Eskultoreak

Alba Rico, Nicolás

1963an Madrilen jaio eta Euskal Herrian bizi den eskultorea.

Eskultore modura nabarmentzen da, burdina landuz. 1981ean Faenza Eskolaren beka jaso zuen eta 1985ean beste beka bat jaso zuen Zeramikako Eskola Nazionalean, biak Madrilen. 1990. urtean Banestoren Arte Plastikoen bekarako hautatu zuten. Sarritan lan egin du marrazketa- eta eskultura-irakasle modura Madrilen, Alcala de Henares (Madril) eta Donostian. 2002-2003 ikasturtean emakumeei zuzendutako galdaragintza artistiko funtzional eta dekoratiborako ikastaro bat eman zuen, Urola-Kostako Mankomunitateak antolatuta.

1985. urtetik bakarkako erakusketak egiten ditu Madril, Santander, A Coruña, Bartzelona edota Iruñean. Bere bakarkako azken erakusketak hauek dira: 1999an Zumaiako Oxford Aretoan, 2000. urtean Zarautzeko Torre Luzea Aretoan, 2001ean Gasteizko Eduardo Dato Aretoan, 2002an Zumaian berriro eta 2004an Donostiako Paupa Galerian. 2006an Madrileko Newton Galerian. 2007an Donostiako MKM Galerian eta Azirako Kultur Etxean (Valentzia). Azenik, 2008an Iruñeko Zitadelako Mistoen Pabiloian.

2002an Zumaiako Oxford Aretoan egindako erakusketan artistak bi gai jorratu zituen nagusiki, lerroak erabiliz: musika eta haizea. Bere eskulturak estilizatuak dira beti eta artista bera harriturik azaltzen da "burdina horren arina izan daitekeelako, grabitatea desafiatzeraino". Artistaren hitzetan, bere asmoa "egoerak sortzea da eszenografiak bailiran, sentsazio baten liparra, sentsazio hori mina, maitasuna edo beste edozein izanik ere. Norberaren bizitzako uneen segida erakutsi nahi dut".

2004ko apirilean Donostiako Paupa Galerian egindako erakusketan burdinazko hainbat eskultura aurkeztu zituen berriro. Material horrek oso erakarpen berezia sorrarazten du bere lanetan, izan ere, burdina lantzen duten eskultore handien (Julio Gonzalez kasu) iturrietatik isurtzen den lengoaia plastiko bat baliatuz eszenaratze pertsonal bat eraikitzen du eta bertan bolumenak, hutsuneak, argiak eta itzalak protagonismo nabarmena dute.

Halaber, erakusketa kolektiboetan parte hartu izan du, esate baterako, Agoitzen (Nafarroa) 1997an, Donostiako Arteko Galerian 1998an eta Donostiako Ekain Galerian 2002an. 2004an berriro erakusketa bat ipini zuen hiri horretako Opportunity Gallery izenekoan eta 2007an beste erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen Iruñeko Pintzel Galerian.

Bere piezak hainbat leku publikotan daude paraturik, esate baterako, Winchesterren (Ingalaterra). Madrilen ere baditu leku publikotan bi eskultura, bat Homenaje a Manuel Azaña izenekoa (1990) eta bestea Homenaje al Cuerpo de Bomberos izenekoa (1992). Bere lanak aurki daitezke Malagako Unibertsitateko Funts Artistikoetan (1996), Lisboako Cervantes Institutuan (1998), Zumaiako Foronda Funts Artistikoetan (1999), Lisboako Vagoseko Industrialdean (2002), Aizarnazabaleko Udalean (2004). Billabonako Mintzola Fundazioaren fatxadan (Gipuzkoa) ere Corten altzairuz egindako bere eskultura bat dago, eta 2009. urtean El cazador de palabras izeneko eskultura paratu zuen Cortesen (Nafarroa).

Artistak hasiera batean artisautzaren munduarekin lotutako ikuskera bat zuen eta, beranduago, batez ere 90eko hamarkadaz geroztik, eskulturan murgildu zen. Serie geometrikoak eta figuratiboak txandakatzen ditu eta horietan lerroak garapen nabaria hartzen du. Bere eskulturek forma harmoniatsu, iradokigarri eta ederrak marrazten dituzte espazioan. Horietan argi suma daiteke teknika menderatu eta zorroztasunez erabiltzen duela eta materiala ere zehatz-mehatz hautatzen duela: beti burdina erabiltzen du.

Bere obraren ezaugarrietako bat arintasuna da. Hala, piezak oso sotilak dira eta, zenbaitetan, badirudi hegan daudela, kordatu eta altxatu egiten direla berezko dantza bat marrazteko, non koherentzia eta indarra eskultura poetiko bilakatzen diren.

Informazio gehiago Nicolás Alba Ricoren web-orrian.