Politikariak eta Kargu publikoak

Astigarrabia Andonegui, Juan

1901eko azaroaren 20an Donostian (Gipuzkoa) jaiotako politikaria. Familia liberal eta sozialista (Gipuzkoako lehenengotarikoa) batean hazi zen. 1989ko martxoaren 4an hil zen Donostiako Zorroaga egoitzan.

Hiru urtez Nautika ikasi ostean, itsaso ezberdinetan barna bidaiatu zuen marinel modura.

Gaztaroan Alderdi Komunistan afiliatu zen (Euskal Herriko eta Nafarroako Federazioa) Zapirain anaiekin batera. 1924-1925 bitartean izan zituen alderdiarekin lehen harremanak (eraikuntzaren alorrean). Langileen Sozietateko Tokiko Federazioko kide izan zen. Espainian zehar bidaiatu zuen alderdirako taldeak sortuz.

1931n II. Errepublika iristean Pasaiako Arrantzaleen Sindikatuan lan egiten zuen idazkari gisa, Donostiako zoritxarreko martxa antolatuz. Berak antolatu zituen sindikatuen hitzaldiak Federazioaren ordezkari modura. 1932an Alderdi Komunistako Exekuzio Nazionaleko kide izateko hautatu zuten eta Sevillako Kongresuan parte hartu zuen. 1934an Euskal Herriko eta Nafarroako Federazioko idazkari izendatu zuten. 1934ko matxinadaren ostean klandestinitatean bizi izan zen, ANV alderdiko kide baten etxean gordeta. 1935ean Bilboko Kongresuan parte hartu zuen eta Moskura bidaiatu zuen Leandro Carro eta Santiago Carrillorekin batera, Nazioarteko Kongresu sozialistara bertaratzeko asmoz. Han asaldatu egin zen Kongresuak Aljeriaren gainean hartu zuen jarrerarekin.

Sarritan kolaboratu zuen La Antorcha argitalpenean, eta baita 1933an sortutako Euskadi Roja izenekoan ere.

Euskal "auzi nazionalari" eta autodeterminazio-eskubideari zegokienez, Pi eta Margal politikariaren pentsamendua onesten zuen:"nire ustez muga bat zegoen, eta muga hori (ni Pi y Margalen zale ere banintzen) Federazioa zen. Eta hori Espainiako Alderdi Komunistak Federazioa Estatu berria egituratzeko arautzat onartu aurretik pentsatzen nuen. Trantsizio modura autonomia onar genezakeen, hori jadanik aukera argiagoa zen" (Protagonistas de la historia vasca (1923-1950), Eusko Ikaskuntza, Historiako Sekzioko Koadernoak, 1984); (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bera izan zen, Defentsako Batzordeetako kide izaki, Eusko Jaurlaritzako Herri-lanetako kontseilari kargua hartu zuen komunista bakarra. 1936ko urriaren 7an gertatu zen hori, Alderdi Komunistaren ordezkari gisa aipatu karguaz jabetu zenean. Jesus Larrañagarekin batera nazionalismoaren alde egiteaz eta Bizkaiaren erorketa ahalbidetzeaz leporatu zuten Ramon Ormazabal eta haren inguruko sektoreek. Horren ondorioz, 1937an Alderdi Komunistatik kanporatu zuten. Urte hartako azaroaren 15ean, jadanik Bartzelonan zegoela, Gobernua utzi zuen, bere alderdikideen mehatxuek bultzatuta. Dena den, alderdiko zenbait kiderekin harreman onak izaten jarraitu zuen.

Erbestera jo zuen. Panama izan zen lehen jomuga. Han bere familiarekin bizi izan zen (21 urte) eta bere alderdian sartu zen berriz ere. Ondoren Kubara jo zuen (20 urte). Bere burua "eurokomunista" berritzaile gisa ikusten zuen, Santiago Carrilloren pentsamendutik urrun beraz.

1980an itzuli zen bere herrira, erbestean 42 urte eman ostean. Iritsi bezain pronto Euskadiko Ezkerra alderdian afiliatu zen eta hartako Ohorezko Presidente izendatu zuten.