Kontzeptua

Bizikleta biraderen forjariak

Arrasate, Elgoibar eta Eibarrek eratzen duten eremua oso ospetsua izan zen iragan mendeko hogeiko hamarkadaren erdialdera arte, armagintzak bertan izan zuen nagusitasunagatik; gertakizun horren ondorioz, eskualde horri "armagintza eskualdea" deitu izan zaio.

Data horretatik aurrera, ordea, bizikletak fabrikatzen (GAC, Orbea, Beistegui) ere hasi ziren, batez ere Eibarren. Hala, eskualdeko industria dibertsifikatzen hasi zen politiko eta enpresari askok nahi zuten bezala, kontuan izan behar baita arma eskariak nazioartean gorabehera handiak izaten dituela, arma eskaria beti dagoelako herrialde bakoitzeko muga-zergen politika babesle edo liberalen mende.

Bizikleta fabrikazioa, beraz, berrikuntza handia izan zen, baina erronka berriari aurre egitea ez zen erraza izan, alde batetik, ordura arte ezagutzen ez zen teknologia erabili behar zelako, eta bestetik, askotan ohitura eta tradizioak hautsi behar zirelako.

Nolanahi ere, baziren bi zirkunstantzia aldaketa horren alde jokatu zutenak. Alde batetik, Eibarren bakarrik, hirurehunetik gora lantegi ari ziren metala eraldatzeko zereginean eta beste berrogeita hamar bat lantegi laguntzaileak, gainera baziren bost galdaketa eta hiru burdinola edo ferreria ere, gehienak armagintzan ari zirenak. Bestetik, Eibarren frantziar teknikari (Saint-Ètienne eskualdekoak; horko industri bilbea Eibarkoaren antzekoa da) multzo handi bat zegoen, bizikletak fabrikatzen eskarmentu handikoa. Jarduera honetan ari ziren Eibarko enpresetan, zalantzarik gabe jatorri frantsesa duten hitz asko daude, gaur egun horietako batzuk bertakotzat jotzen badira ere.

Aipatu beharrekoa da, halaber, Eibarko beharginen prestakuntza eta abilezia handia. Langile horiek, eskura zituzten produkzio baliabideetako asko pieza berriak eta zailak egiteko egokitzen jakin zuten.

Bizikletak egiten hasi zirenean, piezarik zail eta garrantzitsuenetako bat biradera zen, hau da, pedala eta ardatza elkartzen dituen pieza, "pedalier" ere deitzen zaiona. Era askotako biraderak egiten ziren (funtsean eskuin eta ezkerrekoak), baita tamaina askotakoak ere. Pieza horiek forjaz lortzen ziren, hots, metalezko pieza goriei kolpeak emanez. Eibartarrek bazuten eskarmentu nahikoa lantegi horretan, eta horrek asko lagundu zien pieza berriak fabrikatzeko. Lana gogorra zen oso, bai eskatzen zuen esfortzu fisikoagatik bai lan egiteko baldintzengatik.