Dantza

Antiguako Ezpatadantza

Urtez urte, uztailaren 2an, 10:30etan Irrintzi Dantza Taldeko dantzariak Antiguako ermitara amabirjina gurtzera sartzen dira, ondoren, atera egiten dira. 11:00etan Antxiñako Ama txistulari taldeak "Segurako Zortzikoa" doinua joaz saindutegira sartu eta beraien atzetik apaizak eta dantzariak joaten dira. Dantzariak aldarea aurrean dutela Zumarragako Ezpata Dantza dantzatzen dute (ezpatekin eginiko dantza, saindutegi barruan egiten den bakarra).

Dantza amaitu ondoren saindutegiaren inguruan prozesio txiki bat antolatzen da, Antxiñako Ama txistulariek "San Ignazio Martxa" jotzen duten bitartean. Ondoren baselizara itzultzen dira herritarrak meza entzuteko asmoz.

Meza amaitzean, baselizaren aurrean Gizon-Dantza dantzatu eta ondoren Ezpata-Dantza errepikatzen da. Oraingo Ezpata Dantza honi "kalekoa" deritzo, dantzariak ez baitira belaunikatzen, eta Gipuzkoako Ezpata Dantzaren oso antzekoa da. Ekitaldi santuak bukatu ostean erromeriari bide ematen zaio txistulari eta bazkari herrikoiarekin.

Arratsaldeko zortziak inguruan, txistulariek zortzikoa jotzean, korporazioa amabirjinarengana hurbiltzen da agurra ematera eta herriranzko jaitsiera hasten da, igoerako protokoloari jarraituz. Udaletxean autoritateei berriro arkua egiten zaie, eta hauek balkoian azaldu bezain laster, Ezpata-Dantza egiten da.

Abuztuak hamabostean, Andramari Jasokundearen egunean, amabirjinaren aurrean protokolo hau errepikatu egiten da.

Azken 40 urte baina gehiagotan zehar, Irrintzi Dantza Taldeko mutil gazteek dantzatu duten dantza da hau. Eta ezpata dantzariak aukeratzeko moduak aldatuz joango ziren ziurrenik. Gaur egun, 14 urtetik gorako gazteek dute zumarragatarrontzat zein dantzarientzat horren berezia den dantza hau dantzatzeko aukera. Adinaz gainera, urtean zehar helduen dantza taldean izandako inplikazio eta parte hartzea hartzen dira kontutan urteko ezpata dantzariak zein sokako dantzariak aukeratzeko unean.

Bestetik, esan beharra dago orain arte beti mutilek dantzatu duten dantza bat izan dela, baina nork daki, posible da laster nesken txanda ere iristea, gaur egun, dantza taldean behintzat, ez baitago desberdintasunik neska zein mutilen artean.