Kontzeptua

Sarde-egileak

Burdina aldian aldiko eskakizunaren arabera eraldatzea Oñatiko biztanleen gehiengo handi baten ohiko jarduera izan da, duela laurehun urtetik gorako agirietan ikus daitekeenez. Burdina eraldatzeko jarduera horretan erremintak eskuz egiteak, batez ere nekazaritzakoak, berebiziko garrantzia izan du. Eta gaur egun jarduera hori hain garrantzitsua ez bada ere, oñatiar batzuk jarduera horretan dihardute.

Oñatin egiten dituzten erreminta horietako bat sardea da. Hasiera batean sardea egurrezko pieza bakar bat izan ohi zen, eta gero bi piezaz egiten zen: palo luze bat (giderra) eta mutur batean altzairuzko pieza bat loturik (sardea); horrek nork berak nahi duen adina hortz izaten ditu. Gure inguru hurbilean sardea, unean uneko egokitzapenekin, Oñatin baino ez da egiten. Erraz esan daiteke Europako gainontzeko herrialdeetan ere ez direla asko sardea eskuz egiten duten herrialdeak.

Sardea fabrikatzeak, gaur egun modu industrialean egiten badira ere, ezagupen eta abilezia bereziak eskatzen ditu, eta horretarako denbora asko behar izaten da. Gainera, sardearen pisua ingurumen baldintza gogorretan erabili behar izateak esfortzu fisiko ikaragarria eskatzen die langileei.