Poesia

Olerkiak. Jean-Baptiste Elissamburu

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Klasikoen artean klasikotzat jo daiteke Elissamburu saratarraren obra, bai prosari (Piarres Adame, 1886) bai poesiari dagokionez. Hamaika haurrez osaturiko sendiaren hamargarren, Elissamburu zazpi urterekin umezurtz geratuko da, eta Sarako Harizmendiko etxeko jauna zen aitabitxiari esker Larresoroko apeztegian ikasketak egin ahal izango ditu. Bertan, euskal kulturarekiko atxekimendua eransteaz gain, Gratien Adéma ("Zalduby") ikaskidearekin adiskidetuko da, saratarraren heriotzaraino iraungo duen harreman sendoa izango dutelarik biek, nahiz hau "gorria" izan eta bestea "xuria". Apezgoak erakarri ez eta frantses armadan sartuko da Elissamburu 1849an. Karrera militarra eta poetikoa batera eramango ditu 1860etik aurrera hainbat lehiaketa poetikotan esku hartuz, gehienetan ezizen literarioen babespean. 1881ean armada utziko duen arte hierarkia militarrean gora egingo du, Kapitaina izatera iritsiz. Jaioterrira itzulita eta bake-epaile bihurturik, Euskal Herriko bizitza politikoan eta literarioan murgilduko da.

Iparragirre (1820-1881) garaikidearen antzera, Elissamburuk (1828-1891) ere obra labur bezain arrakastatsua ondu zuen urteetan zehar. Hamalau olerki (guztiak kantatuak izateko paratuak, autoreak musikaz horniturik utzitako eskuizkribuan) dira, apokrifoak bazterturik, modu ziurrean egotzi ohi zaizkionak, hauetatik hiruzpalau Euskal Herri osoan segituan hedatu eta gaurdaino herrikoi izaten jarraitzen dutenak. Haatik, Iparragirre baino olerkari landuagoa dela beldurrik gabe esan daiteke, askorentzat (Koldo Mitxelenarentzat, konparazione) hizkera literarioaren benetako maisua eta bertsifikatzaile paregabea delarik.

Hamalau olerkiok irakurri ahala poetaren bizitzaren arrastoak -oso modu sotil eta zeharkakoan barreiatuak- bildu ahal izango ditu irakurleak. Eta esan daiteke horretan dela, besteak beste, gure autorea "klasiko". Garaiko giro erromantikoak eraginik izan badu bere poemagintzan (bereziki gaien aukera egiteko orduan edota olerkien tonalitatean), niaren erabilera nagusi izanagatik oso neurtua da -klasikoa hortaz, hitz honen zentzu ahistorikoan- bere inplikazioa. Olerkirik autobiografikoenak, behar bada, egilearen lehen arokoak dira. "Eritegian" izenekoan, adibidez, armadako bizitzaren xehetasunak ageri dira eta urte berean (1860) idatzitako "Gazte hiltzera doana" olerkian umezurtz baten bizi-minaren berri ematen digu, irudien konposizio zainduak (lurrera bidean auhenka doan ur xirripa, lore sortu orduko histuak) ez diolarik ezer kentzen azaleratzen diren sentimenduen indarrari. "Etxahun" Barkoxekoak utzitako olerki autobiografiko gordin eta lotsaizunik gabeekin erka bitez Elissambururenak, azken honen klasikotasunaz dioguna hobeki ulertzeko.

Darabiltzan eredu metrikoei bagagozkie, esan daiteke euskal tradizio poetikoaren mugetatik at ibili ez den arren, bilakaera bat izan duela Elissamburuk . Antza, sariketa literarioetako epaimahaiek indarrean jarritako irizpideen eraginez eta, ausaz, bere luma onduz joan delako ere bai. Hastapenetan hamahiru silabako laukoa bazerabilen kasik beti eta tarteka bertso plurirrimoak egitera ausartzen bazen, pixkanaka ahapaldi monorrimoak baizik ez ditu egingo (Duvoisinek hala agintzen omen zuen) eta, aldiz, bertso-lerroak luzatu eta bariatu egingo ditu aldika lantzen duen gaiari egokitu asmoz, eta lantzean behin arrafinamendu handiko ereduak landuz (maitasun idealizatu bati buruz ari den "Aingeru bati" olerkian legez).

Elissambururen obra poetikoa bere biografiari lotzea badago, hein bateraino bederen, eta aitortu egin behar zaio naturaltasun handiz eta beharrezkoa den distantziaz (edo elegantziaz, nahiago bada) txertatzen dituela direlako biografema horiek garaian modan zegoen kanon erromantikoan. Edo, perspektiba aldatuz, garaiko korronteei -eta Lore-jokoetako arauei-, hots, aldiko irakurleria-entzuleriaren igurikimen zerumugari egokituz, lanei betiere ukitu pertsonala eransteko gaitasun harrigarria erakusten duela esan daiteke. Horrela, aldi berean pertsonala eta unibertsala izatea lortzen duen poeta baten aitzinean gaude. Hortik, agian, bere arrakasta itzela, bereziki herriarekiko atxekimendua adierazten duen olerkiekin.

Olerki multzo honetan sailka ditzakegu "Agur herriari" (1863) fina, "Xori berriketaria" (1869) herriminaren malenkonia dariona, "Eskuara eta eskualdunak" (1880) poema historiko-alegorikoa eta, nola ez, "Nere etxea edo Laboraria" (1862) famatua. Hiru olerki hauetan, oso modu ezberdinean, baina herrizaletasuna agertzen du poetak (ez diogu abertzaletasuna, beherago azalduko dugun arrazoiarengatik). "Agur herriari" da, behar bada, hiru hauetatik pertsonalena eta baita idazkera aldetik originalena ere. Herrira itzultzen ari den norbaiten aldartearen xehetasunak deskribatzen dizkigu, olerkian zehar hainbat elementu pertsonifikatuz, hala herriko ezkila, nola narratzailearen beraren bihotza, lirismoa delarik nagusi. Benetako izenburuari nagusitu zaion "Ikusten duzu goizean..." incipit famatuarekin hasten den "Nere etxea" olerkian halako perfekzio bat iristen du idazle saratarrak. Izadiaren ziklo bat bailitzan, betiereko errepikapen harmoniatsu baten gisan aurkezten digu Elissamburuk euskal laborariaren bizitza. Bakhtinen zentzuan idilio erregionalistatzat jo dezakegun testu honen gunean, bere lurren jabe den laborari zoriontsu bezain paradigmatikoa aurkitzen dugu -Peru Abarkaren ondorengo zuzena, bidenabar-. Eta ez da bakarrik bere etxearen edo lurren jabe, familia perfektu baten jabe ere bada (bi seme-alabei eta emazteari ahapaldi bana eskaintzen dizkie laborari-narratzaileak, etxaldeko animaliei edo lanabesei beste, eta hurrenkeran azken hauen ondotik!). Bere biziaz harro dago baserritarra, berea duen munduaren erdigune sentitzen duelako bere burua, eta asetasun sentipen hori olerkiaren egiturak berak bermatu egiten du. Kopla nagusiz (zazpiko simetriko ere deitua) idatzitako testu hau hamar ahapaldi ezin erregularragoz osatzen da, zenbaki honek sinbolizatzen dituen osotasuna eta ziklo batean ostean batasunera itzultzea testuaren edukiaren isla formala bihurtzen delarik. Errealismoari bizkar emanez, laborantzaren alderdi positiboak baino ez ditu hartzen aintzat. Garai hartako testuinguru demografikoan bi seme-alaba bakarrik izateak gauza arraro samarra dirudi, baina funtzio oso sinplea dauka: semea aitaren "klon" bat bezala aurkezten zaigu eta alaba, bere aldetik, amarena. Zilegi da, hortaz, pentsatzea, belaunaldiz belaunaldi hausturarik eta aldaketarik gabe errepikatuko den egoera perfektu eta orekatu bat aurkeztu nahi izan digula autoreak olerki-kosmogonia honetan. Esan ohi da munduaren ikuspegi kontserbatzailea garraiatzen duela olerki honek (baita zuzenki eta esplizituki politikoak ez diren Elissambururen olerki gehienek) eta hala da. Gorria izatea ez bide zetorren kontraesanean -garai hartako euskal gizartearen testuinguru mugatuan- tradiziozaletasunarekin edota erlixioarekin. "Eskuara eta eskualdunak" poeman, berriz, nazio zaharraren toposa berpizten du Elissamburuk (bere olerkirik ahulenetakoan). Euskararen apologisten tradizioari jarraiki, Orreagako bataila gogoangarria eta arbolaren sinbolo foruzalea darabiltza (bera foruzalea ez den arren!) herriaren batasunera deitzeko. Baina, lehen iradoki dugunez, Elissambururena herrizaletasuna da, ez abertzaletasuna, Unamunori aurrea hartuz intrahistoria eta historia bereiziko balitu bezala. Politikaz nahiz ideologiaz mintzo zaigunean (eta baditu halako olerkiak ere, nahiz ez diren, jakina orain arteko hauek bezain kontsentsualak), izan ere, Frantzia baitu ezpainetan.

Horrela, armadaren barrutik hainbat kanpaina bizi ondoren, Frantziak Alsazia eta Lorrena galtzen dituenean "Biba Frantzia" (1873-1874) sutsua idazten du, eta urte gutxi beranduago "Lehen eta orai" (1879) errepublikaren aldeko panfleto poetiko bikaina aurkeztuko du Donostiako lore-jokoetan, aldi berean hauteskunde kanpainan buru-belarri sartuta ikusten dugularik.

Azkenik, bada hirugarren ildo poetiko bat Elissambururen obran, bizitzaren filosofia orokorrago batekin zerikusia duena. Zuhurtziaren bidea erakusten digu, adibidez, Piarres Adame eleberrian txertaturik (eta pertsonaia eponimoaren ahotan emana) agertzen den "Zapataina edo Gizon zuhurra" (1882) olerkian. Daukan apurrarekin zoriontsu izaten jakitean datza zuhurtzia Elissambururentzat, eta zorigaitzari irria ezpainetan begiratzen jakin behar da. Aholku hau bere buruari aplikatu diola ere esan daiteke zeren hainbat olerkitan (eta baita bere leberri bakarraren orrialdeetan zehar) umorearen bitartez heltzen dio bizitzari, irakurleari gizartearen deskripzio alaiak, ironikoak eta epikurismoz beteak eskainiz.

Horregatik guztiagatik, erromantizismoaren alde iluna, euskal letretan orokorki gertatu denez, ez da batere agertzen saratar olerkariaren obran, idazlea ez delako inoiz gizarte burges baten kontzientzia txarraren adierazle bihurria (gizabanako burgesak, Elissambururen garaikide den Baudelaire-ek "anaia hipokritak" izendatzen dituen horiek, bere etxean plazer bihurri beraz irakurtzen zuena), baizik eta herriko plazan "irakurria" zen herri osoaren bozeramaile ahal bezain trebea.