Kazetariak

Atxaga Fernandez, Mikel

Kazetaria eta idazlea. Urnietan (Gipuzkoa) jaio zen 1932ko abuztuaren 25ean eta Donostian hil zen 2009ko irailaren 10ean.

Saturrarango seminarioan egin zituen lehen ikasketak. Ondoren, filologia eta teologia ikasi zituen Gasteizen eta Donostian. Aizarnan eta Usurbilen apaiz izan zen.

1963an eta 1966an liburu bana argitaratu zituen; Gaztetxo eta Ezkontza bidean, hurrenez hurren, eta geroago egin zituen adierazpenen arabera, "garai hartako erlijio-ikuspegi zorrotzetik idatziak". 1968tik 1976ra hainbat entziklopedia euskaratu zituen. 1974an apaiz izateari utzi eta kazetaritza-lanei profesionalki ekin zien. Zazpi urtez aritu zen euskarazko Zeruko Argia aldizkarian, editorialak idazten, elkarrizketak egiten eta artikuluak idazten. Goitizenak ere erabili izan zituen; hala nola "Errialde", "Mutiozabal", "Irastortza" eta "Iraola".

1975ean, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

1978an Deia egunkaria sortu zenetik 2007ra arte, kazetari-lanetan ibili zen bertan, iritzi-artikuluak berridazten eta informazioak, erreportajeak eta elkarrizketak egiten. Iritzi-artikuluetako batzuk Deiadarrak (1993) liburutik bildu zituen. Hurrengo urteetan bi liburu argitaratu zituen Sabino Arana Fundazioaren laguntzarekin; lehenengoa, Eusko Alderdi Jeltzalea eta euskarari buruzkoa, EAJ eta euskara. Ehun urteko bide malkartsua; eta, bigarrena, XX. mendearen zati handi batean euskararen alde egindako jarduerei buruzkoa, Gerra aurreko eta ondoko euskalgintza.

1997an Eusko Jaurlaritzak sustatu eta editatutako Bidegileak bildumaren zuzendari lanei ekin zien. Euskararen aldeko lanean nabarmendu diren pertsonen biografiak biltzen dituzte bilduma horretan.

1998an, Andoaingo Udalak Rikardo Arregi kazetaritza-saria eman zion eta 2009an Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen.

Egindako lana eta euskal kulturari egindako ekarpena eskertzeko, 2009ko apirilaren 1ean omenaldia egin zioten Donostiako Miramar jauregian.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Mikel Atxagari buruz.