Auzoak

Angiozar

Angiozarren San Miguel eliza ikus dezakegu: nabe bakarrekoa, abside oktogonala duena, 1594an trazatutako eta 1624an gauzatutako egurrezko gurutze-gangak dituena, oinean XVIII. mendeko dorre bat altxatzen delarik. Hartako portadak (1556an Andres de Menchacak egina) aparteko aipamena merezi du: apaingarrietan aberatsa da, egituraren goialdeko horma-hobietan San Juan eta San Lucas ageri dira, arkuartean Pasioaren elementuak dituzten aingeruak ageri dira, errematearen bi aldeetara kokatutako medailoietan San Pedro eta San Pabloren bustoak daude ikusgai; gorenean Aita Betikoa kokatzen da, San Miguel, eta hura inguratuz aingeru musikariak. Barnean esnearen Ama Birjina topa dezakegu, XV. mendeko azken urteetan edo XVI. mendearen hasieran egina. Erretaula nagusian, berriz, San Miguelen irudik bat dago, XV. mendekoa. San Cristobal ermita eraikin sinplea da, nabe bakarrekoa; hau ere egurrezko ganga batekin hornitua eta sarbide modura Andre Mariaren irudi bat (XV: mendearen bigarren erdikoa) duen arku zorrotza. Halaber, aipagarriak dira Elizamendi eta San Bartolome ermitak. Batez ere, lehenengoa, nabe bakarrekoa eta kanoi-ganga ageri duena. Horrez gain, egurrezko eliz ataria dauka. Irigoien Zabala 1784an eraikitako baserria da, Irigoien Mazorriaga baserriak berriz, bi arku dauzka fatxadan. Eduegi baserrian erdi puntuko hiru arkuz osatzen den karrerapea ikus dezakegu, nahiz eta zati hori hasierako eraikinari erantsitakoa izan; izan ere, baserria 1520 eta 1530 bitartean eraiki zen eta XVIII. mendearen hasieran berritu eta handitu egin zen. Amuskibar baserria ere azpimarragarria da: oin angeluzuzena dauka eta fatxadan erdi puntuko hiru arkuz eratutako karrerapea, eskuinaldean. Eraikinaren egungo itxura 1732koa da.

ICE