Arkitektura

San Joan Bataiatzailean eliza. Agurain

San Joanen eliza Aguraingo hiriguneko bazter batetan dago kokatuta, eta Andre Maria elizarekin batera ardatz nagusia osatzen du, Aguraingo hirigintza egitura antolatzen duen ardatza alegia. Hiri egitura berezi hau Alfontso X.a Gaztelako erregeak hiribilduari 1256an emandako foruari esker eratu zen. Garai hartakoak dira jatorrizko bi elizak, erregearen babespean eraikiak.

Andre Maria eliza bezala, San Joanena ere XV. mende bukaeran eta XVI.aren hasieran eraiki zuten, eliza zaharraren gainean. Biak dira gainera eliza-gotorlekuak, harresiaren hormaren gainean eraikiak eta funtzio defentsiboa betetzen dutenak. Horrexegatik Aguraingo bi elizek dute erronda-pasealeku ederra eta bertatik lautadako zati handi bat ikuskatu daiteke. San Joanen elizak kanpoaldetik gotorleku itxura mantentzen du: horma lodi eta sendoak, oso leiho gutxi, kontrahorma irmoak, burualdean saeterak eta aipatutako erronda-pasealekua, Santa Mariaren elizakoa baino zabalagoa.

Oinplano laukizuzeneko eliza da, hiru habearte ditu, erdikoa altuagoa eta zabalagoa delarik. Habearte bakoitzak zazpi tarte ditu, guztiak gurutze-gangaz estaliak. Harresiaren gainean eraikita dagoenez oinplano berezia dauka, espazio jakin batetara moldatu behar izan zelako. Horregatik dauka burualde laukizuzena eta ez poligonala, garai honetan ohikoa den bezala. Burualdearen atzean girola karratu bat dauka gainera. Oinplano honek egiten du berezia eliza.

Fatxada nagusiak plaza batetara irekitzen da eta barruko egitura islatzen du. Erdiko gorputzak, albokoak baino altuagoa denak, kontrahorma bat du alde bakoitzean, goian erronda-pasealekua dekorazio gotikoz betea eta beheko partean portiko barrokoa. Alboetako habearteen hormak aldiz, baxuagoak dira eta soilak, dekoraziorik gabeak. Batek errosetoi bat du eta bestearen gainean dorrea altxatzen da.

Portiko barrokoa XVIII. mendeko 30. hamarkadan eraiki zuen Ignacio de Ibero arkitekto ezagunak. Oinplanotik ateratzen da eta ikuslearengana hurbiltzen da, barrokoak gustuko duen legez. Loiolako San Inazioren basilikaren antza dauka planteamenduan eta Italiako Barrokoko oihartzuna antzematen zaio. Pentagonala da eta bere hiru alde erdi puntuko arku batzuk zulatzen dituzte. Dekorazio eskasa du eta horma dinamizatzen duten elementuak ditu soilik: pilastra batzuk, triglifo eta metopadun friso bat eta armarri batzuk alboko hormetan. Armarri batek San Joan ebanjelariari egiten dio aipu, kaliz bat eta dragoi bat irudikatzen dituelako, eta besteak aldiz San Joan Bataiatzaileari, bildots bat baitu. Biekin Agurainen debozio handiko santuak ziren bi San Joanak omentzen dituzte. Portiko hau frontoi triangeluar batekin burutzen da eta bertan dago elizaren zaindari den San Joan Bataiatzailearen irudia, nitxo barroko baten barruan. Portiko honek elizaren horman irekitzen den sarrera zaharra babesten du, txaranbeldua dena. Azkeneko arkibolta konopiala da eta kardinez inguratuta dago, errematean gurutze bat duelarik. Elementu hauek adierazten duten bezala, gotikoa da, elizaren garaikoa alegia.

Dorrearen oinarria ere gotikoa da, soiltasunari eta kontserbatzen diren leihoei erreparatuz. Goiko zatia 1564ean erre zen eta XVII. mendean eraiki zuten berria, gaur egun ikusi daitekeena. Oinplano karratua du eta horma dinamizatzen duten elementu bakarrak pilastra batzuk dira, goiko partean moldura bat dutelarik. Pilastra bakoitzaren gainean piramide bikoitza dago.

Barrualdean estetika gotikoa mantentzen du, baina orokorrean oso soila dela esan daiteke. Apaingarri gutxi ditu, adibidez kapitel batzuk eta gangetako giltzarriak, Ama Birjina, Ebanjelariak edo aingeru, armarri eta inskripzio batzuk dituztenak. Nabeen altuera ezberdinak ematen dio izaera gotikoa, bai eta gurutze-gangek eta arku zorrotzek ere. Elementu sostengatzaile bezala gurutze oinplanoko koloma batzuk ditu, eta gangetako nerbioak bertaratzen zaizkio, gotikoan ematen den euskarria sortuz.

Barrualdean oso deigarria da erretaula nagusia. Barrokoa da baina arkitektura gotikoaren espazioari egokituta dago, garaiko arkitekto barrokoek espazio jakin batetarako diseinatzen zituzten eta. Eliza honen kasuan, erretaula barroko klasikozale da, eta 1646tik aurrera egin zuen Mateo de Zabalia arkitektoak, Juan Ladron de Guevara y San Roman erudituak lagundua. Bi gorputz eta atikoa ditu eta bertikalki hiru kale ditu. Egitura oso garbia dauka, txukuna, hizkuntza klasikozale modu ortodoxo batean erabiltzen baitu. Kutxetan Pedro de Obrel pintore flandestarrak egindako pinturak daude. 1650 inguruan egin zituen eta San Joan Ebanjelaria eta Bataiatzailearen bizitzako pasarteak irudikatzen ditu.

Eliza honek baditu atxikitako kapera pribatu oso interesgarri batzuk. Egin ziren lehenengoak dira Karmengo Amaren kapera (edo Santa Cruz kapera) eta San Gregoriorena, bikiak direnak. Horretarako elizaren iparraldeko hormak ireki ziren 1598tik aurrera. Karmengo Amaren kapera Juliana Diaz de Santa Cruz andreak fundatu zuen. Emakume hau Juan de Ugalde erregearen fiskalaren alarguna zen orduan eta bere sendiaren hilobia izateko erosi zuen. Bigarren kapera aldiz, Juan Sanchez de Vicuñak ordaindu zuen. Biak oinplano karratua dute, eta tertzeletezko ganga aberats eta apaingarriak dituzte. Kanpoaldetik biak dute hizkuntza manierista: garaipen arku bat balitz bezala, erdi puntuko arku bat da sarbidea, pilastra ildaskatu klasiko batzuk dituzte alboetan, eta goian frontoi semizirkular ireki bat -detaile oso manierista hau-, eta erdian familiaren armarria duen kasetoia, Michelangeloren diseinuen eragin argia duena. Biak daude burdin hesi manierista bikiekin itxiak.

Elizaren beste aldean, iparraldeko horman, San Frantziskoren kapera dago. Francisco Zumalburuk 1609ean lagundu zuen eta arestian azaldutakoen egitura bera dauka honek ere. Ez dakigu zeinek diseinatu zituen kapera hauek, baina arrakasta izan zuela argi dago. Duten itxuragatik pentsatu dezakegu Lope de Larrea eskultore aguraindarra edo haren gertuko norbait izango zela, hark egiten baitzituen garai honetan obra manieristarik garrantzitsu eta modernoenak. Gainera hiru kapera hauen barruan Lope de Larrearen erretaulak daude, patroien irudiekin, beraz ez litzateke harritzekoa artista bikain honen tailerretik eta bere kontrolpetik atera izatea kaperaren diseinua ere.

Kapera pribatu hauetan dauden erretaulez gain badaude gehiago ere, fededunen behar liturgiko eta deboziozkoak asetzeko egiten zirenak. Aipatzekoak dira Estibalitzeko Ama Birjinaren erretaula Miguel de Zozayak 1661an egindakoa, edo Pietatearen erretaula, Lope de Larreak egina 1597tik aurrera. Badaude gainera XVIII. mendeko hainbat erretaula eta eskultura bikain ere.

Eliza hau XV. mendearen bigarren erdialdean eta XVI.aren hasieran Euskal Herrian eraikitzen zen eliza gotikoen eredua da. Gotikoaren heldutasun faseko ereduak mantentzen ditu, XIV. mende bukaeratik indarrean zeuden ereduak alegia, hiru nabeak altuera ezberdinean eraikiz adibidez. Duen gotorleku funtzioak bere forma ere erabakitzen du, harresiaren gainean eta horma sendoekin egin behar baitzuten nahitaez. Arkitektura gotikoari dagokionez, soil xamarra izanik ere, eredu ederra dela esan dezakegu.