Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Historiaurrea

Arestian esan bezala, Europa Mendebaldeko eta Erdialdeko hainbat giza talde hona iristeak (K.a. 2. milurtekoa bukatzear), bertoko populazio zaharrean eragin zuen, eta gizarte konplexuagoak sortu. Garai haiek, dirudienez, ez ziren oso baketsuak izan; izan ere, herri eta herrixka gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; gainera, erraz defendatzeko asmoarekin, akzidente topografiko aproposenak hobesten zituzten harresi egokienak altxatzeko.

Arabako eta Nafarroako populazioa, oro har, herrixka harresituetan bizi zen. Garaiera gutxiko muinoetan eraikitzen ziren herrixkok, ibaietatik eta iturburuetatik hurbil. Halakoetan nolabaiteko antolakuntza antzeman daiteke: batzuetan, kaleak gorabehera topografikoen arabera egin zituzten, eta, besteetan, leku sestratuagoetan, hiri-oinplano garatuagoak erabilita.

Etxebizitzak, funtsean, bi oinplano jarraituz eraiki zituzten: errektangeluarrak edo antzekoak, eta zirkularrak (Araban, bakarrik). Lehendabizikoak gehiago erabili ziren Arabako eta Nafarroako eremu gehienetan. Eraikitzeko orduan, harria erabili zuten oinarrietarako, adoba hormetarako, eta zura habeak eta zutoiak osatzeko. Maiz, oinplano errektangeluarrezko etxebizitzek barne-banaketa izan ohi zuten, eta etxe-barruak atseginago izateko asmoz, supazterrak, aulkiak eta beste hornidurak izaten zituzten. Labeak etxetik kanpo, pareta baten alboan, adoba erabiliz eraikitzen ziren.

Nekazaritzan eta abelazkuntzan (ardiak, ahuntzak, behiak eta txerriak) oinarrituriko ekonomia eman zen. Aurrerantzean, euren dietan, gero eta gehiago kontsumituko zituzten nekazaritza-elikagaiak.

Brontzezkoak egiten zituzten apaingarriak (fibulak, botoiak, eskuturrekoak, jostorratzak, koilareak, eraztunak, torkeak...), armak (ezpatak, aizkorak eta sastagaiak) eta lanabesak (burruntziak, iragaztontziak eta tapagailuak...). Metalurgiaren ezagutza frogatzeko aztarnak (moldeak, labeak, mea-sarra, e.a) maiz agertzen dira indusketetan (Arabako (Peñas de Oro, Kutzemendi, Henaio, Lastra eta La Hoya; Nafarroako Alto de la Cruz, La Custodia e.a.). Burdinaren metalurgia beranduago ezagutuko da, eta metal berria ez da ugari eta erruz erabiliko Bigarren Burdin Aroa etorri bitartean.

Tornua geroago ezagutu zutelako, zeramikazko ontziak eskuz egiten ziren; ondoren, aire librean utzi edo tenperatura ez oso altuko labeetan egosten zituzten. Hala ere, bada kalitate aldetik desberdintasunik: dotoreen ondoan (jateko ontziak, erraustontziak...), zabarrak direnak aurkituko ditugu (biltontziak eta sukaldeko beste ontziak).

Hiri eta herrixketan bizi zen populazio mota horretaz gainera, bazen aspaldidanik sustraitutako beste bat: haitzuloetakoa, artean ugaria zena ipar isurialdeko eremuetan.

Zenbait giza taldek behar propioak bakarrik asetzen zituzten. Garapen maila altuagoa zutenek, ordea, merkataritzaren lehen urratsak eman zituzten. Indusketetan eta bestelako lanetan aurkituriko aztarnek askotan urrutiko merkataritza-harremanak iradokitzen dituzte: Axtrokiko (Eskoriatza) urrezko kaikuak Europa Erdialdekoak dira jatorriz.

Hileta errito erabiliena gorpuen errausketa zen. Ondoren, errautsak cromlechetan (mairubaratzak, jentilbaratzak...) edo erraustontzi-alorretan lurperatzen zituzten. Lehenak, zutarriz inguratutako zirkuluak (3-10 m diametro) dira. Barnean, bai lurrontzi edo kutxetan (zistak), bai lurrean indusiko zuloetan, hildakoen errautsak beren hatu xumeekin uzten ziren. Eraikuntza horiek multzoetan agertzen dira Gipuzkoako, Nafarroa iparraldeko eta Euskal Herri kontinentaleko mendi-lepo eta gailurretan. Cromlechekin batera, batzuetan, horien parte bat osatuz eta beste zenbaitetan isolaturik, menhirak (sanson harri, errolan harri, irun harri...) egon ohi dira. Erraustontzi-alorretan, berriz, (La Torraza, La Atalaya, La Hoya...) hil errautsak eta hatu aberatsagoak (botoiak, fibulak...) lurperatzen ziren.

Nafarroako erdialdean eta Ebro arroko eremuetan, Iberiar kulturaren eraginez zeltiberizazio prozesua gertatu zen. Hortik Iparralderantz zeltiberizazio hori hondatuz eta hondartuz joan zen apurka.

Tornua ezagutzeak forma eta tamaina berriko zeramika gehiago ekoiztea bultzatu zuen. Zeramika horiek eta zenbait kutxatxo gai geometrikoez apaintzen zituzten. Pisu-neurriak eta ustez kontabilitaterako bolatxo batzuk ere zeramikazkoak egin zituzten.

Burdin metalurgia garatu zuten, zenbait lanabes eta arma egiteko. Hala ere, apaingarriak brontzez egiten jarraitu zuten, nahiz eta, diseinu berriez apaindu. Etxegintzan eta urbanismoan hobekuntzak sumatzen dira.

Bizimodu berriaren adibideak Ebro arroko hiri eta herrixketan dauzkagu, esaterako La Hoyan. Gainera, hiri batzuk, labore ekoizpenean oinarritura, merkataritza-gune garrantzitsu izatera ailegatu ziren. Nahiz eta ipar isurialdean "hirigintzaren" lehen hastapenak eman (Intxur, Buruntza, Basagain, Marueleza, Kosnoaga...), Ebro aldetik iparrera urruntzen garen heinean, badirudi garapen prozesua motelagoa izan zela.

Historiaurrearen amaieran Burdin aroko mundu kulturalak erromatartze prozesuarekin topo egin zuen. Lurraldeari buruzko lehen aipamen idatziek ez digute bertoko informazioa gehiegi argitzen; idatzietatik zera iradokitzen da, eremua tribuetan banatuta zegoela.