Arkitektura

Donostiako Renfe tren geltokia

Donostiako Renfe tren geltokia "Iparraldeko Geltokia" bezala ezagutzen da gehiago. Izen horrek beste hau laburtzen du: "Espainiako Iparraldeko Burdin-bideen Konpainiaren Donostiako Geltokia". Aipatutako konpainiak altxa zuen eraikina 1863an, Madril-Irun trenbidearen baitan.

Geltokia Frantzia Pasealekuko 22. zenbakian dago, Egia auzoaren eta Urumea Ibaiaren artean, Maria Cristina zubiaren parean. Trenbideen eta ibaiaren artean geratzen den lur eremu estuan eraiki zen. Horrela kokatua, luzeran garatzen da ibaiarekiko paraleloan, ipar-hego norabidean, fatxada nagusia ekialdera eta Urumea Pasealekuko lorategiei begira duela.

Eraikina bakarka agertzen da. Altuera txikiko eta estilo klasizista jarraitzen duen pabiloia du oinarri, denborarekin handituz eta eraldatuz joan dena. Estazioaren gunea osatzen duen multzoak hotel bat ere badu barne, XIX. mendeko azken urtetakoa, ostean haunditua izan dena baita ere.