Kontzeptua

Itsasontzien modelogileak

Modeloak, hainbat gauza edo ondasunen neurri txikiko errepresentazio gisa hartuak, garai guztietan erabili dira. Itsasoarekin loturiko lanetan ere aspaldi-aspaldidanik erabiltzen dira, batez ere itsasontziak eskala txikian egiteko. Jarduera honetan espezializatutako eskulangile eta artistak itsasontzi modelogileak dira.

Hasiera batean itsasontzi modeloek izaera errituala zutela onartu ohi da; gaur arte aurkitutako aleak ugari dira. Beharbada esanguratsuenak Ur-eko zilarrezko ontzia (3.000 urte K.a.), Kaldean aurkitua, eta Tutankhamonen hilobian aurkitutakoak izango dira. Ale hauei eta beste batzuei eta erliebeei esker, nahikoa ongi dakigu nolakoak ziren antzinako itsasontziak.

Itsasoko gizonen erlijio sentimendutik jaiotako zinopari edo ex votoak ere garrantzitsuak izan dira itsasontzi modelogintzaren historian. Promesen ondorio direla jotzen da, batez ere arrisku egoerak gainditzean nabigatzaileek eginiko promesena. Batzuetan itsasontzian bertan egiten zituzten, modelogileek erabili ohi zituzten baliabideak gabe, formetan ongi islatzen den moduan. Antxon Agirre Sorondok azpimarratu egiten du horien garrantzia, oso modu zehatzean bildu baititu Gipuzkoako eliza eta ermitetan zintzilikatutako itsasontzietako batzuk.

Itsasontzi modeloak, duela gutxiko garaietara arte, itsasontziak ekidatzeko unean ere erabili izan dituzte. Osorik, zatika, krosko erdia edo sekzio bat fabrikatzen zuten, planoak egiteko ere balio zuten planoak falta zirelarik, eta baita diseinua eta formak aztertzeko eta proiektua bera hobetzeko ere. Autore batzuek diotenez, garai batean eskatzaileek arotz ontzigileei eman ohi zieten ekidatu beharreko ontziaren modelo edo eredua. Gaur egun, batzuetan eskala txikiko erreprodukzioak egiten dira, ontziolek eskaturik, armadoreari oparitzearren. Hauek apaingarri gisa erabiltzen dira.

Aipatu beharrekoak dira, halaber, botiletan sartutako itsasontzi modeloak, gaur egun garrantzi handiko espezialitate izatera iritsi dira eta. Badirudi hauen sorburuan modeloak itsasontzian bertan egiten zituzten nabigatzaileen nahia zegoela, zeren eta itsasontziak zabuka-zabuka zihoazenean modeloak botiletan sartzen zituzten, babestearren; izan ere, kutxa sinple bat besterik ez zeukaten bere gauzak gordetzeko.

Itsasontzi modelogintzak maila aipagarria du gure herrialdean. Historian zehar itsasontzi ugari ekidatu da garaian garaiko teknologia baliatuz, eta asko dira gaur egun ere itsasontziak muntatzen eta dekoratzen dituzten zaleak. Era berean, oso garrantzitsua da iraganeko itsasontzien kopia zehatz-zehatzak eraikitzen dituzten eskulangile eta artisten kopurua; normalean museo eta bildumagileentzat aritzen dira, eta horrek ikerkuntza lan itzela eragiten die. Honi erantsi behar, inolaz ere, bakar-bakarrik maisuen eskuek duten trebezia paregabea.