Arkitektura

Muskildako Andre Mariaren baseliza. Otsagabia

Muskildako ermita Otsagabia bera kokatua dagoen mendiaren gailurrean dago, hirigunetik bi kilometrotara, gutxi gora behera. Multzo arkitektonikoa baselizaz eta ermitauaren etxeaz osatua dago, azken hau XVIII. mendeko etxea delarik. Hiru solairuko altuera du, eta bi isurialdeko teilatuarekin estalita doa, bi limekin muturretan. Hormak kareztatuak daude, harlanduzko kateekin, eta leihoak zuzenak dira, atea erdi puntuko arkua den bitartean.

Baseliza XII. mendekoa da, XVII, XVIII eta XIX. mendeetan eraldaketa nabarmenak jasan dituen arren. Oinplanoak hiru nabe ditu, bakoitza hiru ataletan banatua, eta burualdea zuzena da, honi itsatsita sakristia eta gainerako dependentziak kokatzen direlarik. Jatorriz, hala ere, burualde hau absidiala zela esan ohi da. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekitzen da, bigarren atalean, eta beste ate xumeago bat dago oinaldean. Barnealdean ere murruak kareztatuak doaz, harlanduzko kateekin izkinetan, eta burualdean irekitzen diren lau leiho modernoekin zulatuta daude, behar bezalako argiztapena bermatzeko.

Nabeak sekzio zirkularra duten fuste motzeko zutabeekin bereizturik doaz. Erdiko nabea kanoi gangarekin estalita dago, lau angeluko sekzioa duten erdi puntuko arku fajoi sendoekin indartuta. Alboko nabeetan, berriz, bultzadak orekatzen eta bideratzen laguntzen duten kanoi laurdeneko gangak daude. Kasu honetan, fajoiak pilastren eta murruan sartuta dauden mentsulen gainean doaz. Sakristiak eta ondoan dagoen gelak ertz-gangak jaso zituzten.

Kanpoaldean, dorrea erdiko nabearen lehen atalaren gainean dago. Fuste motza du, zurezko egitura duen tramaketa batekin, hutsuneak harlangaitzez eta igeltsuez beteta doazelarik. Teilatu altu konikoa du, zurezko oholtxoez egina. Hormetan leiho zirkularra dago, eta oinetan lehen aipaturiko ate sekundarioa dago, erdi puntukoa eta bi arkibolta molduratuekin. Kanpotik alfiz itxurako moldura batekin apaindua doa, eta giltzarrian honako inskripzio hau irakur daiteke: "1671/ IHS MARIA HIZO HAZE/ R LA VA DE/ OCHAGA". Tenpluaren ate nagusiari dagokionez, abozinamendu zabaleko erdi puntuko arkua da, tinpanorik gabekoa, arkuaren zeihartasuna lau angeluko sekzioa duten lau arkiboltekin bideratuta. Bola batzuekin apainduta daude, eta apaindurarik gabeko moldura batek kapitela jarraituaren papera jokatzen du.

Barnealdean erretaula nagusia ikus daiteke, presbiterioan kokatuta eta burdin sare gotiko batekin babesturik. Barrokoa da, Pedro de los Ríos zangozarrak egina, eta bankuan dagoen inskripzioak informazio zehatzak ematen ditu: "ESTE RETABLO HIZO HA/ CER LA VILLA DE OCHAGA/ VIA EN EL AÑO 1672/ EL RETABLO ANTERIOR/ A /ESTE HIZO HAZER LA VILLA/ DE OCHAGAVIA EN EL AÑO DE 1412". Bankuaren gainean hiru kaleko bi atalekin, gehi atikoa. Zutabe salomondarrekin egituratua dago. Alboko kaleetan XVII. mendeko oholaren gaineko pinturak daude, honako ikonografia hauek bereiz daitezkeelarik: Mendekoste, Magoen Gurtza, Amabirjinaren Heriotza eta San Joseren Heriotza. Erdiko nitxo nagusian Muskildako Andre Mariaren irudi gotikoa dago, XIV. mendekoa edo hurrengo mendearen hasierakoa. Erdiko kalean ere Jasokundearen irudia dago, eta Gurutziltzatu bat, biak Erromanismoaren garaikoak. Ondoko gela batetan erretaula neoklasikoa dago, 1808 urtekoa inskripzio baten arabera, eta sakristian urregintza lan batzuk.

  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.). Catálogo Monumental de Navarra, vol. IV**, Merindad de Sangüesa, Jaurrieta-Yesa. Pamplona: Gobierno de Navarra, Arzobispado de Pamplona, Universidad de Navarra, 1992, 493 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando. Ermitas de Navarra. Pamplona: C.A.N., 1983, 181-183, orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.). Navarra, guía y mapa. Estella: C.A.N. 1983, 182, orr.