Dantza

Gasteizko zortzikoa

Gasteizko bertako soka-dantzaren bertsioa dugu hau. Deskripzio zaharretan oinarriturik, hiri horretako Indarra Euskal Kultur Elkarteak sortu zuen 1987an, eta 2004tik aurrera Ama Birjina Zuriaren egunean, Gasteizko jai egun nagusian, udalaren aurrean dantzatzen da urtero.

Dantza hau sortzeko gehien erabili izan den deskribapena 1778koa da, Jean François Peyron bidaiari frantsesak eginda. Honen arabera, alkateak tonua ematen zuen dantza hasteko, eta neskek alde batetik eta mutilek beste batetik, eskuak zapien bidez lotuta, dantzak eta bueltak egiten zituzten. Pixkanaka bi taldek bat osatzen zuten elkarrekin fandango bat egiteko (Santoyo 1972, pp. 160-161 eta 271-272). Izenari dagokionez, Joaquín Jiménezek, bere Kintxu de Bela ohiko goitizena erabiliz, aipatzen du adibidez (1983, p. 252) zortziko izena bai 1840an bai 1901ean, azken urte honetan "serio y ceremonioso" adjektibo zehatzekin. Nafarroako zonalde batzuetan, eta hain gertu dagoen Sakanan bereziki, hitz hau da hain zuzen ere gehien erabiltzen dena soka-dantzak izendatzeko.