Kontzeptua

Bitxigintzako grabatzaileak

Bitxigintza eta zilargintzako lanbideen artean aipagarria da grabatzaileena. Langile hauek letrak, testuak eta irudiak grabatzen dituzte oroitzapen plaka, eskaintzadun plaka, bitxi, kopa eta bestelako trofeotan nahiz erloju, eraztun eta bestelako bitxietan, gehienetan urrezko, zilarrezko edo letoizkoak. Lan hori eskuz egiten dute, formazko beranekin materiala moztuz eta atereaz. Horrela, ildo batzuk egiten dituzte, irudia osatuz. Irudi horien erliebea nahiko ondo definitua egoten da, eta horregatik grabatua hondoratuagoa egoten da.

Artisau horiek langile autonomo gisa aritzen dira gehienetan. Bitxi-denda eta erloju-dendetatik enkarguak jasotzen dituzte, beren bezeroak eskatutakoa betetzeko. Askotan lantegia etxean bertan izaten dute. Bertan, ondo argitutako lan-mahai bat izaten dute, baita eskuzko tresna ugari ere.

Era berean, Gipuzkoako armagintza eskualdean, artisau asko espezializatu dira grabatuan. Horiek denak hiru taldetan sailka daitezke: suzko armetako apaindura grabatuak (eskopeta eta pistoletan), bai ziztada bidez, bai erliebe bidez egindakoak. Gehienetan, animalien edo landareen irudiak izaten dira. Bigarren taldea, burdin edo altzairu gainean urrea zuzeneko txertaketa bidezko grabatuena edo damaskinatuena da. Hau da, ez da beharrezkoa ildoak egitea. Hirugarren taldea, berriz, industria-grabatuena da. Talde honetan estanpaziorako eskuzko puntzoiak egiten dituzte, zenbaki, alfabeto eta marka anagramadunak. Horrez gain, trokelaketa eta trokelgintzan ere aritzen dira. Hauetako batzuek bitxiak eta zilarrezko piezak ere egiten dituzte.