Politikariak eta Kargu publikoak

Aznar Sarachaga, Santiago

1903ko abuztuaren 3an Abandon (Bilbo) jaiotako politikari bizkaitarra. 1979ko maiatzaren 19an hil zen Caracasen.

Arte grafikoetako aprendiz modura hasi zuen lan ibilbidea. Lanbide horrek tradizio luzea zuen sozialisten artean.

Bere aitak XX. mendearen hastapeneko greba batean parte hartu zuen eta, horren ondorioz, Gracia y Cía fabrikatik bota zuten. Horrela, bien artean tailer txiki bat ireki zuten. Gerora kontseilari sozialista izango zenak gauez ikasi egiten zuen eta, horrez gain, Langileen Batasun Orokorreko (UGT) militante izan zen Metalaren Sindikatuko Zentroan. 1921eko zatiketa komunista gertatu zenean, Aznar Gazte Sozialistekin geratu zen eta Primo de Riberaren Diktaduraren ondorioz herrialdea utzi behar izan zuen.

1926an itzuli eta bereizitako sindikalismo sozialista batzen saiatu zen eta Aunosek bultzatutako komite paritarioetan ere parte hartu zuen. Demokrazia eta Errepublikarako trantsizioan idazkari izan zen Bizkaiko UGT berrian.

Errepublika gailendu zenean Bilboko zinegotzi izateko hautatu zuten, artean Erregeari irain egiteagatik auzipetua zegoela. Ehun Sekzioko idazkari nagusia zen eta Komite Nazionaleko kidea ere bai. 1934an udaletxeen mugimenduan espetxeratu egin zuten gogotik astindu ostean. Lehenik eta behin Larrinagan eta, ondoren, Altuna Mendi ontzian. Dena den, bigarren horretatik ihes egin zuen. 1936ko otsailean Bilbora itzuli zen Fronte Popularrak hauteskundeetan izandako garaipenaren ospakizunetan parte hartzeko.

Altxamendu militarra jadanik agerian zegoenez, alderdi sozialistak Bizkaia hornitzeko armen bila bidali zuen Eibarren, errepublikanoen gotorlekuan. 1936ko urriaren 7an Eusko Jaurlaritza eratu zen Gernikan eta gerra piztu zenean Agirrek Industria kontseilari izendatu zuen. Egindako lanari esker Euskal Herriko zonalde errepublikanoan industria martxan mantentzea lortu zuen.

1937ko ekainean Bilboko Defentsa Batzordea eratu zuen Juan de Astigarrabia eta Jesus Leizaolarekin batera, matxinatuak plazan sartzean suntsiketa gehiagorik egin ez zezaten. Trucios, Santoña, Frantzia eta Bartzelonan zehar bidaiatu zuen gobernuko gainerako kideekin elkartzeko asmoz. 1942ko apirilaren 14an Marseillatik irten zen, Frantzia erdia alemaniarren mende zegoenean.

1946. urtera arte Mexikon babestu zen. Urte hartan Parisera jo zuen dimisioa ematera eta, Agirrek hala aginduta, Londresera mugitu zen. 1943an A todos los socialistas vascos. Fijando posiciones izeneko manifestu laburra argitaratu zuen Mexikon. Zenbait alderdikidek euskal nazionalisten aurrean jarrera otzanegia izana leporatu zioten (Anasagasti eta Koldo San Sebastian: Santiago Aznar y la crisis del socialismo vasco (1939-1946)), Historiako Sekzioko Koadernoa, 10. zenbakia, Eusko Ikaskuntza, 1988).

1948ko maiatzaren 14an Venezuelan finkatu zen. Horrenbestez, funtzio publikoak alde batera utzi zituen. 1955. urtera arte Elite aldizkariko gerentea izan zen.