, Donostian 2012ko abenduan.